Fermin Agirrezabala, motorzalea umetatik

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2019ko urt. 30a, 12:58

Aitarengandik jaso zuen Fermin Agirrezabala txaramarrak motorrekiko zaletasuna; 1966. urtean hasi zen motokrosean eta 1977. urtea bitarte ibili zen lasterketaz lasterketa.

Txikitatik gustatzen zaizkio motoak Fermin Agirrezabalari (Txarama, 1943). Aitari Kartero deitzen zioten, Araxes paper-fabrikako enkarguak egiten zituelako, eta harengandik jaso zuen afizioa. Txaramako Errota-gain etxekoa da, Leaburuko partean, baina Altzo, Lizartza eta Gazteluko lurretara pasatzeko oso pauso gutxi eman behar ditu.

Aita Lasarten egiten ziren moto karrerak ikustera joaten zen eta etxean anaia zaharrenak zuen motoa. Hamabi urte zituela Iruñera bizikletaz joan zen lasterketa bat ikustera Takoneran, aita eta anaiarekin. Hurrengo urtean, 13 urterekin, Donostiako Amara auzoan egin zen beste batera joan zen, motoek ondoan sidekarra zutela gainera, auzo berria egin aurretik. Lasterketa haietan parte-hartzaile guztiak atzerritarrak omen ziren, hemen ia ez baitzegoen motorik. Motokrosa hasi zenean ere lehen urteetan atzerritarrek besterik ez zuten parte hartzen.

Lanean Andoaingo karrozeria batean aritu zen eta han hasi zen motoak probatzen, atseden orduetan, San Roke ermitatik Buruntza aldera, eta igande goizetan lagunekin. 1965eko argazkia badauka, Ostiral Santukoa, Herniora joan zenean motoz Polikarpo lagunarekin Zelatundik barrena. Bi mila pezetatan erositako Ossa bat zen, 125 cc-koa.

Hurrengo urtean, 1966an, hasi zen motokroseko karreretan parte hartzen. Asteasun utzi zioten Bultaco Sherpa moto batekin atera zen, baina deposituko kanila irekitzea ahaztu eta geratu egin zitzaion. «Ireki eta arrankatu nuenean tiraldia eman zidan eta buruz behera erori nintzen, kateak hankako behatzeko azkazala harrapatuz. Hantxe bukatu zen nire karrera», gogoratu du.

Ibarran San Bartolome jaietan kirol elkarteak antolatzen zituen lasterketatan parte hartu zuen hainbat urtez Bultaco moto batekin eta bera agertzen den argazki ugari daude, tartean Ibarra Grafikak lantegiak atera dituen egutegietakoak. Kanposantu eta Molpoido aldera egiten zituzten igoerak ikusgarriak izaten ziren eta jende asko biltzen zen. Hemen inguruan Anoetan, Ikaztegietan, Andoainen eta Villabonan egindako karreretan ere parte hartu zuen, azken honetan bigarren geldituz. Urretxun, Donostiako Kontxa hondartzan, Errenterian, Usurbilen, Jaizkibelen, Tuteran (hirugarrena izan zen), Logroñon eta Frantzian ere ibili zen, baina gehien Bilbo inguruan ibili zen Agirrezabala: Zalla, Algorta, Artxanda...

«Hemengo probetan zorte txarra izan nuen beti, beti zerbait gertatzen zitzaidan. Bilbo ingurukoetan hobeto ibili nintzen, baina han beti Jose Angel Mendibilek irabazten zuen, Espainiako txapelduna izan zena», aipatu du. Mendibil faltatu zen bitan, Espainiako Txapelketara joan zelako, irabazteko aukera izan zuen, baina orduan ere zorte txarra izan zuen motoarekin, behin Gernikan. «Gehien nenbilen garaian istripua izan nuen, pistoia puskatu zen, belauna bihurritu nuen eta ligamenduak hautsi. Gero klinikan hanka izorratu zidaten», adierazi du.

Bigarren eta hirugarren postu batzuk irabazi ondoren, moto karreretan lortutako garaipen bakarra etxe inguruan izan zen, 1975ean Amarotzen Jose Mari Anzak antolatu zuen Ollaungo Igoeran, Montesa batekin. Kopa eta lore sorta eskuratu zituen. Horren aurretik Tolosan izan omen ziren moto lasterketa batzuk, Pedro Irazusta alkatea zela, bera ere oso motorzalea baitzen.

Tolosaldean motokrosen korritzen ibili zirenak ez ziren asko: Jose Ramon Ayerza tolosarra, Benito Lasa ibartarra, Jose Mari Otaegi (Tolosako Eguzki taberna izan zuena) eta Agustin Arretxe asteasuarra… Dena den, urte gutxitan ibili omen ziren, gastu handiak izaten zirelako eta utzi egin zutelako. Proba batzuetan berrogei lagunetik gora izan ziren parte hartzen. «Nik jarraitu nuen nire kontura. Ez ginen batere prestatzen, baina sasoian geundenean ondo ibiltzen ginen», dio Agirrezabalak.

1977an ezkondu zen Fermin Agirrezabala eta horren aurretik utzi zuen motokroseko lehia. Aurrerago mendiko bizikletan ere ibili zen, hainbat zeharkalditan parte hartuz, adibidez Mendikute elkarteak Erroizpe aldera antolatzen zituenak. Astigarragan beterano mailako saria eman zioten. Arrantzan ere urte askotan federatu da eta lehiaketatan parte hartu du kopa ugari irabaziz. Eta ehizan «lardaskan» aritzen omen da.

Familian ez da kirolari bakarra: Joaquin anaia zaharrena txirrindularia izan zen eta afizionatu mailako probetan aritu zen eta Jose Mari korrikalaria izan zen, Lasarteko krosean Zatopec etiopiarraren atzetik ibiliz eta gipuzkoarren artean aurrean ibiliz, Fernando Aguilar eta Jose Miguel Maizekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!