Hiru belaunaldiz fruta eta barazkiak saltzen daraman familia baten historia da iriartetarrena. Maximo Barranco eta Victoriana Ruiz Berdura plazan hasi ziren janari-denda batean, duela ia mende bat. Bere alaba Luciak jarraitu zuen azokatan saltzen Jose Iriarte senarrarekin batera eta orain euren seme Jose Luis Iriartek jarraitzen du bere arrebaren eta bi semeen laguntzarekin. Azken horiek laugarren belaunaldia osatzen dute. Familia ezaguna da Tolosaldean, betidanik jendeari kalitateko produktuak saltzen aritu dena, bezeroari tratu ona emanaz.
Soriako Fuentestrun herritik Tolosara etorri ziren ezkonberritan Maximo Barranco eta Victoriana Ruiz, eta janari-denda jarri zuten Berdura plazan. Ia mende bat atzera egin behar da. Fruta, barazkiak, kontserbak… denetatik saltzen zuten. Donostiako Atotxako merkatutik ekartzen zieten salgaia. Askotan, baserritarrekin trukean aldatzen zituzten janariak. Cadizeraino (Andaluzia, Espainia) ere joaten omen ziren trenez, merkatu beltzeko kafe bila. Urte askotan Malagatik (Andaluzia, Espainia) ekarritako palmondoak saldu zituzten Erramu egunerako. Ordiziako azokara gurdi batekin eta bi zaldirekin joaten omen zen saltzera. Bost seme-alaba izan zituzten: Lucia, Santiago, Jesus, Dominica eta Amaia.
Lucia Barranco Jose Iriarte pasaiatarrarekin ezkondu zen eta azoketan fruta eta barazkiak saltzen hasi ziren. Bere bi anaiak Berdura plazan gelditu ziren, denda itxi zen arte (oraindik izena han dago jarrita, Orus drogeriaren ondoan), eta Amaiak arrandegia izan zuen Abastos plazan. Egunero azokan aritzen zen bikotea: Azpeitia, Orio, Hernani, Ordizia eta larunbatetan bi egiten zituzten, goizean Tolosa eta arratsaldean, Zumarraga.
Calahorratik (Errioxa) ekartzen zuten fruta eta barazki gehiena. Azoketan asko saltzen zuten garaiak ziren, herri gehienetan ia dendarik ez zegoelako.
OHITURA ALDAKETAK
Jose Luis Iriarte umetatik hasi zen gurasoei laguntzen azoketan eta horretan segitzen du, bere arreba Maria Dolores (Amarotzen izan zuen janari-denda) eta bere bi seme Jon Ander eta Asierren laguntzarekin. Orain Azpeitia, Ordizia eta Tolosako azokak bakarrik egiten dituzte, eta Tolosaldea eta Goierriko hainbat denda, jatetxe eta ikastetxe ere hornitzen dituzte. Zubietako Merkabugatin eta Bilboko merkatu zentralean erosten dute salgaia eta biltegia Arzabalzan daukate. Nafarroako Erriberara barazkiak ekoizleei zuzenean erostera joaten zireneko garaiak gogoratzen ditu, baina haiek bukatu omen ziren. «Orain kooperatibetan saltzen dute dena. Eta jendeak ere gutxiago erosten du. Lehen Eguberrietarako azalorez eta karduz betetako kamioia ekarri eta saltzen genuen. Orain bi kaxa ere ez ditugu saltzen. Barazkiak kontserbatan erosten ditu gazte jendeak. Hori da etorkizuna», adierazi du Iriartek.
Fruta gehiago saltzen zutela aipatu du, orain berriz aleka saltzen da gehiago, lehen Frantzian bezala. Azoka eguna jai eguna omen zen jendearentzat, aste osoko erosketa egiteko eguna. «Duela gutxi arte garrantzitsuena jatea zen, orain berriz, aisia. Pintxo-potea da adibide garbia, lau pintxorekin afaltzen du jendeak», erantsi du. Aldatu den beste gauza da orain urte osoan denetik dagoela: neguan Italiako mahatsa edo Marokoko marrubia edo Argentinako gerezia dago, urtarrilean Huelvako marrubiak hasten dira… Estatutik (Errioxa, Katalunia, Valentzia) oraindik fruta asko iristen dela dio, baina Andaluziako ekoizle guztiak Marokora lekualdatu omen dira, eskulan merkeagoa dagoelako. Bertako eta kanpoko produktuak bereizten duen bezeroa ere gutxitu egin omen da.
AZOKA BERRESKURATZEN
Joaten diren hiru azoketatik Azpeitia da enpresa handiak itxi zireneko krisiaren ondoren bere onera etorri ez den bakarra, garai batean Gipuzkoako onena zenean. Ordizia eta Tolosako azokak suspertzen ari omen dira. Goizeko bostetan joaten dira Euskal Herria plazara postuak jartzera, beste guztiekin batera ez aritzeko, eta ordubata eta erdiak arte aritzen dira saltzen. Edozein larunbatetan mila kiloko salgaia eraman dezakete saltzera eta horiek txukun jartzeak bere denbora behar du. Itxurari ere garrantzia ematen diote, karpak dituen postu bakarra izanik. Erosle gehienak lehen baino beranduago joaten zaizkie, eguerdi partean. Fruta eta barazkiak saltzen dituzten zazpi postu daude Euskal Herria plazan eta bestelako janariekin eta arroparekin beste hainbat.
Erosketa ohituretan ere aldaketa handia eman dela onartzen du. «Merkataritza gune handietara joaten da jendea dena erostera. Konpetentzia ez da guretzat, gure kalitatea ez dutelako eskaintzen, haiek prezioari begiratzen diotelako, baina erosotasuna eskaintzen dute. Urteen poderioz, txinatarrek eta pakistandarrek hartuko dute dena. Merke saltzen dute, baina kalitate oso baxua ematen dute», azaldu du.
Lanbide gero eta zailagoa dela aitortu du Jose Luis Iriartek eta berak eta arrebak uzten dutenean ez daki bere semeek jarraituko duten.
Pena ematen dio, bere familiaren tradizioa hiru belaunaldiz mantendu dutelako, «oso negozio gutxik esan dezaketena». Hainbeste urtetan hor mantentzen jakin dute, bezeroari kalitatea eta arreta eskaini dietelako.