Nola osatu zenuten taldea?
Cruzada Eucaristican ibiltzen zen jendeaz baliatu ginen taldea sortzeko, parrokiako auzoetako mutikoak bilduz: Juan Ramon Vicente, Tomas Arriola, Amarozko Fermin, Txaramako Ijurko eta beste bi, Paco Gorriti, Iñaki Marcos, Otezabal... Hamar urte inguruko 10-12 mutiko izango ziren. Neskak nola sartuko ziren bada, komentu batean?
Non biltzen zineten?
Sakramentinoetako frontoiaren gaineko pabilioietan. Astean behin edo bitan, ez dakit, arratsaldetan. Batzuek batzuetan huts egiten zuten eta ni zorrotza izaten nintzen horretan.
Sakramentinoen laguntza izan zenuten, beraz.
Gregorio Labaka legorretarra zen superiorra orduan eta uzten zigun. Ordu arte dena adorazioa, eukaristia, kustodia eta hostia santua zen sakramentinoetan. Batzuen artean dena euskaraz egiten genuen, euskaltzale amorratuak ginen. Baziren erdaldunak ere. Fraileren batekin istiluak izan nituen, dantzariak zirela eta ere bai, baina orokorrean laguntza jaso genuen, traba handirik ez ziguten jarri.
Eta haiei erakusteko?
Jose Ramon Yarza eta Juanjo Mendizabalengana jo genuen. Haiek zekiten guztia erakutsi zuten eta gero utzi egin zuten. Donostiako Goizaldi taldekoengana joan nintzen eta Alfonso Gandiaga eta beste bat hasi ziren etortzen. Motoz joaten nintzen beraien bila tren geltokira. Zerbait kobratzen zuten, baina ez dakit nondik ateratzen genuen diru hori. Hamar duro ordaintzen geniela uste dut.
Zein izan ziren lehen txistulariak?
Hasieran pianoa joko nuen beharbada, dantzak ikasteko. Juan Inazio Elosegi eta Ramon Urruzola izan ziren lehen txistulariak.
Gogoan al dituzu egiten zenituzten dantzak?
Zagi dantza, Agurra, makil dantzak, Otsagiko dantzak... Dantza xinpleak.
Jantziak nola egin zenituzten?
Juan Ramon Vicenteren ama aipatu behar da hemen, oso euskaltzalea. Arropa guztiak berak josten zituen. Eta emanaldi guztietara joaten ziren bera eta senarra. Izugarri lagundu ziguten.
Lehen emanaldiak non izan ziren?
Lehena sakramentinoetan bertan. Gero, behin Congreso Eucaristico batera joan ginen Ormaiztegira. Tolosako zezen-plazan eta plaza Berrian ere dantzatu genuen, Donostian urtero Goizaldi taldeko haurrekin antzoki batean, Alegian, Orendainen... Ordizian aurresku txapelketa batean parte hartu genuen, oso ondo gainera gure ustez, baina saria bertakoek irabazi zuten. Zaldibiara, familiaren jatetxera joan ginen meriendatzera.
Noiz arte egon zinen taldean?
1962an utziko nuen, lauzpabost urte eginda edo. Maulera joan nintzen zazpi urtez eta gero sakramentinoetatik atera egin nintzen. Elosegi eta horien esku gelditu zen taldea. Garikano, Arteta eta horiek jarraitu zuten gero.
Geroztik harremana mantendu duzu?
Urte batzuk kanpoan egin nituen, baina tarteka etortzen nintzen eta poztu egiten nintzen jarraitu egiten zutela ikusita. 40. urtemugan deitu zidaten eta izan nintzen.