Errusiako umeak, gerraren biktima inozenteak

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2017ko uzt. 16a, 09:30

Mila bostehun haur baino gehiago atera ziren Santurtziko portutik Sobietar Batasunera, 1937ko ekainean. Gehienentzat itzulerarik gabeko bidaia izan zen. Familia askotatik bi edo hiru atera ziren atzerrira.

Espainiako Gerran, 1937ko ekainean, Euskadiko 1.500 haur baino gehiago atera ziren Santurtziko portutik Sobietar Batasunera, gaur egungo Errusia eta Ukraina. Santander eta Asturiastik ere beste asko abiatu ziren. Gehienentzat itzulerarik gabeko bidaia izan zen. Ez zen gauza bera gertatu Frantzia, Belgika eta Erresuma Batura joan zirenekin. Hauetako gehienak II. Mundu Gerra hasi zenean itzuli egin ziren beren etxeetara. Behin-behineko egonaldia izan behar zuena behin betikoa bihurtu zen Sobietar Batasunaren kasuan, 1936ko gerran parte aktiboa izan zutelako sobietarrek. Espainiako gerra bukatu eta han gelditu behar izan zuten haurrek.

Gertaera lazgarri honi buruzko dokumentazio handia bildu du Norberto Ibañez Ortega EHUko historia irakasleak Haur euskaldunen erbesteratzea Sobiet Batasunera: Gerra Zibiletik II. Mundu Gerrara (1937-45) liburuan. Bertatik eta joan ziren haur batzuen senitartekoen testigantzekin osatu da erreportajea.

Haur hauen etorkizuna gertaera dramatiko batek baldintzatu zuen: 1941eko ekainaren 21ean Alemaniako naziek Sobietar Batasunaren erasoa hasi zuten, gerrako handiena. 22 milioi sobietar hil zituzten orduan. Hemendik joandako haur asko gazte ziren ordurako eta gerran parte zuzena hartu behar izan zuten, baldintza gogorretan, eta gerra-ondorengo bizimodua baldintzatu zuen hezkuntza, lanbide eta familia alorretan.

Espainiako gerraren ondorioz atera behar izan zuten haurren familiak gizarte maila baxuenetakoak ziren: aita frontean zegoen eta amak ahal zuena egiten zuen seme-alabak zaintzeko garai zailenetan. Umezurtz gelditutakoak ere baziren tartean.

1937ko martxoaren 31n Mola jeneralak Iparraldeko Frontean hasi zuen erasoarekin, Gernika eta Durangoko bonbardaketekin, gogortu egin zuen egoera. Haurrak izan ziren gerraren biktima inozenteak: elikadura, hezkuntza eta osasuna galdu zituzten. Erbesteratuen kasuan, familia ere bai. Euskadiko Gobernuak, gurasoen baimenarekin, haurren ebakuazio politika antolatu zuen hainbat estatu adiskidetako gobernuekin. Frantziara 15.000 haur euskaldun inguru eraman zituzten, Erresuma Batura ia 4.000 eta Sobietar Batasunera, 1.500 inguru. Familiatik urruntze horrek eragin izugarria izan zuen haurrengan eta familiengan, batez ere Sobietar Batasunaren kasuan, destino urrunena eta zalantzazkoena. Haurtzaroa galdu eta ez zuten berreskuratuko bizitza osoan.

Haur gehienak Bilbo eta inguruko gune meatzarietakoak ziren, ideologia sozialista eta komunista zuten familietakoak. Gipuzkoarren kasuan, Donostia-Irun ingurukoak ziren gehienak, eta Tolosa eta Eibarko batzuk ere bai. Familia askotan bi eta hiru haur atera ziren atzerrira. Sobietar Batasunekoa izan zen kasurik larriena, zati bat besterik ez baitzen itzuli 50. hamarkadaren erdialdean, eta beste batzuk Sobietar Batasuna desegin zenean, 1988an.

Tolosaldeko kasuak

Tolosaldetik Sobietar Batasunera joan ziren zenbait umeren izen-abizenak ezagunak dira: Manuela eta Hipolito Martinez del Castillo, Ambrosio eta Eugenio Alkorta Orbegozo txaramarrak, Ignacio eta Luis Mari Ruiz de Egilaz Lope txaramarrak, Francisca eta Jose Asensio Orueta (biak hilik), Pilar Fernandez Bermejo eta Salvador Garaikoetxea Eskibel. Gorriti plazako Gildo tabernako beste bi mutil ere joan omen ziren eta Jimenez abizeneko batzuk ere tartean omen ziren.

Leningradora (gaur egun San Petersburgo) iritsi eta osasun azterketak egin, arropa berria jaso eta ondo elikatu ondoren, Krimeako udalekuetara eraman zituzten. Gerrak eta familiarenganako banaketak sortutako zauri psikikoak han sendatzen saiatu ziren, baina denbora luzea behar izan zuten hori lortzeko. Janari berrietara egokitzea izan zen lan zailenetakoa. Ikasturtea hasi zenean, Errusia eta Ukrainako 16 ikastetxetan banatu zituzten haurrak, hirietatik urrun eta jauregietan kokatutakoak gehienak. Pravda zen horietako bat, osasun baldintza txarrak zituena, malaria kasuak izan zirelako. Han izan ziren Alkorta anaiak. Irakasleak espainiarrak ziren, tartean euskaldunak ere bai. Sukalde eta mantenu lanetan ere aritu ziren hemendik joandako batzuk. Pixkanaka integratzen joan ziren eta nahiz eta liburuak gaztelerara itzulita egon, errusiera ikasten hasi ziren, goi mailetan gai gehienak errusieraz jasoz. Jaioterriko eta herrialde berriko kulturak lantzen joan ziren aldi berean.


Gazteak frontera

II. Mundu Gerraren hasierak moztu zuen 17 eta 18 urteko gazteen formazio plana, mobilizatu egin baitzituzten. Gerraren bultzadaz, ekialdera mugitzen joan ziren haurrak, gehienek Mosku inguruan bukatuz euren ikasketak, kasu askotan teknikoak. Eskulanek eta gorputz hezkuntzak garrantzia handia zuten formazioan, ideologia sozialistarekin batera. Espainiako Gerra amaitu zenean, errepublika galtzaile izanik, Alderdi Komunistako buruzagi asko Errusian erbesteratu ziren eta haurren etxeetako erabakietan parte zuzena hartu zuten. Irakasle asko ere joan zen orduan.

Alemanek erasoa hasi zutenean erbesteratu handienak Moskun (unibertsitatean ari zirenak) eta Leningradon (ikasketa politeknikokoak) bildu ziren. Nahiz eta ez mobilizatu, asko boluntario gisa aurkeztu ziren armadan. Ukrainako etxeak utzi behar izan zituzten alemanen aurrerapenagatik eta Errusiakoak, ekialdera jo, Erdialdeko Asia aldera. Ufara iritsi ziren batzuk, Uraletan. Janari faltak, hotzak eta gaixotasunek egoera larriagotu egin zuten. Saratoven hegazkin fabriketan lan egin zuten. Hotz handia egin zuen 1942-1943 neguan, 52 gradu zero azpitik. Beste euskal gazte batzuk ere hil ziren frontean, 40 inguru.

Prestakuntza maila handia lortu zuten eta horri esker lanpostua bilatzea eta integratzea errazagoa izan zuten, autoestimua hobetzeaz gain. Itzuli zirenentzat ere, batzuk 1956an, oso baliagarria izan zen lortutako formazio altua. Itzuli ziren batzuei berriro hemen integratzea kostatu zitzaien. Beste batzuk ezin izan zuten itzuli familia sortua eta bertan integratua zutelako. Batzuk 1988an eta ondorengo urteetan itzuli ziren, Sobietar Batasuna mila puskatan hautsi zenean, baina gehienek bertan gelditzea erabaki zuten.

Berri gutxi familietan

Alkorta Orbegozo Txaramako familian bizitza gogorra eta tristea izan zuten gerrarengatik. Aita Oviedoko frontean ibili zen, ama bost seme-alabak aurrera ateratzen saiatzen zen bitartean. Bilbora joan ziren hemendik. Lehendabizi Asun alaba apuntatu zuen atzerrira joateko, baina ez zuten hartu. Gero Ambrosio eta Eugenio semeen izenak eman eta haiek bai, hartu eta Sobietar Batasunera eraman zituzten. Ambrosio 14 urterekin joan zen. Ikasketa teknikoak egin ondoren hegazkin fabriketan aritu zen lanean, baina II. Mundu Gerra iritsi zenean hara joan behar izan zuen, Ufan gerrillarietara pasatu zen eta Gullon destakamenduan (N.Duguino herrixka, Smolensk eskualdea) hil zen 1942ko urrian, frontean. Eugenio 9 urterekin joan zen. Zubi eta bide ingeniaritza ikasketak burutu eta Inturist bidaia agentzian lan egin zuen eta munduko herrialde askotan ibili zen. Hainbat aldiz etorri zen (lehena 1975 inguruan) eta 1989an itzuli zen Tolosara bere familiarekin, gaixo, eta 1990eko ekainean hil zen. Bere alarguna familia andaluziarrekoa zen eta gaur egun Gasteizen bizi da. Errusian ez da familiako inor gelditzen.

Manuela Martinez del Castillo 11 urterekin joan zen eta bere anaia Hipolito 8 urterekin. Obninskoye eta Kuybisheven izan ziren elkarrekin eta gero Manoli Saratovera eraman zuten, anaiarengandik bananduz. 1945ean elkartu ziren berriz, II. Mundu Gerra bukatu zenean, Tbilisin eta gero Moskun. Anaiak taxilari eta txofer gisa egin zuen lana. Familiarekin harreman gutxi izan zutela aitortzen zuen 1936ko gerrako oroitzapenak libururako elkarrizketatu zenean 2008an, urte asko ezer jakin gabe egon zirelako. Hamar bat urte egin zituen Moskun ikasten eta lanean.

Gurutze Gorriaren bitartez itzuli ziren anai-arrebak jaioterrira 1956an. Llanosen torloju fabrikan eta Amarozko paper fabrikan aritu zen lanean erretiratu arte. 1982an Logroñora joan zen bizitzera, osasunagatik, eta 2013an hil zen bertan. Errusiaz oroimen ona izan zuen beti: ikasketak, bidaiak, hizkuntza…

Txaramako Ignacio eta Luis Mari Ruiz de Egilaz Lope 6 eta 5 urte zituztela joan ziren Bilbotik Leningradora. Francoren aldekoak sartu zirenean jende guztiak alde egiteko gomendioa eman zion familiari, aita Jose errepublikarrekin zebilelako. Ama Felisa hiru semeekin joan zen Bilbora (han jaio zen laugarrena), baina okerrago izan zen, gosea eta arriskua besterik ez zegoelako. Atzerrira joateko izena eman zuten eta hara eraman zituzten bi umeak. Ignacio berehala hil zen, baina familiak urte asko pasatu ondoren jakin zuen. Luis Mari familia katalan batekin bizitu zen, igeltsero lanetan aritu zen, Krimean urte asko pasatu zituen, ezkondu zen, bi alaba izan zituen eta gaur egun, 84 urterekin, San Petersburgotik hiru ordutara trenez bizi da, bilobak eta birbilobak izanik. Urtetan bere berririk ez zuten izan hemen, baina handik etorritako baten bidez harremanetan jarri ziren eta bi aldiz etorri zen hona, lehena 1969an. Hamabost urte beranduago bere anaia Fortu hara joan zen bisitan lagun batekin. Tarteka janaria, dirua eta arropa bidali izan diote, bizimodu gogorra izan baitu. Gaur egun harremana errazago mantentzen dute aurrerapenei esker.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!