Nondik datorkizu historiarekiko interesa?
Betidanik gustatu izan zait. Medikuntzatik erretiratu ondoren, 2005ean, gaixotasun larria izan nuen. Hemendik banindoala uste nuen. Eta zerbait egitea erabaki nuen. Lehen historia liburua izan zen: Guipúzcoa y Tolosa durante la ocupación francesa 1807-1813. Bizirik jarraitzen dut eta idazten. Beste bi idatzi ditut eta beste batean parte hartu dut. Eta orain hau. Erretiratu ondoren historiak harrapatu egin nau. Ikerketak erakartzen nau eta orain denbora gehiago daukat.
Eta liburu hau, nondik sortu da?
Paco Etxeberria Aranzadiko lehendakari eta antropologoak Tolosan, Igarondo inguruan, obra batzuetan agertu ziren hezurdurez hitz egin zidan. San Frantzisko komentuan ospitalea zegoen eta Zuzentza Jauregiko aparkalekuak egiterakoan ziur aski gehiago azaldu beharko lukete. Etxeberriak ezer esan aurretik asko bideratuta nuen. Lehen liburuan presaka ibili nintzen, gaixotasunagatik. Oraingoan ez, lasaiago ibili naiz. 2007an hasi nintzen, baina lan gehiena azken bi urteotan egin dut.
Nola egiten duzu lana?
Jartzen naizenean, oso modu intentsuan, ia drogatuta bezala. Ordu asko sartu ditut. Artxibo oso onak ditugu: Tolosako Udalarena, Toulousekoa, Pariseko Liburutegi Nazionala… Tesi frantses asko dago. Madrileko Armadarena gelditu zait bisitatu gabe eta Gipuzkoari buruzko zerbait dagoela jakin dut.
Nolakoa zen Tolosa aztertu duzun garaian?
4.500 biztanle izango zituen (Donostiak eta Gasteizek 6.000 inguru, Bilbok 11.000) eta garrantzi handia zuen Gaztela, Frantzia eta Nafarroako bidegurutzean zegoelako. Mediterraneoarekiko lotura hori garrantzitsua zen. Horregatik bihurtu zuten frantsesek azpiegitura zentroa. Nekazaritza eta abeltzaintza ziren aktibitate nagusiak, baina komertzioak ere bazuen garrantzia, lehen aipatutako bidegurutzea izateagatik. Udalek mendi, baso eta lur komunak saldu behar izan zituzten lur jota gelditu zirelako eta baserritarrak ezer gabe gelditu ziren. Larru lanek garrantzia badute, ehungintza aldiz, gainbehera doa. Burdinolek jarraitzen zuten martxan, nahiz eta Errege- Arma Fabrika itxi, bertako langile batzuk lanean jarraitu zutelako bere kontura. Frantses batzuk bazeuden, aurreko migrazioetatik, lanbide zehatz batzuetan: galdaragintza, erlojugileak, sendagileak… Iraultza iritsi arte bizimodu lasaia izan zuten, Konbentzio Gerratik nahiko ondo atera zelako Tolosa.
Zein da liburuarekin zabaldu nahi duzun mezua?
Tropa frantsesen inbasioa oso gogorra izan zen Tolosa eta bere ibilbideko herri guztientzat. Irun, Hernani, Tolosa, Urretxu eta Arrasate lo egiteko herriak izendatu zituzten. Napoleonen tropakoak ez ziren soldaduak, soldadu-gaiak baizik, prestatu gabeak, Espainia eta Portugal ez zelako arazoa bere ustez. Gaixorik etortzen ziren, bolada desberdinetan, neguan, eta ospitalerik ez zegoen. Arrameleko Miserikordia inprobisatu zuten. Gero San Frantzisko komentua eta Santa Klara komentuko trinketea ere ospitale militar gisa ireki ziren. Bost urte eta erdian zehar 800.000 soldadu iritsi ziren guztira. Eta beste 200.000 preso Frantziarako bidean. Datu errealak dira, dokumentatuak. Tolosa erabat euskalduna zen eta Iparraldeko soldadu batzuk egiten zuten interprete lana. Ukuilu eta lasto falta ere larria izan zen.
Nolakoa zen frantsesen eta tolosarren arteko harremana?
Ona, festa giroa bilatzen zen: sokamuturra igandero plaza Berrian, aurretik kalejirak, dantzaldiak… Frantziako jaiak ere ospatzen zituzten.
1812an une txarrak bizi omen zituen Tolosak.
Bai, gerra galtzen hasi eta atzera egin zutenean Errusiarako bidean. Lau hilabetetan bakarrik 50.000 soldadu pasatu ziren. Gehiegikeria ugari izan ziren orduan, lapurretak eta beste. Etxe batzuetan 20 soldadu sartzera iritsi ziren, kuartelik ez zegoelako. Bertakoek alde egin behar izan zuten herrixketara eta asko gerrillan sartu ziren. Jendarmeriak ez zuen ezer egin, kobratu gabe zeramatelako hilabete asko eta ordenarik ez zuten gordetzen. Eta gero, 1814ko apirilean, Frantziako hegoaldean aliatuen kanpaina izan zen eta ingelesek, portugesek eta espainiarrek osatutako armada etorri zen. Tolosa eta Gipuzkoa, Frantzian borrokatzen ari ziren 60.000 espainiar eta 40.000 ingeles-portugesen atzeguardia izan ziren.
Napoleon Tolosan izan omen zen.
Bai, behin bakarrik egin zuen lo bertan: 1808ko azaroaren 4an, Kondeko Aldapako Urbieta etxean. Frantsesak Bailenen garaituak izan zirenean. 2.500 soldadurekin etorri zen orduan. Bere anaia Jose Bonaparte erregea askotan pasatu zen Tolosatik eta maitale tolosarra izan zuen Gasteizen eta Madrilen: Maria Pilar de Acedo y Sarria, Etxauzko kondesa, Atodo jauregiaren jabea eta gero Montehermosoko kondesa.
Zein beste armada buru izan zen Tolosan?
Jeneralak, Thomas Graham ingelesa, Donostiako erreketaren arduradun zuzena, tropa portugesen burua zena, eta Foy frantsesa.
Azal ezazu pixka bat nola izan zen Tolosako bataila.
Ekainaren 25ean izan zen. Aurretik, 21ean Jose Bonaparteren frantsesek porrota handia jaso zuten Gasteizen, Gaztelarako komunikazioa galduz. Dibisio frantses bat, Foyren agindupean, Kantabria eta Bizkaitik zetorren erretiran muga aldera eta Tolosan gelditu ziren. Atzetik dibisio espainiarrak zetozen. Dibisio ingelesa-espainiarra, Tomas Grahamen agindupean, Aguraindik zetorren Ordizian bidea ixteko frantsesei. Bataila txiki bat izan zen eta Tolosan sartu zen. Jose erregeak Irurtzundik Tolosara joko zuela pentsatu zuen Foyk, Gaztelako bidearekin lotzeko. Horregatik erabaki zuen hemen gelditzea. Bi eraztunetan planteatu zuen defentsa, bat herri gunea inguratzen eta bestea inguruko mendietan. Grahamek mendiz inguratu zuen herria, frantsesei Tolosatik ateratzen utzi gabe. Borrokak goizeko bederatzietan hasi ziren Altzo inguruan eta azkenak arratsaldeko zortzietan izan ziren Nafarroako zubian eta Gaztelako atean. Azkenean sartzea lortu zuten eta frantsesek Arrameleko atetik alde egin zuten. Bataila odoltsua izan zen Tolosakoa. Galera handiak izan ziren: 400 frantsesen artean eta 371 aliatuen artean, presoak kontatu gabe. Espainiarrek gutxienez 300 hildako utzi zituzten lurrean, Longaren dibisiokoak gehienak. Graham berak metraila zauria jaso zuen.
Eta orain, zein proiektu duzu eskuartean?
Hirugarren Karlista, 1982-1976. Hunkitzen nauen zerbaitengatik sartzen naiz beti gaietan. Nire birraitona Jose Maria Rekondo Agirre Santa Kruz apaizarekin altxatu zen, gaizki atera zen altxamendua, apirilekoa. Horrek bultzatu nau gai hori aukeratzera. Familia lur jota gelditu zen. Batzuk liberal egin ziren. Ni adar horretatik nator. Asko aurreratzen ari naiz gaiarekin, ohiko artxibo eta liburutegietan lanean, gehi Nafarroakoa, Lizarrakoa, Koldo Mitxelenan Apalategi fondoa...
Gerra Zibilak ez al zaitu erakartzen?
Ez, min egiten dit, sufriarazten dit. Nahiz eta gertuko familiarik ez izan bertan. Paco Etxeberriaren gorpu altxatzeetatik ihes egiten dut beti. Gerra karlistek min gutxiago egiten didate. Agian garai haietako hobiratzeak bilatzeko landa-lana egingo nuke. Karlismoak gaur egungo ikuspegitik ez du zentzurik. Azken karlistada ia erlijiosoa izan zen. Baina beste alde batetik ere begiratu behar da: nortasuna hor eraiki zen, abertzaletasuna hortik dator. Oso garrantzitsua izan zen.
Sendagile bat historia gaietan. Nola hartzen zaituzte historiagileek?
Batzuei ez die grazi handirik egiten, baina beste batzuekin harreman handia daukat, Jose Luis Orellarekin adibidez.
Orain arteko liburuetatik, zeinekin zaude gustuen?
Iruñeko bidearenak asko bete ninduen. Jende asko ezagutu nuen, alderdi politiko guztietakoak. Batzuk ez zuten agerian gelditu nahi, informazioa ezkutatu nahi zuten.