#BadatozInauteriak 2017

Juan Lope, artista eta inauterizalea

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2017ko ots. 17a, 15:06

Artista eta inauterizale tolosar bat jaio zela 100 urte beteko dira aurten eta lagun eta senide talde batek gogora ekarri eta belaunaldi berriei ezagutzera emateko asmoa du.  Umila, bohemioa, umoretsua, librea, denen laguna, langilea… zen Juanito Lope. Atzo aurkeztu zituzten Topic-en urte honetarako prestatzen ari diren ekitaldiak, liburua eta dokumentalarekin batera.

Juan Lope Jimenez 1917ko irailaren 12an jaio zen Tolosan. 1936an Gorriti zinemako makinista zen eta Walt Disneyren marrazkiak ikusita, haiek imitatzen hasi zen. Soldaduskan egur taila gustuko zuen azpeitiar batek zerbait irakatsi eta horretan hasi zen Santa Maria kaleko bere txokoan. Lopetegi eskulturagile donostiarrak buztina lantzen erakutsi zion eta Mariano Benlliure eskulturagile ospetsuak Madrilera eraman zuen berarekin ikastera, baina hiru hilabete besterik ez zuen iraun han. Tolosara itzuli eta Aste Santuko prozesioetarako pasoak egiten hasi zen. Izena hartzen joan zen eta enkargu ugari jaso zituen inguruetan eta Euskal Herri osoan. 


Tolosan bertan bere busto, eskultura eta marrazki ugari ikus daitezke oraindik: Pablo Gorosabel, Adrian Laskibar, Felipe Dugiols, baserritarra, euskal dantza, Wenceslao Maiora, Francisco de Tolosa, Ramos Azkarate, Alexander Fleming, Izaskungo ama birjina… eta Tolosaldean ere gordetzen dira bere lanak, gutxienez Alegian (Txintxarri elkarteko armarria), Altzon (Erraldoia), Amezketan (Fernando Amezketarra) eta Orexan (Jesukristo). Gainera bere marrazkiak, bustoak eta armarriak hainbat elkarte eta tabernatan ere ikus daitezke. Eta Ordizian, Beasainen, Zumarragan, Zarautzen eta Zalduondon, besteak beste, bere lan batzuk gelditzen dira kalean.


Galtzen ari den izpiritua
Inauterizalea izanik, parte hartu zuen hainbat konpartsa eta karrozatan eta eskatzen zioten elkarte eta kuadrillei beti esku bat botatzeko prest agertzen zen. Baliabide gutxirekin eta umore askorekin, gaur egun galtzen ari den Tolosako inauteri estilo baten ordezkari ezagunenetako bat izan zen hamarkada askotan zehar. 1981eko irailaren 1ean hil zen, 64 urte betetzeko egun gutxi falta zirela.


Mendeurrena aprobetxatuz, lagun eta senide talde batek ezagutzera eman nahi du pertsonaia hau, belaunaldi berrientzat ezezaguna. Horretarako atzo aurkeztu zituzten prestatu dituzten ekitaldiak.  Hasteko, Loperi buruzko liburua eta bera eta garai bateko inauteriei buruzko dokumentala aurkeztu ziren atzo. Webgunea ere martxan dago www.esculturaurbana.com/Webs/weblope helbidean. Datorren astean izango diren inauterietan izango dira hurrengo ekitaldiak. Danborradan urte askotan parte hartu zuen Juanito Lopek eta omenaldi bat egingo zaio danborradaren hasieran. Gainera bere omenezko konpartsak aterako dituzte hainbat inauterizalek.


Apirilean eskolarteko marrazki lehiaketa izango da, DBH mailan, taldeka, Lopek egiten zituen estilokoak ezagutzera emateko. Maiatzean argazki eta bere artelanen erakusketa izango da Aranburu Jauregian. Data zehaztu gabe beste ekitaldi batzuk ere aurreikusita daude: pasadizoaren eta bere kaleko obren txukunketa, Erraldoi eta Buruhandi Konpartsaren omenaldia, bere lanen ibilbide turistikoa, bere obren erakustokia… Eta bukatzeko, urteko ekitaldi guztiak jasoko dituen bideo bat egingo da.


Liburua eta dokumentala, kalean
Liburua ere aurkeztu zen atzo. 80 orri ditu, euskaraz eta gazteleraz idatzita dago eta lagun eta familiartekoen testigantzak jaso ditu hainbat kolaboraziorekin batera. Gainera 200 argazki baino gehiago, Loperen 24 marrazki eta hainbat dokumentu –egunkari aipamenak, eskutitzak, egitarauak, partiturak– biltzen ditu. Juanito Loperen biografiaz gain, bere obraren xehetasunak ematen ditu eta inauterietan ateratako numeroen informazio zabala biltzen du. Artistak lan egin zuen lokalak, jaso zituen omenaldiak, zezen kontuak eta beste ere aipatzen dira lan monografiko honetan. 20 eurotan dago salgai. Gaurtik aurrera toki hauetan eros daiteke: Atodo, Asteasuarra, Ikatza, Elurra, Triangulo eta Itaie tabernetan eta Aranburu eta Babel liburu dendetan.


Atzo aurkeztu zen dokumentalean, Juanito Lope eta hil berri den Miguel Mari Iraola omenduz,  Tolosako inauterian nabarmendu izan diren pertsonai batzuen testigantza jasotzen da, batzuk hilak (Javier Bello Portu, Jose Manuel Gorostiaga, Juan Garmendia Larrañaga, Jose Tarragona, besteak beste) eta beste batzuk bizirik daudenak. Ordu erdiko ikus-entzunezkoan inauteriaren historia, musika, txantxoa… aztertzen dira.


Hasiera bikaina eman zaio Juanito Loperen urteari. Eta hemendik aurrera ere hizpide izango da artista tolosar eta inauterizale handia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!