50 urteko irudiak

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2016ko abe. 22a, 15:49

1966an Alpino Uzturre elkarteak Pirinioetara antolatu zuen mendi irteeraren proiekzioa emango dute gaur kultur etxean 19:00etan, beste bi film laburrekin batera.

Mende erdi honetan gauzak asko aldatu egin dira. Baita mendian eta mendizaletasunean ere. Alpino Uzturre elkarteak lehen espedizio garrantzitsua antolatu zuen duela 50 urte Pirinioetara. Tartean zegoen Angel Lerma donostiarra, eskuetan zortzi milimetroko kamara zuela. Hark hartutako irudiak ikus ahal izango dira gaur. Beste begi batzuekin ikusiko dituzte esperientzia bizitu zuten mendizaleek.

Hamarkada batzuk atzera egin beharra dago. Alpino Uzturre elkartea sortua zen 1958an. Hasierako ilusioekin indarberrituta, bere aktibitateak burutzen hasi zen. «Garai hartan Pirinioetara joatea ez zen gaur bezain erraza, benetako espedizioa zen», adierazi du Miguel Angel Bermudezek. Kide batzuk bere kontura joaten ziren tarteka, baina talde handian antolatuta joateko 1966ko uda arte itxaron behar izan zuten.

Autobusa alokatu eta astebeterako plana antolatu zuten Piedrafita aldean. Barrualdea eta gainaldea ederki bete zuten motxila, denda, piolet, kranpoi, janari, edari eta bestelakoekin. «Aurreko astean Igaratzan izan ginen eta larruzko bota berriak estreinatu nituen, babak eginez oinetan. Ez ziren sendatu, baina ez nuen joan gabe gelditu nahi.

BIDAIA LUZEA

Argazki batean elurtegi batean zapatilak jantzita ditudala agertzen naiz alabarekin», dio Gorostidik. Denak ez ziren tolosarrak, aipatutako Lerma donostiarra eta ordiziar batzuk taldean ziren. Eta apaiza ere ez zuten falta, beste askotan bezala, duela gutxi hil den Bittor Arozena sakramentinoa.

Abiatu eta berehala izan zuten matxura. Autobusaren balezta hautsi zen Atalluko tunelera iritsi baino lehen. Jesus txoferrak eta laguntzaileek matxura konpontzeko ordu batzuk behar izan zituzten. Atzerapenarekin eta garaiko errepide estu eta kurbatsuekin, herri eta hiri guztien erdialdetik pasatuz, uste baino beranduago iritsi ziren Sallent de Gallegora egun osoko bidaiaren ondoren. «Gaua pasatzera Piedrafitara iristea pentsatzen genuen, baina ez ginen iritsi, Sallenten gelditu behar izan genuen. Ahal zuen bezala kokatu zen jendea plaza ondoan utzi zieten lokal batean. Etxe batean lo egin genuen bakarrak nire alaba txikia eta ni izan ginen, gizon handi bati pena eman ziolako ume txikia horrela ikustea», gogoratu du Gorostidik.

Hurrengo goizean traste gehienak mandoen gainean eta beste asko motxiletan kargatuta, joan ziren Alfonso XII aterpera, Piedrafitan, Respomuso urtegiaren ondoan, eta hura izan zen ibilaldietako abiapuntua, 2.200 metrotara. Batzuk dendetan egin zuten lo eta beste batzuk aterpean. Balaitous, Gran Facha, Infiernos, Tebarray eta beste mendi batzuk igo zituzten. Askorentzat lehen hiru milakoak izan ziren eta hori xanpainera gonbidatuz ospatzeko ohitura izaten zen orduan. Taldeko gazteenak eskalatzen ibiltzen ziren eta Crestas del Diablo famatuak igotzeko aprobetxatu zuten.

«Egun batzuetarako joan ziren eta itzuli zirenerako ahal genuen janaria gorde genien, gosez etorriko zirelako», dio Gorostidik. Apaizak bere lana egiten zuen eta meza ematen zuen eta meza-laguntzailerik ez omen zitzaion falta, denek ardoa nahi izaten zutelako. «Eta ardoa urritzen zenean boluntariorik ez zen falta herrira jaisteko erostera», aipatu du Bermudezek.

Gaur izango da aukera orduko esperientziak eta kontuak berritzeko Tolosako kultur etxean 19:00etan. Espedizio hartako kide batzuk bertan izango dira Angel Lermak eta Miguel Angel Bermudezek antolatu duten emanaldian. Aipatutako bidaiarekin batera, A través del Pirineo izenburupean beste bi saio izango dira: 1967an Alpinok Viadoseko aterpera antolatu zuena Aneto, Posets eta beste mendi batzuk igoz: Una semana en Viados. Eta Lermak berak 1974ean parte hartu zuen Tximist-Everest espedizio famatuko irudi batzuk: Imágenes para el recuerdo.

Guztira hiru film labur eder izango dira aspaldi pasa ziren garai horiek gogora ekartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!