Noiz hasi zen Tolosako Paper Eskolarekin duzun harremana?
1975ean, ingeniari ikasketak hasi nituenean. Paperaren gaia gustatzen zitzaidan, kimikari eta basoari oso lotuta dagoelako. Egurrak eta esperimentu kimikoek erakartzen ninduten, asko jakin gabe egia esan. Eskolaren hamargarren urtea zen eta erreferentea zen irakaskuntza kalitatearengatik hemen unibertsitaterik ez zegoen garai batean.
Eta gero irakasle sartu zinen.
Aukera interesgarria iruditu zitzaidan eta enpresetan praktika batzuk egin ondoren, 1980an bertan gelditu nintzen irakasle gisa, ingeniaritza teknikoan eta lanbide heziketan. Gaur arte. Eskerra besterik ez daukat eskola honentzat, ikasketak eta lana eman dizkidalako.
Zein zen bere garrantzia?
Eragin handia zuen gizartean, enpresekin harreman handia zuelako, praktikak eginez eta lanpostuak bilatuz. Enpresek hitzaldi teknikoak ematen zituzten eskolan, beraien teknikarientzat, estatu osotik. Ikerketa asko egiten zen eta orduan ez zen ohikoa.
Nola galdu zuen bere indar hori?
Krisia etorri zenean paper-fabriketan asko jaitsi zen dena. Ikasketetan ere aldaketak izan ziren. Baso ingeniaritza teknikoko ikasketak jartzen saiatu ginen, diseinatu genuen EHUrekin, paper mundua sartuz. Unibertsitateak onartu zuen, baina politikoki ez zen bideragarria izan. Kentzea erabaki zuten. Bokazioak jaitsi ziren, balizko ikasleek ez zituzten irteera profesional interesgarri gisa ikusten ikasketa horiek. Papergintzan etorkizunik ez zegoela uste zuten.
Hala al da?
Gero ikusi da ez dela horrela izan. Fabrika asko itxi dira, Tolosako guztiak tartean, baina oraindik ondo funtzionatzen duten asko daude inguruan: Papresa Errenterian papera birziklatuz prentsa papera egiteko, Hernanin Zikuñaga eukaliptoarekin paper pasta egiten, Gureola-Cominter, Oria Villabonan oso ondo ari da, Amezketan Aralar, Berrobin Munksjo, Leitzan Sarrio… Iurretan, Zangotzan eta Zallan ere badaude. Eta ez ditugu ahaztu behar paper makinak egiten dituzten Voith, Licar, Basalan… edo sektorearekin erlazionatutako beste batzuk.
Aurrera begira, nola ikusten duzue etorkizuna?
Eskolaren beharra ikusten dugu, enpresetan jende ondo formatua behar dutelako. Enpresekiko harreman oso ona dugu, estua, gure puntu indartsua da. Praktikak egiten aitzindariak izan ginen. Industriari zerbitzua emateko gaude, ez langabetuak sortzeko. Paperaz dakien jendea behar dute aipatutako enpresa horietan. Eta paper sektoreaz gain, depuratze plantetan, kautxo eta plastiko manipulazioan… Garai bateko keak eta kutsadurak ahaztu dira, orain produkzio berdean ari gara lanean. Ikasle gutxi izatea gure indargunea da, tratu oso pertsonala delako eta talde giro hobea delako. Enpresek neska-mutil efizienteak, arazoak konpontzen dakitenak, irudimen erantzunak emateko gai direnak eskatzen digute. Papergintzak eta kimikak etorkizuna du, gure i