Mende erdia igaro da. 1965-66 ikasturtean sortu zen Tolosan Paper Eskola, herrian eta eskualdean hain garrantzitsua zen lan sektorearekin erlazionatuta, estatu osoko paper enpresariek hala erabakita garaiko sindikatu bertikalarekin batera. Orduan hain indartsu zeuden paper-fabriketan lan egiteko ingeniariak eta teknikariak sortzea zen helburua. Gazte asko hezi eta lan mundura bideratu ditu eskola honek eta Tolosaren izena mundu osoan zehar zabaldu, beti ere paperari lotuta, alor horretan erreferente bilakatuz.
Mende erdia bete du beraz ikasturte honetan eskolak. Azken hilabeteetan burutu dituzten hainbat ekitaldiren artean, liburua eta dokumentala argitaratu dute, eskolaren historia jasoz. Bi lan horien bidez eta bertako arduradunekin hitz eginez, Paper Eskolaren historiari buruzko erreportajea osatu da. 1957an hasi ziren paper enpresari batzuk Enrique Ortiz de Zarate alkatearekin eskola sortzeko lanetan eta 1962an erakunde berria zuzentzeko patronatua sortu zen, Jose Solis Ruiz sindikatuen delegatu nazionalaren zuzendaritzapean. Patronatu horretan, herriko alkatea eta parrokoaz gain (Juan Martin Irulegi), inguruko paper-fabrika batzuetako ordezkariak (Española, Tolosana, Echezarreta, San Jose) zeuden estatuko beste ordezkari batzuekin batera. Herriko industria-gizon ezagunak aurki daitezke lehen patronatu hartan: Jose Maria Caballero, Ramon Sese, Gregorio Mendia Ruiz de Arkaute, Antonio Limousin, Juan Gonzalez Iñurrategi, Ladislao Irazusta… Berazubin lortu zituzten lurrak 1963an, udala eta sindikatuen arteko akordio bati esker, Santa Luziako kanposantu zaharraren truke.
Enpresen diruarekin
Hasiera haietan 67 enpresak dirua jarri zutela jasota dago eskolako aktetan. Fabrika bakoitzak ekoitzitako tonako 7,50 pezeta eman behar zituen. 1965ean 83 enpresa izan ziren dirua jarri zutenak, tartean Bartzelonako 26, Gipuzkoako 25, Madrilgo 9, Valentziako 6, Gironako 5 eta beste leku batzuetakoak. Obrak Esteban Zubiria kontratista tolosarrari eman zitzaizkion, arkitektoa Luis Alustiza izanik. Obren kostua 14 milioi pezetakoa izan zen. 1964ean Eduardo Talavera kimikaria izendatu zuten zuzendari. Ikasleen egoitza eskolan bertan eraikitzeko asmoa ere bazen hasieran, baina ez zen gauzatu. Papera egiteko makina proiektua bazen, baina urte luzeetako bidea behar izan da. Paperaren museoa ere planteatu zen hainbat unetan, baina ez da gauzatu. Lehen testuliburuak Grenobleko (Frantzia) paper eskolatik ekarri zituzten.
«Sektorearen mugimendu batetik sortu zen eskola, estatu osoan, tekniko kualifikatuak behar zituelako. Makina oso sofistikatuetan inbertsio handiak ari ziren egiten eta ez zegoen hori eraman ahal izateko jende prestaturik», dio Jesus Caballero irakasleak. Gipuzkoa eta Euskal Herriko enpresek lortu zuten eskola hemen izatea, Katalunia eta Valentziakoen kontra. «Koroaren bitxia bezala zen, goi mailako balio teknologikoarekin. Orain Basque Culinary Center-ekin konparatzen dut edo fabrikazio aeronautikako eskola batekin», eransten du.
Paper ingeniaritza eta paper teknikari ikasketak planteatu ziren. Lehenak paper-fabriketako produkzio buruak izateko ziren eta bigarrenak, bitarteko postuak edo makinako operadoreak izateko. 37 gaztek egin zuten ikasle izateko eskaera, horietako 22 gipuzkoarrak. Irakasleak eta bestelako langileak kontratatu eta 1965eko urriaren 13an hasi zen ikasturtea. 1966-67 ikasturterako ingeniaritza ikasteko 35 eskaera eta teknikari ikasteko 8 eskaera zeuden. Ikasle batzuk enpresen bekak jasota etorri ziren. Estatu osotik eta Hego Amerikatik etortzen ziren kopuru handian. 200 ikasle eta 25 irakasle izatera iritsi zen garai onenetan. «Iraultza txikia izan zen Tolosan. Gizartea ez zegoen ohitua ikasle kanpotarrak hartzera», dio Caballerok. Graduatu zen lehen promozioko ikasleei lana bilatzeko estatu osoko enpresen laguntza eskatu zuten.
Zuzendari desberdinak izan ditu eskola 50 urte hauetan. Lehen aipatutako Eduardo Talaveraren ondoren etorri ziren Florencio Gomez Castellanos, Dacio Delgado, Antonio Moran, Paco Ceña… Sindikatu frankistak sortuta, bisiten artean geroago ministro izan ziren Jose Solis Ruiz, Rodolfo Martin Villa (paper eta arte grafikoetako sindikatuko lehendakaria) eta Manuel Fraga Iribarne aipatzen dira aktetan.
Ikasleen galera
Ministerio desberdinen menpean egon zen eskola hasieran, Hezkuntza batetik eta Lana bestetik. Horrela finantziazio eta inbertsio gaitasuna eta mantentzeko aukera galdu omen zuen. Pribatua izateari utzi zion. Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zenean ez zen bertan integratu, transferitu gabeko INEMen barruan zegoelako eskola. 1986ean Eusko Jaurlaritzara transferitu zuten. Legedi aldaketak izan ziren eta 1997an Hezkuntza sailak erabaki zuen pixkanaka paper ingeniaritza ikasketak desagerraraztea. Horregatik 1997-98 ikasturtean ez zen matrikularik egin. Bokazio falta nabarmenak eta papergintzaren krisiak eragina ere izango zuen, dudarik gabe. Galera handia izan zen Tolosarako, eskolako arduradunen iritziz. «Erabaki mingarria izan zen. Ikasleek lana aurkitzen zuten, baina arrazoi desberdinengatik ingeniaritza ikasketak amaitu egin ziren», gogoratzen du irakasleak.
Azken hamarkadetan aldaketak eta jaitsiera handia ezagutu du eskolak. Goi eta erdi mailako formazio zikloekin eta lanorduz kanpoko irakaskuntza ez arautuarekin jarraitu zuten. Baso ingeniaritza ikasketak eskaintzea planteatu zen, baina atzera bota zuten. 2004ean kalitate agiriak lortzeko lanetan hasi ziren. 2003-04 ikasturtean hizkuntza normalkuntza programetan hasi zen. Azken urteotan bere egoitzari beste zerbitzu batzuk ere eman dizkiote. 2007an 3. solairua Tolosaldea Garatzen erakundeari utzi zitzaion. 2008an Hizkuntz Eskola Ofiziala hasi zen klaseak ematen eskolako egoitzan eta bertan jarraitzen du. 2011n irakaskuntza arauturako ikaslerik ez zen izan eta arautu gabeko formazioa eskaintzen jarraitu zuten, laborategiko analisiekin eta on line formazioarekin.
2012an Errenteriako Don Bosco Institutuan integratu zen eta 2013-14 ikasturtean berriro formazio zikloak ematen hasi zen kimika alorrean, paperari garrantzi berezia emanez. Urteurreneko ekitaldien barruan, bazkari batean elkartu ziren ehun bat ikasle ohi eta irakasle. Honela,bertan ikasitako estatuko paper-fabriketan goi eta erdi mailako postuetan lan egiten duten pertsonak itzuli ziren Tolosara. Estatuan erreferentea izan zen eskola honek berreskuratuko al du izan zuen garrantzia?