Bihar, osteguna, itsasoari eskainitako Amalur jardunaldiak amaitzeko, Julio Villarren (Donostia, 1943) Eh, Petrel! liburuan oinarritutako izen bereko antzezlana eskainiko du Astrolabium teatroak Topic-en 20:30ean, sarrerak salgai daude Topic-en bertan edo entradas.cittolosa.com-en. Omenaldi gisa, jardunaldien kartela liburua da gainera. Aitzakia aprobetxatuz, eskalatzaile aparta izan zen, munduari belaontzian buelta eman zion eta mendian ibiltzen jarraitzen duen donostiarrak antzerkiaz, bidaiez eta bizitzaz hitz egin du. «Bizitzatik pasatzen den gizontxoa» bezala definitzen du bere burua, «arrasto gutxi uzten saiatuz eta ez naizenaren itxura eman gabe».
Nola sortu da antzezlana?
Mikel Sarriegik deitu zidan, liburua behin baino gehiagotan irakurri zuela eta liburuaz antzerkia egin nahi zuela esanez. Oso gauza arina, leuna, isilune askorekin, izan behar zuela esan nion. Eskuizkribua erakutsi zidan, irakurri nuen eta gauza asko kendu behar zirela esan nion, arindu behar zuela.
Nolakoa da?
Ikusteko oso gauza polita da, irribarre batekin ikusten dena. Irudimen handia du. Mikel Sarriegik Julio Villar aspaldikoa eta oraingoa egiten ditu, kontrafigura bat dago, galderak egiten dizkiona eta akordeoi-jotzaile aparta dago baita ere, tarteka berak konposatutakoa jotzen duena.
Testua liburukoa al da?
Eh, petrel! liburutik atera ditu testu batzuk, Viaje a pie liburutik ere zerbait eta egin dizkidaten elkarrizketa batzuetatik ere bai. Dena ez da liburua. Elkarrizketa modukoa da. Pertsonaia zaharra eta gaur egungoa konparatzen ditu, kontraesan horiek. Ideia polita da.
Eta zu nola sentitzen zara?
Protagonista naizenez, lotsatu xamar begiratzen dut publikotik. 1974an idatzitako liburua da, urte batzuk lehenago idatzia. Oso intimoa, ontzi batean koaderno batean idatzia, inongo asmorik gabe. Itsasoan zaude, 20 egun uretan edo gehiago. Ez duzu ezertarako lotsarik, paperean biluztea bezala da. Gero argitaratu egiten da. Orain arte liburua etxean zegoen zerbait zen. Irakurri eta kitto. Orain 200 pertsona daude begira eta gauzak pentsatzen pertsona horretaz. Orain arte lagunek bakarrik ikusi dute, liburua irakurri dutenak. Horiekin identifikatzen naiz.
Bidaia jardunaldiak dira Amalur izenekoak. Nondik datorkizu zaletasuna?
Ia ez nekienean irakurtzen izeba batek Kon-Tiki ontziaren liburua irakurri zidan, Perutik Polinesiara egindako trabesia baltsa batean. Gauza horiek bere bidea egiten dute. Irakurri, amets egiten duzu eta hor gelditzen da aparkatuta. Eta aitarekin bidaiak irudikatzen genituen etxeko sofan eserita, sei anaiak manta batekin estalita. Aitak ez zuen bidaiatu. Sei semeekin nola egin? Baina bidaien ameslaria zen eta gutxinaka hori guri sartzen joan zen.
Mendian hasi zinen, beste asko bezala.
Bai, beste mutil batzuekin. Mendira joatea zen gehien gustatzen zitzaidana. Gehien gustatzen zitzaidana, orain bezala, mendian lo egitea zen. Hori zailagoa zen, etxean arazoak jartzen zizkigutelako; 13-14 urte nituen.
Kirola bezala hartzen al duzu?
Ez. Mendia zuretzat opari gisa hartzen dituzun uneak dira: bakarrik egon, bizi, lagunekin, konpartitu… Burua aktibatzen duzu, bizitza normaletik alde egiten duzu. Motxila txikia zerbaitekin, edo hori ere ez, bota batzuk eta nahi baduzu makila. Besterik ez da behar. Konpetizioa ez zait interesatzen. Eskalatzen nuenean onartzen dut gauza zailak egitea gustatzen zitzaidala eta ahal banuen lehena izaten saiatzen nintzen. Gaztetako kontuak dira. Ez dakit den zaharraren jakinduriagatik edo ezin dudalako egin. Mendiko lasterketetan jende jatorra eta osasuntsua dabil, baina eraso egiten nau horrek.
Alpeetan eskalatzen gauza handiak egin ondoren, itsasora jauzi egin zenuen istripu baten ondorioz.
Bai, 1996an istripu larria izan nuen Alpeetan, hanka hautsi nuen eta bi egun han zintzilik egon nintzen. Handik bi urtera belaontzia utzi zidaten, zazpi metrokoa, oso arina eta itsasoaz ezer jakin gabe atera nintzen. Balearretara joan nintzen, gero Bartzelonara, han adituei galdetu nien kokapenaz, baina inork ez zekien azalpenik ematen. Damutu baino lehen abiatu nintzen. Mendizalea izanda, besteek egiten bazuten nik ere egin nezakeela iruditzen zitzaidan. Kanarietara iritsi, zailena eginda zegoen, eta horrek jarraitzera behartzen zaitu. Ikasi egin behar izan nuen. Ia bost urte pasatu nituen eta munduari buelta eman nion. Han idatzi nuen liburua. 20-30 eguneko itsas ibilaldiak izan ziren,batzuetan 60 egun ere egin nituen itsasoan barrena bakarrik.
Urtetan aritu zinen itsasoan bidaiatzen.
Bai, besteen ontziak eramaten, Ameriketara. 14-15 aldiz gurutzatu dut ozeanoa. Pazifikora eta Indiako ozeanora ere itzuli nintzen. Asko gozatzen nuen. Eta udan mendiko gida bezala jarraitzen nuen Felipe Uriarte, Martin Zabaleta eta horiekin. Ozeanoan nengoela, mendiarekin amets egiten nuen: udazkena, sua egitea berotzeko, elurra… Hor dago umetan edoski nuen poesia. Gaztetako oso oroimen onak ditut, mendizaleak familia bat bezala ginen, denak ezagutzen ginen, Tolosako jendea, leku guztietan topatzen ginen. Eta ni beti umea nintzen besteen ondoan. Gauza asko egin nituen 23 urte arte, hanka hautsi arte. Himalaiara bidaiaren ondoren joan nintzen.
Mendiko gida lanetan jarraitzen duzu eta jendearekin topatzea duzu gustuko.
Bai, jenderik ez balego munduan ez dakit mereziko lukeen bidaiatzeak. Tibetera joaten zarenean tibetarrak ikusi nahi dituzu, bere lekuan eta bere eguneroko gauzak egiten ari direla. Lagun asko egiten dira bidean, oso jende apaletik oso jende ezagun eta distiratsura. Artzainekin topatzea eta hizketan egotea lasaitasuna da. Oso topaketa aberatsak dira, ez dute presarik eta zuk ere ez duzu izan behar. Ez zara konturatzen agian, baina ikasketa bat da. Egiten den lehenbiziko gauza zerbait galdetzea izaten da. Lasai. Gelditu, elkarri begiratzea badago eta ikusiko dugu zerbait galdetu behar den edo ez. Edo nahi duena esan dezala. Edo ez diogu elkarri ezer esango.
Horrelako gauzak egiten duen bakarra zara.
Ez dut bolbora deskubritu. Lagun kazetari batek ibiltzea iraultzaile bihurtu dela esan du. Xumea, erraza, apala dena iraultzailea da egun.
Zertaz zaude harro?
Harro ez, zoriontsu, jaio naizen tokian eta unean jaio izanaz pozik nago. Eta hainbeste zortea izateaz.