Liburutegiak, irakurtzeko eta beste gauza askotarako

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2016ko mar. 13a, 15:30

Tolosaldeko 23 liburutegi daude Eusko Jaurlaritzaren liburutegi sarean. Neurriaren arabera liburu, filma, disko eta aldizkari gehiago edo gutxiago dituzte. Bazkide eta mailegu kopurua asko aldatzen da, biztanle kopuruaren arabera. Erabiltzen al da zerbitzu hau? 

Zein da liburutegietako erabiltzailearen profila? Zein dira gehien hartzen diren liburuak? Igotzen ala jaisten ari da irakurle kopurua? Galdera hauek erantzuteko eskualdeko liburuzainekin jarri gara harremanetan eta erreportaje honetan izango duzue horren berri.

Orokorrean liburutegiek zerbitzu oso ona eskaintzen dutela esan behar da. Bakoitzaren bildumak zeintzuk diren, bazkide eta erabiltzaile kopurua eta bestelako datuak ondoko taulan dituzue eta asko erabiltzen den zerbitzua dela esan behar da. Altzon, Baliarrainen, Belauntzan, Berastegin eta Orendainen ezin izan dute datu zehatzik eman.

Hogeita hiru liburutegi horiek era askotakoak dira. Herri handienetan dute ordu eta langile aldetik eskaintzarik hoberena, baina herri txikiagoetan egoera oso desberdina da. Bertan irakurtzeko ohiturarik ez dago kasu gehienetan. Askotan ikasleek etxeko lanak egiteko, puzzleak egiteko, jolasteko eta marrazteko gunea da, herriko umeen bilgunea bilakaturik, eguraldi txarreko egunetan egoteko leku bakarra delako, adibidez Leaburun. Eguraldi onarekin, jende gutxiago izaten dutela nabarmendu dute Amezketan, batez ere haurren artean. Haur txikiekin batera, gurasoak ere joaten direla aipatu dute herri askotan. Liburutegian gurasoek haurrei ipuinak irakurtzea ere nahiko ohikoa da. Haurtxoteka deitzen diote espazio honi Zizurkilen. Eta gazteek wifia aprobetxatzen dutela esan dute Bidanian eta Tolosan.

Arduradun falta hiru herritan

Albizturren eta Berrobin, aipatutako aktibitateez gain, beste liburutegien arteko mailegu zerbitzua erabiltzen dutela jakinarazi dute. Baliarrainen eta Orendainen, ez dute arduradunik, eta orain hasi da udal langile bat liburuen inbentarioa egiten. Hori bai, liburutegien sarean daude eta eskatutako liburuak mailegatzen dituzte. 5.000 liburu badituzte Orendainen. Belauntzan ere arduradunik gabe daude, eszedentzian dagoelako eta kultur etxean dagoenez, bertan hainbat ekintza burutzen dira: ume eta gaztetxoen ludotekak Eguberri, Aste Santu eta uztailean, pilates eta zumba ikastaroak, hitzaldiak, gurasoen ekintza ezberdinak, herri bilerak eta KZgunea. Abaltzisketan adibidez, astean bitan bakarrik dago zabalik, bi orduz. Altzon haur eta gazte guztiak bazkide direla seinalatu digute. Berastegin une honetan ez dago publikoari irekia.

Herri handixeagotan bertan irakurtzeko, liburuak, egunkariak eta aldizkariak, ohitura handiagoa dago. Adibidez, Anoetan. Eta tarteka hitzaldiak eta ipuin kontaketak antolatzen dituzte. Amezketan eta Altzon haurrak eta gazteak bereizten dituzte bi espaziotan, jolas eta giroa eta lan giroa bereiziz.

Zizurkilen 2015ean lau hilabetez itxita eduki dute liburutegia, igogailuaren obrengatik. Horregatik erabilera datuak aurreko urteetakoak baino baxuagoak izan dira. Intsonorizatu gabea dagoenez, isiltasuna lortzeko zailtasunak aipatu dituzte, ondoko geletan musika, dantza eta kultur etxeko beste aktibitateak daudelako. Apirilerako espero dute liburutegi berria izatea, hobeto hornituta. Espazio zabalagoa izango dute eta gune desberdinak: ikasgela, gela balioanizduna (ikus-entzunezkoak, tailerrak, tertuliak), Haurtxoteka, hemeroteka eta kontsulta eta mailegu gunea.

Haurrak eta emakume helduak nagusi

Erabiltzailea aztertzerakoan, helduen eta haurren kasuak bereizten dituzte liburuzainek. Tolosan bereizita daude bi egoitzatan. Beste herri batzuetan gela bereziak dituzte adinaren arabera. Mailegu gehiago izaten da haurren artean. Helduen kasuan liburuak maileguan hartzen dituzten erabiltzaile gehienak emakumeak dira, nahiz eta gizonezko asko ere izan. Adinari erreparatuz, helduak dira nagusi. Haurren kasuan, txikiak direnean gurasoekin batera joaten dira liburutegira. Lehen amarekin eta orain aitarekin ere bai kasu askotan. 9-13 urteko gaztetxoak kuadrillan joaten dira eskolako lanak egitera, batez ere neskak. Gaztaroan asko jaisten da irakurle kopurua. «Adin horretan gauzak taldean egin nahi izaten dituzte eta irakurketa bakarka egiten da. Zaila da. Atzerrian bada teknologia berrien bidez irakurketa konpartitzeko proiektu interesgarria gazteentzat», adierazi du Susana Larre Tolosako Liburutegiko arduradunak.

Liburutegia bera irakurtzeko edo ikasteko erabiltzen duten gehienak ikasle gazteak izaten dira, batez ere azterketa garaian batxilergo eta unibertsitate ikasleak Tolosako kasuan. Ordenagailuen erabiltzaileak etorkinak eta kalean bizi direnak dira kasu askotan. Egunkariak eta aldizkariak irakurtzen erretiratu asko izaten da, batez ere gizonak.

Nobelak eta gazteleraz

Gehien irakurtzen diren liburuak intrigazko nobelak eta best seller-ak dira helduen kasuan, gehienbat gazteleraz, eta haurren artean Txomin, Kroko, Diario de Rek, Nur eta horrelako bildumak, modan daudenak. Hori aberastea dute helburu liburuzainek. «Sekula euskaraz irakurri ez duten euskaldun asko etortzen da», dio Larrek. Ibarran ere best seller-ak eta nobela poliziakoak aipatu dizkigute irakurrienak bezala, Millenium eta Dolores Redondoren fenomenoak aipatuz adibide gisa. «%90a gaztelaniaz irakurtzen da», dio Juanjo Alustiza Ibarrako liburuzainak.

Liburu digitala ere goraka nabaritu dute liburuzainek, baina askotan erabilpen arazoak izaten dituzte adineko irakurleek. Irakurtzeko hainbat tresna erosi dituzte Tolosan adibidez. Eta liburu zerrendak prestatu ditu euskal liburuzain talde batek, euskara ere kontuan hartuz.

Bilakaeraz, Tolosan, azken hobekuntzen ondorioz, mailegu eta erabiltzaile helduen kopurua handitu egin dela diote. Haurren kasuan mantendu egin omen dira kopuruak, baina hiru ordu bakarrik zabalduta, helduen liburutegiko kopuruak bikoiztu edo hirukoiztu egiten omen ditu. 23 urte daramatza Alustizak Ibarrako liburutegian eta erabiltzaile kopurua handitu egin dela dio, nahiz eta irakurketa datuak jaitsi.

Liburuez gain, beste material asko aurki daiteke liburutegietan: aldizkariak, DVDak, CDak, egunkariak… Tolosakoan adibidez, haur liburutegian 8.804 bideo utzi dituzte maileguan eta 1.530 helduenean; beste hizkuntzetan 322 liburu mailegatu dituzte haurren artean eta 210 helduen artean; eta 276 aldizkari helduen artean eta 143 haurren artean. Ibarran adibidez, 918 aldizkari desberdin dituzte. Villabonan beste hizkuntzetan 259 liburu eraman dituzte maileguan.

Herri bakoitzeko biztanleria kontuan hartuz, herritarren herenak dira bazkide Anoetan, Asteasun, Berrobin, Ibarran, Larraulen, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen. Besteetan ehuneko txikiagoa dute. Bazkideetatik laurdenak dira erabiltzaile Ibarran. Emakumeen presentzia nabarmenagoa da herri guztietan.

Erabilera eta irakurzaletasuna bultzatzeko aktibitate batzuk burutzen dira hainbat herritan. Ipuin kontaketak dira ohikoenak. Ibarran bi hilabetez behin egiten saiatzen dira eta ikasleen bisita gidatuak ere egiten dituzte, ikasleak bazkide egin eta funtzionamendua azalduz. Liburu aurkezpenak ere egin izan dira herri batzuetan.

Hau da gure liburutegien argazkia. Zerbitzu aberasgarri hau ezagutzera eta erabiltzera animatzea besterik ez da falta.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!