Aurreko mendean euskaldun askok migratu behar izan zuten urrutira 1936ko Gerraren ondorioz. Lehendabizi Ipar Euskal Herrira joan ziren asko eta gero, Munduko II. Gerraren ondorioz, Ameriketara. Han hamarkada batzuk lehenago, gose garaian migratu zuten euskaldun askorekin topatu ziren. 1936ko gerrako oroitzapenak Tolosaldean eta Leitzaldean liburuan jaso genuen errefuxiatu askoren testigantza. Alde egin behar izan zuten familia osoak izan ziren, baina gaurko kasuan gizarteko sektore ahulenetako batean zentratuko gara: Gerrako Umeak deitu zirenak.
Espainiako Gerrako bando galtzaileko familietako seme-alabak izan ziren Gerrako Umeak: sozialistak, komunistak, anarkistak, abertzaleak... Etorkizun latza zetorkiela ikusita, itsasontzietan sartu eta onartu zituzten. Europako herrialdetara eraman zituzten: Frantzia, Belgika, Errusia, Ingalaterra… Lehen aipatutako argitalpenean Tolosaldeko 120 haur ingururen zerrenda osatu genuen eta zortzi lagunen testigantzak ere jaso genituen, denak tolosarrak. Hartutako herrialde eta familien berotasuna eta maitasuna goraipatzen dute denek, gehienetan oroitzapen onak mantenduz esperientzia hartatik.
1937ko martxotik ekainera atera ziren haur gehienak Euskal Herritik, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Laguntza, Kultura eta Justizia sailek antolatutako kanpaina batean, frankisten aurrerapena ikusita. 30.000 haur inguru atera ziren orduan, atzerrian hemen frankisten menpean baino hobeto egongo zirelakoan. Babesa, janaria eta hezkuntza jasotzeko itxaropenean. Gehienak Frantziara, eta besteak Ingalaterrara, Belgikara eta Errusiara. Denboraldi baterako irtenbidea zena kasu askotan urtetan luzatu zen eta haietako haur batzuk ez ziren sekula itzuli jaioterrira. Europako elkartasun erakundeen laguntza ezinbestekoa izan zen ebakuazioa aurrera eraman ahal izateko, talde katolikoak edo ezkerreko alderdiekin erlazionatutakoak gehienetan.
Itzuli ez zirenak
Itzuli ez zen haietako bat Carlos Larraioz izan zen. Urte eta erdirekin atera zen 1937an jaioterritik eta senitartekoekin batera eraman zuten Frantziara, aita hil eta gutxira. Bertan gelditu zen, Clermont-Ferrand inguruan, haurtzaro eta gaztaro osoa pasa, familia sortu zuen eta oso gutxitan itzuli da Tolosara. Liburuaren aurkezpenean familiarteko batzuk ezagutzeko aukera izan zuen Tolosan. Gerrak bere bizitza markatu zuela adierazten zuen liburuan, hemen familia zuela ahazteraino.
Maria Pilar Pascual izan zen itzuli ez zen beste tolosarra. Belgikara eraman zuten gerraren amaieran, gazte zela (17 urte), eta bertan ezkondu eta gelditu zen bizitzen. Aita eta beste senitarteko batzuk gerran hil ziren. 1937an atera ziren Santanderretik. Bruselan militante sozialistek herriko etxean egin zieten ongietorria gogoratzen zuen: goxokiak, janaria, ahaztutako ogi zuria… Bitartean bere familia sakabanatu egin zen munduan zehar: Mexiko, Txile, Frantzia… eta hemen gelditu zirenak kartzelan edo kontzentrazio esparrutan sartu zituzten. Familia desegitea izan zen gerraren ondorio nagusiena. Etxera itzultzeko, Francoren erregimenaren aldaketa espero zuten, baina hori asko luzatu zen eta bertan gelditu zen. 1959an etorri zen familia bisitatzera lehen aldiz.
Manuela Martinezek 20 urte pasatu behar izan zituen atzerrian, Errusian, adinik onenean, Espainiako 36ko Gerraren amaieran ez zirelako itzuli, beraiek hasieran uste zuten bezala. Amak Frantziara bidali nahi zuen, baina kupoa bete eta Errusiara bidali behar izan zuen. 1937an atera ziren, 11 urte zituela eta bere anaia Hipolitok zortzi urte zituela. Egun batzuetako bidaiaren ondoren, Leningradora iritsi ziren eta Moskutik 100 kilometrotara zegoen etxe batera eraman zituzten. Lekuz aldatu zituzten, baina Munduko II. Gerra zela eta, aurreko etxera itzuli zituzten. Leku gehiagotan ere izan ziren eta anaiarekin urte batzuk bananduta ere pasatu zituen. Ikasketak burutzeko aukera izan zuen. 1956an itzuli ziren bi anai-arrebak. Aita ez zuten gehiago ikusi, lehenago hil zelako, atzerrian zirela.
Epe laburreko esperientzia
Paqui Ibarguren bost urterekin eta bere anaia Jose zazpi urterekin atera ziren Tolosatik. Anai-arrebak, hilabete batzuk Bizkaian eta Kantabrian zehar ibili ondoren, Frantziara eraman zituzten Santanderretik, itsasontziaren sotoan ezkutatua. 1939an itzuli ziren. Oroitzapen onak dituzten Frantziako egonaldiaz.
Duela gutxi hil den Esteban Larraioz (Carlosen osaba), hilabete batzuk Bilbon pasatu ondoren, Ingalaterrara bidali zuten, 14 urte zituela eta 1937an itzuli zen. Etxea hutsik aurkitu omen zuen itzuleran. Bizitza berria hasi behar izan zuen.
Juan Jose Hernandez Belgikara joan zen, Frantziatik barrena, gerraren hasieran, aita frontean zuela. Alderdi sozialistaren kolonia batean egon zen eta 1939an itzuli zen, gerra amaitu eta Tolosako alkateak hala eskatuta. Jendea nahikoa ondo portatu zela zioen.
Fernando Bustamante bederatzi urterekin joan zen Habana ontzian Frantziako Oleron uhartera, Alfonso (zortzi urte) eta Tomas (bost urte) anaiekin eta Jesusa Urbistondo (hamar urte) lehengusuarekin. Alfonso ontzian galdu eta urtebetez ez zuten elkar ikusi. Belgikako familia katoliko batek adoptatu zuen eta bere anaia Tomas herri bereko beste familia batek. Haurtzaroko urterik zoriontsuenak pasatu omen zituen, Tolosara itzuli zenean senitartekoak egoera latzean zeudelako.
Antonia Euba tolosarra 12 urterekin abiatu zen Frantziara, bi ahizpa eta amarekin. Bizitza osoko opor bakarrak bezala gogoratzen du hango urtebeteko egonaldia.
Hauek dira jaso genituen zortzi haur tolosarren kasuak. Baina milaka izan ziren. Agian beste haur haietako batzuk ez zuten hain esperientzia ona izango. Posible da gosea, hotza eta miseria ezagutzea. Orain historia errepikatu egiten da. Siriako errefuxiatuak etorriko dira laster, ez bakarrik haurrak, familia osoak baizik. Zein izango da eskainiko diegun harrera?