Zortzi emakume dira eta jada sei egun daramate etengabeko izango den gose greba egiten. Lotarako zakuak eta beroki batzuk hartu eta Madrileko Puerta del Sol ezagunean jarri dute beren kanpamentua. Zergatik hasi diren emakume horiek gose greba etengabea egiten? Ba, eurek diotenez, indarkeria matxistarik gabeko herri batean bizi nahi dutelako. Arazo oso larria dela indarkeria matxistarena uste dute, eta baita ere, arazo larri hori Estatuaren ardura izan beharko lukeela. Uste dute Espainiako Gobernuak indarkeria matxistaren aurkako ardura hartu behar duela, eta horretarako krisi-gabinete bat sortu arazo ezin larriago honen konponketa bideratzen hasteko. Jendea hasi zaie inguratzen, babesa ematen. Hiritar ugari inguratzen zaizkie eta salda beroa eta berokiak eskaintzen dizkiete laguntza gisa. Udaletxean hilabeteko baimena eman die bertan kanpatuta egon daitezen, baina emakume ausart hauek esan dute ez dutela etsiko, ez direla bertatik mugituko aldarrikatzen duten eskaera entzuna izan arte edota eurak ere erailko dituzten arte. Oraindik, partidu politikoek ez diete erantzunik eman emakume hauei.
Datuak, esan bezala, ikaragarriak dira. Espainian urtea hasi zenetik hamar emakume erail ditu indarkeria matxistak, hau da, lau egunez bat. Azkena, atzo bertan izan zen Ciudad Realeko herri batean. Gizon batek emaztea eta 18 urteko alaba hil zituen labankadaz. Bataz beste, eta azken urteetan Espainian hirurogei emakume hiltzen dituzte urtero. Urtea hasi zenetik eta gaur arte, hau da, otsailaren erdira arte hamar emakume hil ditu indarkeria matxistak, eta iaz ere zifra igualtsua izan zen, beste hamar emakume erailda. Ikusten denez, zifrak oso gutxi aldatzen dira zoritxarrez. Horrelako hilketen kontaketa duela hamar urte hasi ziren egiten, 2007. urtean eta urte hartan hirurogeita hamaika emakume hil zituzten. Iaz, esan bezala, berrogeita lau: beraz esan daiteke, bataz beste, urtero hirurogei emakume inguru hiltzen dituztela.
Gauzak ez daude oraingoz batere xamur: Euskadin bertan lau milatik gora emakumek behar dute nolabaiteko babes motaren bat halako hilketak ekiditeko. Eta ez da batere kontsolagarria, egia esateko, baina munduan barrena gauzak oraindik ere askoz okerrago daude. Adibide pare bat besterik ez dut orain hona ekarriko: Kolonbian egunero-egunero bi emakume hiltzen dituzte eta Errusian berrogei minutuero hiltzen du bikotekideak emakumea. Eta munduan, orokorrean hartuta, hilketa bat gertatzen da hamar minutuero, hau da, sei emakume hilda orduero, hau da, ehun eta berrogeita lau emakume egunero, hau da, berrogeita hamahiru mila emakume urtero. Zifra hauek benetan espantagarriak dira. Gizon batek pentsatzen du eskubidea daukala emakume horrekin nahi duena egiteko eta, besterik gabe, hil egiten du. Eta horrela gertatzen da berrogeita hamahiru mila emakumerekin urtero munduan zehar. Ederki gaude.
Nik ez dakit zerbait lortuko duten Madrileko Puerta del Sol horretan protesta egiten jarri diren zortzi emakume horiek, baina txalotzekoa da beren portaera dudarik gabe. Ikusi egin behar orain alderdi politikoetan sartuta dauden politikariek, hau da, gure dirutik bizi diren agintari horiek zerbait egiten duten arazo larri honen aurrean, ikusi egin behar zer-nolako erantzuna ematen dieten emakume ausart hauei.
Ondo izan!
Joxemari ITURRALDE