Kale Kantoitik

Zerbait gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Joxemari Iturralde 2017ko ots. 10a, 14:33

Inoiz ezagutu ez den desberdintasuna dago Estatu Batuetan, desberdintasuna bere orokortasunean aztertzen badugu ohartuko gara orain ari direla Estatu Batuetan bizitzen, nozitzen, historian ezagutu duten garairik larrien eta kaxkarrena.

Joan den asteko saioan Estatu Batuetako egoerari buruz aritu nintzen hizketan, aintzat hartuz presidente berria aukeratu dutela eta. Gaia luzea eta mamitsua denez, gaurko saio honetan zerbait gehiago esatea gustatuko litzaidake. Aski ezaguna da Noam Chomsky pentsalaria mundu osoan. Bere iritziak zuzenak bezain zorrotzak izaten dira beti, eta esaten duena arreta handiz entzuten da denek onartzen dutelako daukan intelektual maila handia. Garai batean, aspaldi, ni unibertsitatean ikasten ari nintzenean, Noam Chomsky estudiatzen genuen baina linguistika mailan, atal horretan egin zituen aurrerapenak oso kontuan hartzekoak zirelako. Urteak aurrera, Noam Chomskyk hainbeste ikerketa egin ditu, hainbeste liburu kaleratu ditu, baina ez linguistika landuz, baizik eta soziopolitika aintzat hartuz.

Bere liburuetan ederki asko esplikatzen du Noam Chomskyk gazte zenean, Depresio Handiaren garaian, langabezia oso altua zela Estatu Batuetan, egoera orain baino askoz okerragoa zela baina, baita ere, bazegoela gizartean itxaropen sentsazio benetakoa, gaur egun ez dagoena inondik ere. Garai hartan itxaropen horrek adierazten zuen gauzak hobetzeko aukera bazegoela, gaur egun, ordea, itxaropen hori pikutara joan da. Inoiz ezagutu ez den desberdintasuna dago Estatu Batuetan, desberdintasuna bere orokortasunean aztertzen badugu ohartuko gara orain ari direla Estatu Batuetan bizitzen, nozitzen, historian ezagutu duten garairik larrien eta kaxkarrena. Eta desberdintasun hori sortzen da populazioaren zati txiki bat, ehuneko bat, eta ez gehiago, oso-oso aberatsa delako. Garai hauek oso bereziak dira Estatu Batuetan, izan ere, aberastasunaren banaketa aztertzen badugu ohartuko baikara desberdintasun hori superaberastasun horretatik sortzen dela. Ehuneko bat horretatik hamarretik bat oso-oso-oso aberatsak dira. Eta desberdintasun egoera honek, injustua izateaz gain, ondorio oso negatiboak ditu gizartearen osotasunean, desberdintasunak efektu korrosiboak eta suntsitzaileak baititu demokraziarekiko.

Garai bateko amets amerikarra oinarritzen zen mobilitate sozialean: pertsona bat pobre jaiotzen zen, baina gogor lan egiten baldin bazuen aberats bihurtzen zen. Langile batek lanpostu on bat lor zezakeen, etxe bat erosten zuen, auto bat eta seme-alaben ikasketak ordain zitzakeen. Orain, ordea, amets amerikar hori pikutara joan da, desagertu da, desegin da betiko. Hori dela-eta, jende askok ez du jada politikan sinesten, eta badirudi jende askok ez duela jada demokrazian ere sinisten. Orain kaudillo moduko bat aukeratu dute presidente, eta badirudi indibiduo hori prest dagoela edozein gauza egiteko.

Joan den astean Der Spiegel astekari alemaniarrak Donald Trump presidentearen irudia kaleratu du. Eta irudi horrek polemika izugarria sortu du hainbat lekutan. Irudi horretan Trump ikusten da Askatasunaren Estatuaren burua, lepotik moztuta, esku batean daukala eta bestean ezpata odoleztatua. Buru moztutik ere odol tantak erortzen dira. Batzuei oso egokia iruditu zaie irudi hori eta beste batzuei, aldiz, oso esajeratua. Baina kontua da presidente aukeratu berri hori izugarrizkoak eta bi hasi dela egiten pare bat astean soilik. Garbi adierazi baitu ez dituela onartzen erabaki judizialak, ez badira berak nahi dituenak, eta epaile horiek erridikuluan utzi nahi izan ditu. Estatubatuar nazionalitatea duten hiritarrak ez ditu beren herrian sartzen utzi. Tortura ezarri du lan metodo normal gisa bere ustez terrorista direnekin erabiltzeko. CIAko zuzendariorde izendatu du kartzela sekretuak eraiki zituen agentea. Emigranteen aurka, musulmanen aurka, hispanoen aurka, emakumeen aurka… kristorenak bota ditu, lasai asko. Eta egunero ezartzen du lege harrigarriren bat, bezperakoa txiki uzten duena… Izugarrizko arriskua dauka indibiduo honek, baina kontuz, ez dugu inoiz ahaztu behar demokratikoki hautatua izan dela, eta ia hirurogei miloi pertsonak eman dutela botoa bere alde. Ederki gaude.       

Ondo izan!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!