Kale Kantoitik

Amenazu bat gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Joxemari Iturralde 2017ko ots. 3a, 17:09

Guztiz izututa gaude ohartzean zer-nolako zirku absurdoa bilakatu den estatubatuar politika, eta espero dezagun mundua aurrera aterako dela Trump horren gainetik. 


Egun on, Joxemari Iturralde naiz, idazlea. 

Behin baino gehiagotan egon naiz Estatu Batuetan, ezagutzen ditut Kalifornia, New York, Virginia…, eta egia esateko, gauza asko daude oso gustukoak ditudanak bertan. Baina onartu beharra dago Estatu Batuek munduko onena eta baita txarrena ere badutela. Artean, zientzietan, kirolean, kulturan orokorki… goi maila lortu zuten Estatu Batuek aspaldi. Baina garbi dago asko hobetu behar dutela oraindik ere sistema sozialaren antolaketan, osasungintzan, arraza ezberdin eta zapalduen defentsan, heriotza zigorraren kontuan…  

Urte hauetan bertako adiskideak egin ditut eta harreman estua dut lagun horiekin. Aste honetan bertan lagun horietako bikote batek gutuna idatzi dit. Biak dira unibertsitateko irakasleak eta idazleak gainera. Hona hemen niri bidali didaten gutun horretatik esaldi bat: Guztiz izututa gaude ohartzean zer-nolako zirku absurdoa bilakatu den estatubatuar politika, eta espero dezagun mundua aurrera aterako dela Trump horren gainetik. 

Jada urte batzuk ditugunok hippyen garaia ezagutzeko eta bizitzeko aukera paregabea izan genuen. Kalifornian sortu eta garatu zen gehien bat hippyen kultura. Kultura horretan ardatzetako bat musika izan zen eta musikarien artean hainbat lider eta profeta sortu ziren. Horietako bat Frank Zappa handia izan zen. 

Frank Zappa abeslari eta aktibista ospetsuak aspaldi esan zuen: estatubatuarren eta munduko beste herrien artean dagoen diferentzia da gu (eta bera ere estatubatuarra zen) izugarri ergelak garela. Beste herriek milaka urteko kultura dute, badute beren historia, hizkuntza, artea mendetan eta mendetan zaindu eta garatu dutena. Guk, aldiz, berrehun urteko historia besterik ez dugu, ez daukagu ezer, eta hala ere, uste dugu munduko ardatza garela. Ezin ergelagoak gara. Hori da Frank Zappa artista handiak esandakoa duela berrogei urte. 

Orain, ordea, gauzak askoz okerrago daude bai eurentzat nola guretzat ere, Trump ergela agintean jarri denetik. Kontuz, ordea, Trump ergela izango da, pertsona nazkagarria izango da, pertsona oso arriskutsua izango da, baina ez dugu ahaztu behar demokratikoki atera dela presidente, demokratikoki aukeratu dutela estatubatuarrek, eta gutxienez erdiak izan direla beren aldeko hautua egin dutenak. Orain Trump, guztiz hazita, hasi da kristorenak eta bi egiten, lege ezin aldrebesagoak indarrean jartzen, edozein tontakeria edozein momentutan esaten. Horma izugarria eraikiko du Mexiko bazterrean uzteko, tortura legez baimenduko du, gustuko ez dituen epaileak (berak esandakoarekin ados ez daudelako) kargutik kenduko ditu… eta horrelako beste hainbeste aldrebeskeria. Eta kontuan izan oraindik ere ez direla hamar egun bete agintzen hasi zenetik. Badugu, beraz, amenazu bat gehiago gure artean indibiduo hau agintean jarri denetik. Ederki gaude.

Ondo izan!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!