Kale Kantoitik

Irakurketaren erorketa

Erabiltzailearen aurpegia Joxemari Iturralde 2017ko urt. 27a, 17:00

Ez, ez, nik ez dut euskarazko liburuak irakurtzeko ohiturarik, bateren bat irakurtzekotan gaztelerazkoak hartzen ditut. Zenbat aurreratu dugu azken berrogeita bost urte hauetan? Ederki gaude.

Duela astebete kaleratu dute Irakurketa Espainian deituriko txostena. Urtero bezala aurreko urteko datuak ematen ditu ezagutzera. Azken txosten honek, beraz, ezagutzera ematen digu nolako egoeran zegoen irakurketa iaz, hau da, 2016. urtean. Datu ugari datoz txosten horretan, baina oso erraza da garrantzitsuena laburtzea. Hara: iaz %40k ez zuen liburu bakar bat ere irakurri urte osoan. Datua beldurgarria da, are gehiago, negargarria ere bada. Gauza jakina da herri bat, irakurtzen ez dituen herritarrak dituenean, atzean geratuko dela dudarik gabe.
Urtero, 700 edo 800 liburu-denda ixten omen dira Espainian, eta bizirik geratzen diren liburu-dendek mila gauza asmatu behar izaten dituzte itxi gabe jarraitu nahi baldin badute. Liburutegien kopurua ere beherantz doa, eta ez dago inolako berezko politikarik hau guztia konponbidean jartzeko. Orain arte, liburuak eta liburu-dendak aipatu ditut, baina prentsaren egoera ez da, inondik ere, askoz hobea. Azken hamar urte hauetan prentsa saltzeko postuak %25 jaitsi dira, eta duela hamar urte 30.000 prentsa-kiosko baldin bazeuden orain jada 22.000 baino ez dira geratzen.
Joan den astean bidaia luzea egin dut trenez. Eta holakoetan beti egiten dudan bezalaxe, nire eserlekutik treneko kafetegirainoko joan-etorrian kontatzen joan naiz zenbat jende ari zen irakurtzen. Pentsa, lasai eserita trenean ia sei orduko bidaialdia egiteko, eta bagoi hartan berrogei bidaiari horietatik soilik batek irakurtzen zuen liburu bat eta ia beste gehienek telefono mugikorra zen esku artean zuten tramankulua. Bai, bai, asmatu duzue, liburua irakurtzen ari zen pertsona hori emakumezkoa zen, normala denez, eta ez gizona.
Niri, egia esan, ez zait harridura sortzen horrelakoak eta antzekoak ikusten ditudanean, bai baitakit nolakoa den egungo egoera irakurketari buruz. Nik beti esan izan dut nahiago dudala irakurtzen duen pertsona batekin egon irakurtzen ez duen batekin baino. Horretan ez daukat inolako dudarik.
    Ez dakit ohartu zareten orain arte eman ditudan datu apur horiek beti ere Espainiako egoerarekin daudela lotuta, hau da, Espainian irakurtzen diren liburuekin eta gaztelaniaz publikatuta dauden liburuekin. Ohartuko zineten, baita ere, ez dudala datu bakar bat ere eman Euskal Herriko egoerari buruz, ez dudala ezertxo ere aipatu hemen euskaraz publikatutako liburuei buruzko datuez, ez dudala ezer esan urtean zehar zenbat liburu, euskaraz idatzita, irakurtzen dituzten euskaldunek. Eta ez ditut datu horiek eman benetan penagarriak direlako, Espainiakoak kaxkarrak baldin baziren, hemengoak askoz ere txarragoak direlako. Badira jada berrogei urte baino gehiago Franco diktadorea hil zenetik: orduan euskal kultura eta euskara bera zapalduta omen zeuden. Denbora ugari pasatu da harrezkeroztik eta esan liteke, arlo honetan, ez dugula ezer asko aurreratu. Hitz egin batekin, hitz egin bestearekin, eta esango dizute: ez, ez, nik ez dut euskarazko liburuak irakurtzeko ohiturarik, bateren bat irakurtzekotan gaztelerazkoak hartzen ditut. Hori liburuez ari baldin bagara. Eta euskal prentsaz, zer? Hara, egin ezazue proba hau: joan zaitezte edozein herritara eta edozein kioskotan galdetu egiozue bertako saltzaileari: BERRIA egunkaritik zenbat ale saltzen dituzu egunero? (Ohartu behar da BERRIA dela euskaldunok dugun euskarazko egunkari bakarra, oraingoz behintzat). Eta galdetu egiozu segidan: eta Diario Vasco edo El Correo-tik zenbat ale saltzen dira egunero? Pentsatu horri buruz tarte batean. Eta orain azken galdera: zenbat aurreratu dugu azken berrogeita bost urte hauetan? Ederki gaude.
Ondo izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!