Egun on, Joxemari Iturralde naiz, idazlea.
Betidanik izan da zinerako zaletasuna Tolosan. Jada adin batera ailegatu diren tolosarrek, eta baita neronek ere, gogoratzen dugu Tolosak lau zinema areto zeuzkan garai hura. Lau zinema eta lauak astero pelikulak ematen. Zinema horien izenak ere gogoan ditugu oraindik: Gorriti, Igarondo, Iparragirre eta, azkenik, Leidor. Leidor zinema inauguratu zenean, egun oso seinalatua izan zen Tolosan. Izan ere, Leidor zinema garai hartako modernoena izan zen Espainia osoan eta handienetakoa, handiena ez bazen. Azken teknologia zeukan eta Todd-Ao sistema hura oso iraultzailea izan zen. Pantaila erraldoi hartan ikusi eta gozatu genuen Ben-Hur pelikula ahaztezinaren estreinaldia.
Gogoan dut Gorriti zineman, pelikulez gain, musika emanaldiak ere egiten zirela, batik bat igande goizetan: hantxe ikusi nuen nik behin Los Tauro talde tolosarraren kontzertu bat. Gaur egun oso harrigarri egingo litzaiguke horrelako ordutegi bat, baina gogoratzen naiz Igarondo zinemako haurrentzako saioak, igande arratsaldeetan, hiruretan hasten zirela. Eta ostegun arratsaldeetan, ikastetxeetan festa izaten genuen, Leidor zinemak programa bikoitza eskaintzen zuela, hau da, bi pelikula segidan, bata bestearen atzetik, atseden txiki bat egin ondoren.
Pelikula mitikoak ikusi genituen garai hartan, ahazten ez diren horietakoak, lau zinema areto horietan: Los diez mandamientos, Ben-Hur, El coleccionista, La noche de los generales, El puente sobre el río Kwai, Lawrence de Arabia… , eta beste hainbeste gehiago. Eta hainbeste aktore on eta ezagunen artean, bada bat garai hartako zinema zaleek beti gogoan duguna: Kirk Douglas. Orain bere semea ere oso famatua da, Mickel Douglas, eta denek “Daglas” ahoskatzen dugu, baina garai hartan guretzat Kirk “Duglas” esaten genion eta ez, orain bezala, “Daglas”. Eta hau guztia ari naiz orain kontatzen Kirk Douglas aktore handiak ehun urte bete dituelako. Bai, bizirik dago oraindik, eta diotenez, sasoian eta indartsu. Duela hogeita hamar bat urte inguru, Kirk Douglasek bere memoriak idatzi zituen. Nik orduan, liburua kaleratu bezain agudo, irakurri nuen eta esan beharra daukat liburu zoragarria dela. Trapu-saltzailearen semea deitzen da memoria-liburu hori, horixe baitzen bere aita, Errusian jaiotako trapu-saltzaile bat. Hortxe kontatzen digu Kirk Douglas aktoreak bere bizitza. Hasteko, esan beharra dago bere izena ez dela Kirk Douglas, Issur Danielovitch baino. New York estatuko zonalde pobre batean jaio zen. Bere aita errusiarra zen, Moskun jaioa, baina 1908. urtean alde egin zuen handik bestela armadan sartu eta errusiar-japoniar gerrara eramango baitzuten borrokatzera. Behin Estatu Batuetan, esan bezala, trapu-saltzaile lanetan hasi zen. Ama, berriz, ukrainarra zen, nekazarien familia pobre batean jaioa. Hau ere, urtetan okindegi batean lan eginez, Estatu Batuetara etorri zen dirua aurreztu zuenean.
Kirk Douglas pantailan bakarrik ikusi dutenek gogoan dute bere lan bikaina hainbeste pelikula zoragarritan: Espartaco, Duelo de Titanes, El loco del pelo rojo, Senderos de gloria, Los vikingos… eta beste hainbatetan, eta agian Hollywoodeko lilurak eta glamourrak itsututa pentsa dezakete bizitza oso erraza izan dela aktore honentzat. Ehun urte betetzeko halako maila altua mantenduz, suertea izan behar da, bai, baina baita ere komeni da indartsua izatea, nortasun handia edukitzea, halako bizimodu gogorra eta pobrea izan baldin baduzu haur eta gazte denboran. Hori guztia ederki asko kontatzen digu Kirk Douglas aktoreak bere memoria-liburu zoragarri horretan, Trapu-saltzailearen semea deiturikoan. Irakurtzea merezi du.
Ondo izan.
Joxemari Iturralde