Egun on, Joxemari Iturralde naiz, idazlea.
Aste honetan hil da Fidel Castro. Hurrengo egunerako sare sozial guztietan zabaldu zen Uruguaiko presidente ohia den Jose Mujicak hainbeste urtetan Kubako liderra izandakoari idatzitako gutun luzea. Gutun luzea, zorrotza, zehatza zen, Mujicak Castrori zuzendutakoa. Sare sozialen bitartez milaka eta milaka lekutan zabaldu eta ezagutu den gutuna. Gutun hori zabaldu duten milaka eta milaka pertsonaren artean, ezaguna dudan euskal idazle batek ere zabaldu du gutun hori bere facebook-eko orrian. Zer gertatzen da, ordea? Ba, gutun hori gezur hutsa dela, dena izan dela asmazio bat, engainu bat eta adar jotze izugarri bat. Nire ezagun horrek, euskal idazle horrek, hori jakin bezain agudo ezabatu du gutun hori bere web orritik. Eta gauza bera egin dute beste askok ere. Berdin dio, ordea. Ordurako munduan milioika pertsonak irakurri dute albiste faltsu hori, eta askok eta askok sinistu egin dute. Berandu da jada atzera egiteko.
Internetek eta sare sozialek gauza on asko, onura ugari daukate, dudarik ez. Baina aditu askok uste dute mesede baino gehiago kalte izugarria ere egin dezaketela. Inori min egingo dion eta gezurra den albiste bat asmatu eta interneten zabaltzen baduzu, hori jada ez dago gelditzerik, eta egindako min horren kaltea ezin da kalkulatu. Kontu handiz ibili beharra dago, arriskua itzela baita. Eta non dago akatsa? Ba, inon ez dagoela filtrorik, inork ez duela egiaztatzen interneten zintzilikatzen diren albiste horiek, eta behin hor jarriz gero, jada ez dagoela kalte hori inolaz ere gelditzerik. Oso larria, benetan.
Egun hauetan irakurri dut Umberto Eco intelektual eta idazle handiak idatzitako azken liburua. Jakina denez, aurten hil da 84 urterekin, eta hil ondoren kaleratu dute bere liburu hori. Gaztelaniaz titulu hauxe du liburuak: “De la estupidez a la locura”, eta Umberto Ecoren liburu guztiekin gertatzen den bezalaxe, honetan ere ideia eta hausnarketa zehatz eta sakon mordoa aurkituko du irakurleak. Aipatu dudan gai honi buruz ere hainbeste gauza zorrotz eta interesgarri esaten ditu. Jakina denez, Umberto Ecok ez zituen sare sozialak batere maite, nahiz eta asko ikertu dituen. Agian horrexegatik, hain zuzen ere. Eta zergatik? Ba, berak dioenez: “Sare sozialek hitz egiteko aukera ematen diote ergel hutsak diren milaka eta milaka pertsonari lehen, garai batean, soilik tabernetan hitz egiten zuten horiei pare bat baso ardo edan ondoren, gizarteari minik egin gabe. Ardoa edan, tontakeria esan eta gero tabernatik etxera joaten ziren. Baina orain internetekin, ergel horiek Nobel saridun batek duen hitz egiteko eskubide berbera dute. Hau ergelen inbasioa da”.
Telebistak herriko ergela promozionatu du, eta horri horrela dela eta, ikusleak ergelaren gainetik ikusten du bere burua. Baina orain etorri den drama da internetek herriko ergela promozionatu egin duela egiaren sostengatzaile bakarra bera balitz bezala. Internetek kazetaritza txarraren postua hartu du. Irakurtzen baduzu –dio Umberto Ecok- La Repubblica, Il Corriere della Sera, El País… pentsa dezakezu notiziaren gainean badagoela halako kontrol moduko bat, eta fidatu egiten zara. Aldiz, egunkari kaxkar bat irakurtzen baduzu, ez zara fidatzen. Baina internet eta sare sozialekin guztiz kontrakoa gertatzen da: edozein gauzarekin fidatzen zara, denekin fidatzen zara, ez dakizulako bereizten, ezin duzulako bereizi, zein den iturri ona eta zeinek ez daukan ez buru ez hankarik. Pentsatu bakarrik zer-nolako arrakasta izaten duten interneten edozeinek asmatutako istorio absurdo horiek. Izugarrizko jarraipena izaten dute eta jende askok eta askok sinistu egiten dituzte besterik gabe.
Garai batean jakin zitekeen albisteen iturria zein zen, Reuters agentzia, Tas agentzia… orain egunkarien joera politikoa zein den dakigun bezalaxe. Baina internetekin ezin duzu jakin nor ari den hizketan. Ezta Wikipediarekin ere, nahiz eta ongi kontrolatuta egon. Umberto Ecok dio pertsona informatu batek berehalaxe jakin dezakeela, interneteko web orri batean sartzen denean, orri hori ergel batek idatzi duen ala ez, baina gazte batek ez dakiela albiste horretan esaten dena egia edo gezurra den. “Oso arazo larria da, eta oraindik konpondu gabe dago”, dio Umberto Eco semiologo handiak. Ederki gaude.
Ondo izan