Kale Kantoitik

Gezurra eta zikina

Erabiltzailearen aurpegia Joxemari Iturralde 2016ko aza. 18a, 17:33

Gure aitona zenak lelo hori errepikatzen zuen beti politikaz eta politikariei buruz hizketan hasten zenean, dena zen –bere ustez- gezurra eta zikina.

Egun on, Joxemari Iturralde naiz, idazlea.

Gure aitona zenak lelo hori errepikatzen zuen beti politikaz eta politikariei buruz hizketan hasten zenean, dena zen –bere ustez- gezurra eta zikina. Hainbeste urte pasatu dira hori esaten zuenetik baina, hala ere, itsu batek ere ikusiko luke lelo hori indarrean dagoela gaur egun ere, egiten den politikari errepasotxo bat egiten badiogu.

Espainiako gobernuari egindako begiratu azkar batekin, orain Rajoyk ministro berriak izendatu dituenean, berehalaxe konturatzen gara lehen bezain gaizki edota are okerrago jarraituko dugula hurrengo lau urteetan. Hezkuntza ministroaren politikagintza desastrosoa izan baldin bada, ematen du horrelaxe jarraitzeko asmotan dabiltzala, nahi dutena eginez, ikasleek, irakasleek eta gurasoek behar eta eskatzen dutenaren justu kontrakoa eginez. De Guindosen ministerioak segituko du nahi duena egiten eta esaten, egia desitxuratuz, Madrilen esaten, alde batetik, ajusterik ez dagoela eta Bruselan, beste aldetik, errepikatzen behar beste mozketa egingo dituela.

Jakina denez, Espainian urtean zehar inon baino eguzki-ordu gehiago dago, eta eguzkiaren energia hori aprobetxa zitekeen gure hileroko argiaren faktura jaisteko. Ez zaie komeni hori, ordea, nahiago dute betiko konpainia energetiko tradizionalak mantendu eta indartu gero euren jendea goi-mailako karguetan eta enpresa horietan entxufatzeko. Orain, gainera, ministerioak eta ministro berriak eraldatu dituztenean, Industria eta Energia bereizi egin dituzte, garbi erakutsiz arazo latz hori ez zaiela konpontzea batere interesatzen. Mundu guztia dagoela guztiz kezkatuta aldaketa klimatikoaren arazo larriarekin? Ba, PPko gobernua ez, inondik inora, Donald Trump bezalaxe. Non sartu du Rajoyk Ingurumen departamentua? Energiako Ministerioan, logikoa izango litzatekeen bezala arazoari adarretatik behingoz heltzeko? Ez jauna, Nekazaritzakoan, denak orain arte bezala jarrai dezan, ezer egin gabe, eta hor konpon.

Baina zirku honen burugabekeriak ez du etenik: Kanpo Arazo saileko arduradunak ez daki hizkuntzarik; Ogasuneko estatu idazkari berria, hau da, gure diruak erabili behar dituena Jaengo alkate izandako tipoa aukeratu dute, famatu egin zena, hain zuzen ere, lortu zuelako oso denbora gutxian Jaen bilakatzen Espainian diru-zor gehien zeukan hiria. Analista batek zioen moduan esateko, oso logikoa da hori, hain logikoa nola analfabeto bat aukeratuko bagenu Hezkuntza ministroa izateko.

Soldaduska egin genuenok ederki asko dakigu zer-nolako desastrea zen armada, zer-nolako ustelkeria zegoen, ederki asko ikusten genuen egunero jenderik inutilena agintzen eta balioko jendea zakur-lanak egiten. Han unibertsitatean ikasitako karreradunek lan zikin eta nekosoenak egin behar izaten zituzten eta analfabeto huts zirenek agintzen zuten. Ez zegoen protestatzerik armadan agintariek beti dutelako arrazoia. Eta orain ere berdin: badirudi Cospedal delakoari Rajoyk galdetu egin diola, soldaduskan gertatzen zen bezala: zuk zer dakizu egiten? Nik, ezer ere ez. Ba, oso ondo! Orduan Armadako ministro izendatuko zaitut.

Esan eta egin, bera jarri du postu horretan. Eta horrela jarraian eta etenik gabe. Giuseppe Tomasi di Lampedusa idazle handiak idatzita utzi zuen, bere “Il Gattopardo” nobela zoragarrian, esaldi famatu hura: “Dena dagoen bezala gera dadin nahi badugu, beharrezkoa da dena aldatzea”. Badirudi PP-ko gobernu honek hitzez-hitz jarraitzen dituela Sizilian jaiotako idazleak esandakoak. Ederki gaude.      


Ondo izan.                
                          Joxemari Iturralde

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!