Kale Kantoitik

Pio Barojaren 60. urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Joxemari Iturralde 2016ko aza. 11a, 17:51

Ba al daki norbaitek zer nolako lotura berezia, oso bitxia, egin daitekeen Pio Baroja eta Tolosarekin? Nork daki? Idatzi dezala dakienak!

Egun on, Joxemari Iturralde naiz, idazlea.


Aurten betetzen dira 60 urte Pio Baroja idazle handia hil zela. Jakina denez, 1956. Urtean hil zen Madrilen 83 urte zituela. Hori dela eta, han eta hemen hainbeste hitzaldi, omenaldi, mahai inguru ari dira egiten bere oroimena ospatzeko. Dena dela, hori guztia oso ondo egonda ere, nik uste dut idazle bati jendeak egin diezaiokeen omenaldirik ederrena dela bere liburuak irakurtzea.


Pio Barojaren liburuak irakurriz eta dastatuz dozenaka ordu eder pasatu ditugu ezin hobeto. Bere obra ezagutzen ez duenari esango nioke har dezala Euskal Herrian gertatzen diren bere nobeletatik edozein eta seguru nago izugarri disfrutatuko duela. Eta bere liburuak ezagutzen dituenari, ba, sorpresatxo bat eman behar diot. Zergatik? Ba, hara: aurten bertan Pio Barojaren heriotzaren 60. urteurrena denean, bere nobela bat, berria, publikatu delako. Bagenekien idatzia zuela, baina inork ez zeukan irakurrita. Nobela hau, “Los caprichos de la suerte” deitzen da eta esan daiteke, dudarik gabe, Pio Barojaren testamentu literarioa dela. Eta hau hobeto esplikatzeko gerra zibilaren garaira jo behar dugu. Aurten betetzen dira, denok dakigun bezala, 80 urte Espainian gerra zibila piztu zela Franco eta beste militar batzuk gobernuaren kontra altxatu zirenean.


Gerra zibila hasi zenean Pio Barojak 63 urte zituen eta, egia esateko, ez zituen oso une goxoak pasatu. Jakina denez, Pio Barojak gerra zibilaren lehen urteak beldur batean pasatu zituen, hasi aurrena lehen egunetan fusilatzeko zorian eduki zutenetik eta segi gero, justu ihes eginda, atzerrian eman behar izan zituen urte penagarri haiekin. Jaioterrirako itzulera ere ez zuen oso ponposoa izan eta gerraondoko urte ilun haiek Madril goibel hartan, hil zen arte, oso zoriontasun maila baxukoak izan zituela esango genuke gaur egungo hizkera mota erabiliz. Bidasoako Beratik alde egin eta Donibane Lohitzunen egon zen hasiera batean eta gero, Parisera joateko aukera aurkitu zuen. Hango Colegio de España delakoan, bertako zuzendariak ostatu eman zion eta hantxe bizi izan zen, ia kalera atera gabe eta ikasleen jatetxean mantenduz. Baina hemen ere, halako atzerritar bizimodu umila gehiegi iruditu zitzaien batzuei eta Pio Barojak arazoak izan zituen han ere. Espainiar Errepublikako enbaxadorearen emazteari, Madame Araquistain, gehiegizkoa iruditu zitzaion abegi on hura eta bazterrak ederki nahasi zituen Pio Baroja bota zezaten Casa de España hartatik argudiatuz idazleak eta beste horrelako antzeko batzuek ez zutela merezi han egotea Errepublikari ez ziotelako erakutsi behar besteko zaletasuna. Horrela, 1937ko udazken goiz batean Irungo zubia gurutzatu zuen Pio Barojak itzuleran; etsita zetorren, gaindituta erabat, erdi gaixo eta itxura oso txarrez.  


Esan bezala, aurten bete dira laurogei urte gerra zibila deitu zen hura piztu zela eta hirurogei urte Pio Baroja hil zenetik. Data horiekin bat eginez Pio Barajoaren liburu berri bat kaleratu da. Bere zaleok, beraz, badugu motiborik pozik egoteko. Uste genuenean berak idatzi zuen guztia kalean zela orain topo egin dugu ezusteko atsegin honekin. Pio Barojak frankismoren garai gogor haietan “Las Saturnales” deituriko trilogia bat idatzi zuen hainbeste urtetan. Bertan, gerra zibileko gora beherak, istorioak eta miseriak kontatuko zituen. Lehen liburua, “El cantor vagabundo” 1950. urtean plazaratu zen, Baroja bera eta Franco ere bizirik zeudenean. Hurrengo bi nobelak, “Itzea” Barojatarren etxeko kajoi batean geratu ziren, halabeharrez, gordeta. Zergatik? Ba, garaiko giroak eta, batik bat, zentsurak ez zioten utzi bere nahia burutzen. Bigarren nobelan “Miserias de la guerra” deiturikoan, orduko zentsura zorrotzak 533 lerro azpimarratu zizkion, 48 orritan, eta 247 urratu. Ia azpimarratze eta urratze guztiak loturik daude Pio Barojaren faxista eta falangistei buruzko iritziekin, hala nola garaiko espainiar espiritu nazional eskasari buruzkoekin. Lelokeria galanta zen pentsatzea nobela honek, gerrari buruzkoa zelako, gaindi zezakeela zentsura eta publika zitekeela. Pio Baroja ez zen Agustín de Foxá, ezta Camilo José Cela ere, honek gainera, Barojak zioenez, bulda zeukan garai hartan nahi zuena argitaratzeko zentsuran egiten zuelako lan. Hil zen Baroja, hil zen Franco eta denborak aurrera egin zuen. Justu duela hamar urte kaleratu zen  trilogiaren bigarren alea, “Miserias de la guerra” izenarekin, eta titulua irakurri orduko ohartuko gara zer nolako tonu ilun eta gogorra aurkituko dugun.


    Eta aurten, esan bezala, kaleratu da trilogia osatzeko falta zen hirugarren nobela “Los caprichos de la suerte”, Pio Barojak idatzi zuen azken liburua. Bere testamentu literarioa da eta irakurtzen duenak ikusiko du nolako giro latza bizi izan zen garai haietan. Nobela honetan protagonista Luis Goyena deitzen da, baina jakin behar da Pio Baroja bera dela. Merezi du irakurtzea.
Hurrengo batean hitz egingo dut Pio Barojak Tolosarekin daukan lotura bitxiaz. Eta amaitu baino lehen, gaurko galdera: ba al daki norbaitek zer-nolako lotura berezia, eta oso bitxia, egin daitekeen Pio Baroja eta Tolosarekin? Nork daki? Idatzi dezala dakienak.

    Ondo izan.               Joxemari Iturralde

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!