Kale Kantoitik

Zuen iritziz nor ote da mundu osoan ezagunena den euskalduna?

Erabiltzailearen aurpegia Joxemari Iturralde 2016ko aza. 4a, 13:33

Egun on, Joxemari Iturralde naiz, idazlea.
Duela astebete etorri naiz Ingalaterratik bueltan Tolosara.

Urtero bezala Londresen pasatu dut denboraldi bat eta han nagoela, aukera izaten dut bertakoekin honetaz eta hartaz hitz egiteko. Hori da asko gustatzen zaidan zerbait: garagardo edo te baten inguruan britaniar batekin eseri eta mintzatzen hastea, bereziki, jakiteko zer pentsatzen duen nire intereseko diren zenbait gairi buruz.
Lehengo batean lau lagunekin egokitu nintzen solasaldian pub batean. Hiru pertsona britaniar, bi emakume eta gizon bat, eta ni, euskalduna. Halako batean galdetu nien ea zer iritzi zuten euskaldunei buruz. Eta haien erantzuna izan zen ez zutela oso iritzi ona, ez euskaldunei buruz ezta Euskal Herriaz ere. Nik, pixka bat txundituta, segituan galdetu nien zergatik zuten iritzi hori. Eta erantzun zidaten esanez bi gauza, bat: Euskal Herritik ez zitzaiela notizia gehiegirik ailegatzen, eta bi: ailegatzen zitzaizkien albisteak, duela urte gutxi arte behintzat, ez zirela batere onak beti ere terrorismoarekin zeudelako lotuta.
Ni, erantzun hori entzutean, pentsakor geratu nintzen, zer adierazi behar nien jakin gabe une batez. Orduan, britaniar haietako batek, gizonezkoak hain zuzen ere, galdera hau egin zidan bote prontoan: ea, esaidazu zer aportazio garrantzitsu egin dioten euskaldunek munduari. Edo beste modu batera galdetuta, esaidazu euskaldun famatu baten izena, baina famatua izan behar du munduari egin dion aportazioagatik, bai zientzia mailan, bai arte eta kultura mailan, bai ekonomian eta abar…
Nik, orduan, ez nuen jakin zer erantzun eman behar nion eta, aldiz, isilik geratu nintzen eta mahai aurrean neukan garagardoari egin nion beste tragoxkada bat. Zorionez, berehalaxe egin genuen hitz eta solasaldiak beste bide bat hartu zuen. Hala ere, tamalez, berriketaldiak beste zulo beltz batera egin zuen salto, hizketan hasi baikinen Estatu Batuetako hauteskundeei buruz, aipatuz eta aztertuz demokraten eta errepublikanoen artean dauden diferentziak eta Hillary Clinton-ek eta Donald Trump-ek dituzten ezaugarri eta nortasunak. Nire iritzia eman nienean ados egon ziren beste solaskideak, adierazi bainuen arlo askotan ez dagoela aparteko diferentziarik demokraten eta errepublikanoen artean, ia-ia gauza bera direlako, baina aukeratu behar banu hautagai baten edo bestearen artean Clinton izango litzatekeela nire aukera; izan ere, Trump pailazo hutsa iruditzen zaidalako, pailazo beldurgarri eta oso arriskutsua gainera.
Egia aitortu behar baldin badut, esango dizuet hemen gaizki samar jokatu nuela nire solaskideekin, ez bainien esan britaniar horiei nik ezagutzen nuen datu bat eta, seguruenik, eurek ez zekitena. Datua hauxe da: Estatu Batuetan bizi diren euskaldun jatorriko pertsonek Trump pailazo horri eman behar diote botoa. Bai, hala da. Duela bizpahiru belaunaldi Nevadara, Idahora, Kaliforniara joan ziren euskaldunek errepublikanoei emango diete botoa. Nola liteke hori? Trump pailazoak garbi esan du, bera agintean jarriko denean emigrante guztiak bota egingo dituela, mexikarrak berriz bueltan jarriko eta mugan izugarrizko horma bat eraikiko omen du emigrante gehiago sartu ez daitezen. Eta garai batean Estatu Batuetara joan ziren emigrante euskaldunak ados daude Trump-ek indarrean jarriko duen lege berri horrekin. Nola liteke hori? Euskaldun horiek ez al ziren ba garai batean emigrante izan orain mexikarrak diren bezalaxe? Zergatik daude orduan kontra? Euskaldun jatorriko horiek ematen duten arrazoia barregarria da benetan, ez balitz negargarria ere. Izan ere, beraiek legalki sartu omen ziren Estatu Batuetan eta mexikarrak ilegalki sartzen omen dira. Zergatik ez dute konturatu nahi legeak norbaitek, Trump pailazoak esate baterako, sinatu ditzakeen paperak besterik ez direla? Eta edozein unetan puskatu, aldatu eta berritu daitezkeenak gainera, eta alde horretatik zerbait legalki edo ilegalki egin daitekeela esatea ez dela ezer esatea, orain agintari batek “hau legala da” esaten duenean bost minutu barru esan dezakeela, berdin-berdin, “hau ilegala da”.
Ni, egia esan, Estatu Batuetako euskaldun horien albistea jakin nuenean, ez nintzen gehiegi harritu, bai bainekien lehendik ere euskaldun horiek oso kontserbadoreak direla, oso atzerakoiak, eta oso errepublikanoak, garai batean Bush presidenteari botoa eman ziotenak eta lehenago, Bush horren aitari, Bush zaharrari.
Hau guztia, ordea, isildu egin nuen eta ez nien kontatu Londresko nire hiru solaskideei, euskaldunei buruz zuten iritzi kaxkarra oraindik itsusiago ez egitearren.
Amaitzeko, eta gai honekin lotuta, galdera bat luzatu nahi diet entzuleei, hauxe: zuen iritziz nor ote da mundu osoan ezagunena den euskalduna? Izan daiteke bizirik dagoen euskaldun bat edota hilda dagoena, izan daiteke edozein arlotakoa, zientzia, arte, erlijioa, kirola, ekonomia…, gizona edo emakumea, baina izan behar du mundu osoan ezaguna. Nor esango zenukete? Erantzun nahi baduzue, esan izen bat lasai, eta datorren astean komentatuko dugu.
Ondo izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!