Hilabeteak igaro dira Bidania-Goiazko Udala Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak gure herriari ukitzen zion neurrian honen kontra agertu zenetik, horretarako zituen arrazoibideak aurkeztuz. Eta hilabeteak baita ere plan horrek behin behineko onarpena jaso zuenetik, hurrengo izapide-fasera igaroz. Eta hasieran Aztegi eta Larrañaga inguruan aurreikusitako instalazio fotovoltaikoa baztertu bada ere, parke eolikoa eraikitzekoa bere horretan jarraitzen du, hautatutako eremuaren gaitasun maila goratuz gainera. Horrekin bateratsu, asteak dira eolikoak eraikitzeko balizko proiektua duen Finerge enpresak udalari hauekiko zenbait aldaketa aurkeztu zizkiola, oztopoak leuntzeko balioko lukeen pizgarri ekonomiko batekin batera gainera.
Ordutik hona udalak ez du publikoki ezer adierazi, gaiari buruz herritarren Whatsapp taldean Ataria-ko artikulu bat agertu ondoren zinegotzi batek foro horretara bidali zuen, eta bidali bezain pronto ezabatu zuen, audio mezu bat izan ezik.
Testuinguru honetan batek eta besteak esandakoa zabaltzen ari da, zentzu askorik gabeko informazioak batzuetan, logikoagoak bestetan: halakok halakori halakoa esandakoa gehienetan. Urruneko halakoenak ez direnean gure ordezkarien ingurukoak omen dira. Eta zurrumurruen tartean proiektuaren aurka ezer gutxi egin daitekeela eta burutzekotan burutu egingo dela diotenak.
Herritar interesatuoi benetako informazioa luzatzeko une egokia delakoan nago. Planak zein egoera edo fasetan dauden, udalaren asmoak eta gestioak nondik nora doazen, herritarron kezkak eta nahiak bideratzerik ba ote dagoen... Egoeraren azterketa eta asmoekin batera bilkura irekia egitekoa. Interes handiak dituzten enpresen aurrean herri txiki bat gara. Eta kontra egiten badiegu, galdu egin dezakegu, baina etsipenean murgilduta ezer egin gabe galdu egiten dugu.