Normaltasunera itzultzea

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Agustin Arrieta 2022ko ira. 3a, 19:58

Oporrak bukatu dira. Egunerokotasunaren gurpilean sartu gara. Badakit hobeto bizi nahi dugula, mundua edertu, nahiz eta etorkizuna ilun ikusi. Mundua aldatu eta hobetu egin nahi dugunean, garrantzitsua da norbera bere izaera aldatze bidean jartzea. Hementxe dago gakoa.

Irailean, hurrengo hilabeteetan bezala, marra argiekin margotzen gaituzte: inflazio ikaragarria, krisi energetikoa, hau da, udazkenean hiru aldiz handitu egingo zaigun «urtarrileko aldapa». Ez dut inozo bezala gelditu nahi, baina gizarte-justiziaren bidea behar dugu pragmatismo osasuntsuarekin eta elkartasun biziagoarekin etorkizunari begiratu.

Esaera txinatar batek dio: «Ezin duzu haizea gobernatu, baina zure argizari-kandelen norabidea alda dezakezu». Badira menderatu ezin ditugun inguruak eta ezinezko egiten zaizkigun egoerak eta ahaleginak. Ez daude gure mende, eta gure indarrak baino hobeak dira. Haize hutsak dira, ezin ditugu zuzendu, baina gure esku badago argizari-kandelen norabidea aldatzea, gure existentziaren itsasoa (batzuetan asaldatua) arrakastaz zeharkatzeko eta buru argiz gizabidea egitea.

 

«Zuk hobetuz gero, mundua ere hobetuko da, nahiz eta neurri txikian izan, zu mundu honen parte zarelako»



Pertsona batzuek mundua hobetu nahi dute —eta desira noblea eta goresgarria da—, baina oinarrizko gauza bat ahaztu dute: beren kabuz hasi behar dutela. Benetan zure esku dagoen munduaren zatia zu zeu zara, eta horren gainean jardun dezakezu. Ezerk eta inork ez dizu galarazten. Zuk hobetuz gero, mundua ere hobetuko da, nahiz eta neurri txikian izan, zu mundu honen parte zarelako. Zeure burua hobetuz, mundua hobetzeko laguntza bultza dezakezu.

Elkartegintzaren beharra garrantzizkoa da. Bere indarra bideratu behar da. Bakarka ez gara ezer, baina elkarturik elkartegintzazko balioak bideratzen ditugu. Bildura multzoak eta loturak oso garrantzitsuak dira, zubigintza eginez eta elkarganatzea indartuz. Hilabete zailak eta latzak datozkigu eta ezin itxaropenik galdu, ustearen kontra uste izanik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!