Agian argazki bat izan daiteke, baina ez gizarte osoaren ikuspegi objektiboa. Ez naiz hain ezkorra eta iluna. Eskolaren filosofia eta irakasleen joera etikoak, zientifikoak eta pedagogikoak beste esperientzia positiboak erakusten ditu: ur gainean nola iraun, ontzi bat nola egin eta gobernatu, eta nola zuzendu kaira. Bizirautea, nabigatzea eta norabidea aukeratzea dira hiru maila etiko erabakigarriak.
Eskubideen ispiluan geure buruari begiratzen diogunean ezagutzen gara. Bizitzeko eskubidea duen izaki hori ni naiz. Askatasunaren eskubidea duena ni naiz. Zoriontsu izateko eskubidea duena ni naiz. Nire eskubideekin identifikatzen naiz ni. Baina eskubideek, nire eskubideek eskubideen ordain gisa defini dezakegun betebehar multzo bat izaten dute lagun. Eskubideak izateak, betebeharrak ere izatea dakar. Nire eskubideak nahi ditut, baina badirudi eskubideak betebeharrez beteta datozela.
Eskubideez hitz egiteak duintasunaz hitz egitea esan nahi du. Baina zer da duintasuna? Eskubideak edukitzea. Betebeharrak eta eskubideak txanpon baten aurrealdea eta atzealdea dira. Eskubideak eduki nahi ditugu pertsona izateagatik, eta ez indartsu izateagatik. Giza eskubideak humanitatearen proiektua dira. Proiektu komun hori etengabeko hezkuntzaren eta kulturaren bidez transmititu behar da, gizaki bakoitza bere eskubideak berpiztera eraman dezan, baina baita bere betebeharrak berpiztera ere. Gure zoriontasuna ezin da gure antzekoen eskubideak kaltetuz eraiki. Eta hementxe daukagu benetako hordagoa gizaki guztiok. Elkarrekin, elkartasunean eta elkarkoiagoa den euskal gizartea eraikitzea. Ezin guzti hau bakarrik egin, ezin izan inoiz bakarrik zoriontsu. Ni batek beharrezkoa du zu bat ondoan, eta gu bat gizarte elkarkoia eraikitzeko; gure zoriontasuna ezin baita gure antzekoen eskubideak kaltetuz eraiki.