Gogoratuko dugu, 2018ko hasiera hartan, Fatima Bañez orduko ministroak pentsiodun guztioi gutun bat bidali zigula penagarria eta tamalgarria, pentsioen %0,25eko igoeraren berri emateko.
Horren aurka atera ginen kalera, eta pentsioak KPIaren arabera igo zitezen, eta pentsio txikienak gehiago igotzearen alde. Baita jasangarritasun eta birbalorizazio faktoreak bertan behera gera zitezen ere. Mobilizazioak aurrera zihoazen heinean, gure aldarrikapenen zerrenda luzatzen hasi zen: Lan Erreforma bertan behera uztea; gutxieneko pentsioa 1.080 euroan jartzea, nahiz eta nik, pertsonalki, hau ez argi ikusi; gutxieneko soldata 1.200 euroan; 2011tik hona galdutakoa berreskuratzea; botiken koordainketa delakoa ezabatzea; gizarte zerbitzu unibertsal eta doakoak ziurtatzea…
Nire/gure eskuetara iristen diren informazio orrietan agertzen dira, aldarrikapen horiek guztiak. Baina, nire ustez, ezin dira denak modu berean proposatu. Garbi dago, gainera, batzuk ez dagozkigula pentsionistoi bakarrik, edo pentsionistoi, zuzenean: gutxieneko soldata, Lan Erreformarekin bukatzea, gizarte zerbitzuak eta abar. Orduan, ez zait egokia iruditzen pentsiodunen bandera balira bezala erabiltzea.
Nire galdera da, orduan, zergatik jarraitzen dugun guk, gure aldarrikapenak daudenetan defendatzen, jakinda, negoziazioetan ez dituztela horrela proposatzen. Eta, jakinda, ezin direla lortu planteatuta dauden bezala. Noiz arte jarraitu behar dugu herrietako enparantzatan elkartzen? Noiz arte, manifestatzen jarraitu? Aldarrikapen guztiak lortu arte?
Bukatzeko, nik uste dut 2018an lortutakoa positiboa izan dela. Eta, egiari tokia eginez, baita zenbait itun ere: PNV-PPren arteko hasierako ituna (2018ko maiatzean), eta baita PSOE-PODEMOS-PNVren arteko konponketa ituna ere (2018ko azaroan). Horien bitartez, lortu dugu:
- 2018an eta 2019an pentsioak KPIaren arabera igotzea.
- Gutxieneko pentsioak %3 igotzea, eta hori era dinamikoan proposatzea.
- Alarguntza pentsioen oinarri likidagarria %52tik %60ra igotzea. Eta horiek bai, gorago joan behar dutela.
- Iraunkortasun faktorea 2023ra arte ez aplikatzea.
- Jasangarritasun eta birbalorazio faktoreak bertan behera uztea.
Egia da aldarrikapen batzuk zintzilik daudela oraindik ere, baina emandako pausoak argiak eta onuragarriak izan dira. Bejondeizuela/bejondeigula!