Zahartzearen izakera

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Agustin Arrieta 2018ko aza. 21a, 20:06

Urtebete pasa da erretiroa hartu nuenetik. Erretiroduna naiz. Tarteka-marteka horrelako gogoeta txepel batzuk idazten ditut. Azken bolada honetan gai berdinarekin nabil. Guztiok dakizkigun gauzak dira: aberatsa ez dela gehien daukana, gutxien behar duena baizik; edota amodioa ilargia bezala dela, hazten ari ez denean murrizten ari dela.

Guztiok dakizkigun gauzak dira. ATARIA egunkariko irakurleek ongi dakite zer den zahartzea. Batzuk geure haragian bizitzen ari garena eta besteek bere aitona-amonen bizikeran ikusten dutena.

Egia da esperientzia zabala behar dela honetarako, tori zahartze osasungarriagoa errazteko hamar aholku:

1. Zaindu zeure gorputza, argi eduki burua. Jantzi zaitez txukun-txukun, apaindu zeure burua eta ibili.

2. Kalera atera zaitez. Ez zaitez etxe barruan geratu. Gizarteratu: ibili, elkartu, biltokietan bildu. Ur geldia usteldu egiten da, eta mugitzen ez den makina herdoildu.

3. Maita ezazu ariketa fisikoa zeure burua bezala. Jarrai ibiltari izaten: parte hartu «Mugi» edo «Tipi-tapa» bezalako esperientzietan.

4. Bizi ohoretasunez eta zaude harro zeure bizikerarekin. Ez bururik makurtu, ez bizkarrik okertu, ez hankarik arrastatu.

5. Ez hartu zeure burua agure edo gaixo bat izango bazinake bezala.

6. Oroz gain, izan zaitez baikorra. Eman iritzi positiboak, hitz egin umore onez, alaitu zure aurpegia, izan zaitez atsegina. Zahartzaroa ez da urte kontua, aldarte kontua baizik!

7. Izan aktiboa. Egin gauza probetxugarriak bai zeuretzat eta bai besteentzat.

8. Jarrai lanean, beste erara noski. Lan egin eskuekin bezala buruarekin ere. Lana terapia bikaina da.

9. Eutsi bizirik eta gogotsu giza harremanei.

10. Bizi oraina. Izan itxaropen. Jakin bihar eguzkia aterako dela. Utzi atzoko eta iraganeko kontuak bestaldean.

Egia da gure gizarte postindustrialean gozamenak baduela bere tokia, geroago eta gehiago, baina gaur beste gozamen iturri hauek dakartzat: elkarrekiko maitasuna, adiskidetasuna, barruko bakea, lasaitasuna… Badakit betikoak direla, gaztaroan edo helduaroan bizitakoak, baina orain astiro egin daitezkeenak. Zahartzaro duina eta zahartzaroaz gozatu, eta duintasunez zahartu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!