Tolosaldeatzen

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Agustin Arrieta 2018ko ekainaren 19a

Ez naiz batere originala. Tolosako Udalak badu barne-aldizkari bat: «Tolosatzen». Hortik sorturiko izenburua da. Gure bailara saretzen ari gara, badugu saretzearen eta elkartzearen beharra.

Udaldiaren atarian gaude, natura eta zuhaitzak hostotsu eta sustraietan tinko eta zut diraute. Badugu hemen keinu agerikoa: asmoz, ekinez eta jarraipenez. Badugu ekonomia, kulturgintza, gizartegintza, aisialdia, kirolgintza saretzearen beharra. Saretu Tolosa eta bailara guztia. Askotariko fruituz irudikatzen dugu guzti hau, azoketan ere horrela ikusten dugu, gainera kolorea, usaina, ahogozoa, kutsua… lekuan lekuko lurretik hartuak dira.

Bai eder zaigula geure gauzak bihotzaren ukituz irudikatzea, barruan berregitea, eraldatzea nahierara, edota haien alde ona soilik hartzea eta beharrezko ez direnei ezikusi egitea. Esaldi hutsak dira, baina pentsarazi egiten duten horietako batzuk dira. Uda osoa dugu, gainera, horiez gogoeta egiteko: Gaur eraikin altuagoak eta autobide zabalagoak ditugu, baina izaera motzagoak eta ikuspuntu hertsiagoak; Gehiago gastatzen dugu, baina gutxiago gozatzen; Botika gehiago, baina osasun eskasagoa; Ezaupide gehiago dugu, baina irizpide gutxiago; Gure ondasunak ugaritu ditugu, baina gure baloreak murriztu; Asko hitz egiten dugu, gutxi maitatu, gehiegi gorrotatu; Ilargira iritsi gara, baita bertatik etorri ere, baina zailtasunak ditugu kalea zeharkatu eta geure auzokoa ezagutzeko; Askatasun handiagoa, baina poztasun gutxiago; Kanpoko espazioa konkistatu dugu, baina ez barrukoa.

Beno, udaldi betea izan dezagula. Atsedena hartu eta bizitzako amets ederra landatzen jarraitu dezagun. Agur.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!