«Pixka bat es mucho eta asko mogollon»

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Agustin Arrieta 2018ko api. 15a, 08:46

Hamar urte egingo ditu datorren udan musika eta letra hau martxan jarri zela, Euskara Politika zerbitzutik bultzatutako kanpaina baten abestia izan zen. Gaurko honetan ez noa euskararen egoeraz eta beharraz hitz egitera, badakigu hau eguneroko militantzia dugula gure eguneroko bizitzarekin. Oraingo gaia krisiaz eta ekonomiaren ezinegonaz doa.

Ezer berririk ez noa idaztera. Giro guzti honetan planeta urdin honi begirada bat bakarrik egin nahi diot. Batzuetan lotsatzen naiz gure mapamundia hiru edo lau mundutan banatzen dugunean. Gainera ohitu egin gara. Geure hizkeran hala diogu: bada lehenengo mundu bat, aberatsa; bada hirugarren mundu bat, pobrea; eta bada laugarren bat, oraindik pobreagoa eta hiri handien alboan dagoena. Honela izan omen da, horrela omen dago mundua, eta horrela egongo dela beti pentsatzen dugu, hori konpondu behar litzatekeela esaten badugu ere.

Hirugarren eta laugarren munduaz hitz egiten ari bagara, noski, gizon-emakumeei buruz ari gara, herri pobreak edo aberatsak gizon eta emakume pobre eta aberatsez osatuak baitaude. Ez nuke urrutira joan behar, nahikoa da geure ingurura begiratzea. Ez dugu ahaztu behar, lanik ezak edo lanbide prekarioak jende asko uzten duela gero eta premia gorriagoan. Urrutiko pobreak eta bertako pobreak ezin baititugu ahaztu.

Askotan entzun eta esan ohi dugu, gu garela aberatsak, nahiz eta ondasun ikusgarririk ez eduki pilatuta. Gu gara aberatsak, ongizatearen eta kulturaren zortea tokatu zaigunak. Nik ez dakit pixka bat es mucho edo pixka bat es poco zer izango den. Baina benetan zoriona eskuratu nahi duenak, solidaritatearen aldeko apustua egin behar du garbi, giza-eskubideak eskaintzen duen zoriona baldin bada bilatzen duena behintzat.

Nola ez! Pixka bat es mucho esaldi hori egia bihurtu daiteke: sufrimenduan dagoenaren gertuko banaiz, kaleko eskaleari atea ixten ez diodan neurrian, erietxean inork bisitatzen ez duen adinekoa edo ikasle atzeratu edo trakets horri denbora eta harrera ematen diodan neurrian… bada udaberri berdea, bada esperantza; edo Hirugarren Munduko pobreen alde saiatzen ari diren erakundeak babesten ditudan neurrian, bada itxaropen, bada pauso erabakigarria, duina eta zuzena. Gure pentsiodunen eta erretiratuen aldarrikapenak ere hemen doaz. Besterik ez, bakarrik bizi, maita eta estimatu.

Aspaldi indartsu ginen

orain pixka bat gainbehera,

hau da bizitzak daukan legea

hau giza joera,

pentsio duinak eske

denontzat dena onbera,

hauxe gure aldarrikapena

hau gure ibilera.

 

Lotura beti kalte da

gabiltz katetik katera,

ilunpearen tunel beltzetik

gaitezen atera.

Pentsioa KPA-ri berdinduz

daukagu giza papera,

justizia ta berdintasuna

ditzagun batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!