Dena dela, soziologia aldetik esaten digute Euskadiko biztanlerian bost pertsonetatik bat pasatxo zaharra dela (%1,65) edo hobeto esanda adin nagusikoa dela. Baina zerbait gehiago ere esan daiteke: adin talde handi honetan pertsonek geroz eta baldintza fisiko eta buru hobeak dituztela, eta nolaz ez, gizarteko hainbat alorretan parte hartzeko moduan daudela.
Arlo guztietan bezala, adinean urteak betetzen joaten garen neurrian, hainbat jarrera kaltegarriak saihestea garrantzitsua da, behintzat zahartzaro duina izan nahi badugu. Horietako batzuk azpimarratuko nituzke:
Ezin onartu zahartu zarela. Garai aldi horretako bizitzaren ajeak, trebezi-ezak, mugak eta baldintza berriak onartu nahi eza, alegia.
Etorkizuna beltza ikustea. Lehengoa ona zen eta oraingoa txarra da. Gaurko garai aldiak ezkor ikustea eta ez maitatzea. Eta barru-giro horrekin zaila da ondo eta sano bizitzea.
Bakardadearen arazoa ere ez dabil urruti. Zure baitan gurpiltzea eta isolamendu giro batetik etorkizuna ikustea, noski dena beltza eta txarra. Jarrera hauek baztertze batetara daramate eta zahartzaro duin baten etsairik handienetakoa izaten da.
Setatsu eta burugogor jartzea da beste arrisku bat. Bizitza bati maitasuna eta bihotza faltatzen zaizkionean, orduan tristura eta isolamenduan erortzeko arriskua dauka.
Beste hainbat jarrera ere baditugu. Baina zahartzaro aktiboa eta duina bideratzeko beharrezkoak ditugu bizitzaren baliotasuna mirestea eta zaintzea, barruko bakea lortzea, giza-duintasuna defendatzea, pertsonekiko maitasuna bultzatzea eta itxaropena bideratzea. Hainbat adituk bizitza neurritsua zabaldu behar dugula diote. Nahiz eta gaurko presakako gizarte honetan ez izan erraza, aztoramen eta presaren zurrunbilotik atera behar gara. Ez duzu 70 urte izan behar zaharra sentitzeko; 40 urterekin ez baduzu bizia sentitzen eta goxatzen, zaharra bihurtzen ari zaren adierazpena baita.