Eta hala diogu, ez duela atzera bueltarik. Anatole France (1844-1924) frantziar idazle trebearen eta pentsalari sakonaren hitzak datozkit: «Gure pozak puztuko bagenitu, gure penak bezainbeste, gure arazoak beste hainbeste arinduko lirateke».
Gure irakasle izakeran, berdin edozein lanbidetan, beharrezkoak baititugu ilusioa, itxaropena, ustea eta maitasuna. Horrela da gainera, goizean goizetik kaleratzerakoan beharrezkoak baitira ilusioarekin jaikitzea, esperantzaz eta umorez janztea, armoniaz eta arimaz egunerokoari hasiera ematea eta pozik eta duintasunez ibiltzea. Baina jarrera positibo hauek bultzatzerakoan elkarte sena, taldekide izatea guztiz premiazkoak dira, elkarte sena indartu eta sakontzeko ahalegina guztiz beharrezkoak ditugu, bestela ahulduko gara eta bizitasun gutxiko bihurtuko gara eta itxura nekatua emango dugu.
Lehengo batean irakurtzen nuen nola munduko populazioa Erromatar Inperioaren hasieran 200 milioikoa zela. 1800. urtean 1.000 milioi izatetik, orain 7.000 milioi izatera igaro garela. Ez dakit kopuru handia ote den, badirudi gure planetak 15.000 milioi jenderentzako omen daukala tokia, baina galdera beste hau da: Nola bizi da/gara? Natur baliabideak ongi erabiltzen al ditugu? Ogia, eskola eta herria ondo orekatuak al ditugu? Zenbakiek esaten digute, gaur egun 1.000 milioi baino gehiago muturreko pobrezian bizi direla. Non dago giltzarria? Gutxiagorekin hobeto bizitzean dago gakoa. Ongizatea hobeto bizi izatea dela ulertu behar dugu eta ez gauza gehiegi izatea. Behar dugu berdintasuna eta justizia.
Besterik gabe ikasturte honi ere bere bukaera etorri zaio. Honantz dakarkit Gabriel Garcia Marquez idazle eta nobelista kolonbiar ospetsuak idatzitakoa bere lagunei: «Eutsi zeure ondoan maite dituzunei, esaiezu belarrira zeinen beharrezko dituzun, maita itzazu eta trata itzazu ongi, hartu denbora, esateko: sentitzen dut, barkatu, mesedez, eskerrik asko, maite zaitut…». Animo sutsu bat!