Armagabetzea eta desagertzea

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Agustin Arrieta 2017ko api. 7a, 20:03

Ez dakit apirilaren 8an zer gertatuko den. Hala ere, ETAk desagertu egin beharko luke. Askotan esan dut ETAren bidegabekeriak ikaragarriak izan direla. Herri honen baimenik ez duela inoiz izan eta gainera zapuztu eta beldurtu egin duela (gaituela).

Gainera, ETAren sarraskia handiagoa izan da frankismo ondoren, diktadura gailendu ondoren, batez ere, 1980.urtetik aurrera. ETAren borroka armatua traumatikoa izan da. Zenbat atentatu bidegabe eta odoltsuak, bahiketak, lapurretak eta mehatxuak…

Era berean, baina ez berdintasunean, ezin parekatu, estatuaren egitekoa ere ez da zuzena izan. Hitzez giza-eskubideen alde agertu eta eskubide horien urraketa zehatzak ez gaitzestea faltsukeria izan da, eta honetan bai batak eta besteak zikin jokatu dute. Ez ditut gogoko esaldi hauek: «Ustel daitezela espetxean» edo «herriko heroiei omenaldia egitea». Iruditzen zait gurpil zikin honetatik kanpora atera behar garela.

Pauso hauek ematea nahiko nuke:

1. ETAren armak deuseztea eta ETA betirako desagertzea.

2. Espetxeratuen egoera bideratzea eta bereziki larriki gaixorik daudenak egoera berrira ekartzea. Zigor-legeak leundu behar dira eta espetxeratuen duintasuna babestu eta zaindu, ez oztopatu. Salbuespeneko espetxe-politika zigortzailea ez da demokratikoa eta honi bukaera eman behar zaio.

3. Terrorismoaren biktimak presente egon behar dute. Pertsona hauen duintasuna zapuztua izan baita. Biktima guztiei bere ohorea eta babesa eskaini behar zaie.

4. Memoria Historiko garbia eginez, errelato zuzena egin beharko litzateke.

5. Estatus politiko berri baten oinarriak eraikitzen joan beharko litzateke. Noski, guzti honek borondate politikoa eskatzen du, eta bai Gasteizko Legebiltzarrean eta Madrilen zubi berriak egin beharko lirateke. Badakit guzti hau oso konplexua dela, baina etorkizunari itxaropenez begiratzeko ahalmena berreskuratu beharko genuke. Iruditzen zait bai alderdi politikoek, berdin erakunde demokratikoek eta baita hainbat bizikidetzako foroek badutela eskulan betea.

Baketzearen bide hau luzea izango da, agian, erditze bat bezala: zaila eta denbora asko emango duena, mina eta sufrimena gailendu beharko duena, baina bide honek itxaropenezko egunsentia ekarriko duenaren esperantza zabaldu beharko genuke. Apustu honetan sinesten dut eta askoren bultzadaren beharra izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!