Ez geldirik geratu. Erabakitzeko eskubidea

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Agustin Arrieta 2017ko ots. 5a, 14:50

Ur handitan sartzen naiz. Arlo hau, erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa… hitz sendoak dira, gainera hitz jarioka alde batetik bestera zabaltzen ari gara. 

Nik uste ezerezetik ez garela ateratzen, baizik eta ibilbide politiko bat egina daukagu, Gernikako Autonomi Estatutuaren bidea eta ez nolanahikoa. Zoritxar askoren artean, ETAren zama beltza daukagu. Nahiko nuke, behingoz, izurrite hau desagertuko balitz.

Itxaropenez begiratu nahi diot etorkizunari, batez ere bakegintzari eta elkarbizitzari, gure bizikidetzari. Eta honetan herrien autodeterminazio-eskubideari bidea ematea, zabaltzea eta egiaztatzea muineko ekintzak dira. Iruditzen zait poliki, zentzuz eta gehiengo handi baten itzalean egiteko lana dela. Ezinezkoa da bizikidetza egonkor eta baketsu bat lortzea gizakion arteko harremanak borroka edo lehiaketa soil modura ulertzen badira. «Irabazi egin behar da beti. Eta garaituari ez zaio urik ere opa». Horrela ez dago herri baten parte sentitzeko beharrezkoa den espazioa sortzerik edo haren barruan solidarioa izaterik.

Lehen esan dudan bezala, etapa batean gaude. Estatutuaren garaialdian, ona da hau gehiago sakontzea eta osatzea. Ez al digu orain arte onurarik ekarri? Ni uste horretan nago, baina hor ezin gara gelditu. Nik legedi arloan ez dut asko ulertzen, eta beste gai askotan ere berdintsu, baina ezinezkoaren aurrean errealismoz erantzun behar dugu, eta gure Euskal Herriaren ezinbesteko asmoa eta errebindikazioak ditugunak lanean aurre egin beharko dugu. Ez dakit nola dabiltzan katalanak, behintzat garrantzitsua da gauzak tentuz eta zentzuz egitea. Eskoziarrek ez dute baztertu beste erreferendum bat egitea (Nicola Sturgeon-ek esan du), baina guzti hau beti baiezkoa nagusitzeko izan beharko luke. Presaka ibiltzeak eta arinkeriak beldurra ematen didate. Guzti honetan parte hartzen ari naiz eta hor bultzada ematen jarraituko dut, baina beti egitasmo honekin: gure euskal gizarteak gehiengo baietza emanez bere burujabetzari eta hautaketa politiko hau etikoki justua eta onargarria dela jakinez. Azkenean benetako demokrazia baita herritar bezala, abertzalea izan edo ez, hitza eta erabakia izanez. Bai, luza dezagun eskua, beti esku irekia eta zabala, ez ukabila.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!