Urtearen erdi aldean gaude, uda atarian, San Joanak ere gainean ditugu… gelditzen den urtealdia zalapartatsua izango dela dirudi. Behintzat horrelako gauzak esaten dizkigute adituek. Ezin ahaztu ustelkeria, langabezia handia, soldata murriztuak, osasun arazoak, gogorkeriaz hildako emakumeen zenbakiak… Baina giza alorrean ere baditugu ilun hainbat konportaera eta gauza: Siriako sarraskia, Afrikako ezinak eta miseriak, geure etxeko iluntasunak, etorkinen egoera tamalgarriak, geure barneko kaxkarkeriak…
Behin Domicio Ulpiano jakintsuari (erromatar jurista ospetsua: 170-228) galdetu omen zioten zer den zuzena, hau da, zer den zentzuzko zuzenbidea. Berak honela erantzun zuen: «Tres ergo sunt iuris precepciones: honeste vivere, alterum non laedere, suum cuique tribu ere»(Zuzentasuna eraikitzeko hiru arau daude: zuzenki bizi, ez egin besteari kalterik, eta bakoitzari berea eman). Ez dira asmo txarrak, agian, nik uste, guretzat oso baliagarriak.
Kontatzen dute nola behin maisu batek hitzaldia eman beharra zuela munduaren hondamendiaz. Egin zen propaganda eta jendetza izugarria bildu zen hitzaldia entzutera. Baina hitzaldia oso laburra izan zen, ez zuen iraun ia minuturik ere. Hauxe izan zen maisuak esandako guztia: Ondoko gauza hauek dira gizateria zeharo hondatuko dutenak:
Printzipiorik gabeko politika; Elkar ulertzerik gabeko aurrerapena; Esfortzurik gabeko aberastasuna; Isiltasunik gabeko erudizioa; Arriskurik eta konpromisorik gabeko etika; Ondorio eta loturarik gabeko gurtza edo kultua.
Ez dira aholku makalak, nik uste baliagarriak direla. Aspaldiko esaera zaharrean oinarritutako egiaztapen bat da: seme-alaba bat izan, zuhaitz bat landatu, liburu bat idatzi… erraza! Baina zaila beste hau da: seme-alaba hezi, zuhaitza ureztatu eta irakurleak lortu. Zer iruditzen zaizkizu?