Gau Beltza Baliarrainen

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2025eko azaroaren 4a

Zortzigarren urtez jarraian, Gau Beltza ospatu dugu Baliarrainen, argi garaitik iluntasun arora igarotzeko erritua. Negu usainean, azkarrago iluntzen du, lehenago etxeratzen gara.

Gau Beltza berrasmaturiko tradizioa da, euskal kulturako hainbat elementu barnebiltzen dituena. Kalabazak prestatu zituzten herriko haurrek, herriko farolak itzalitakoan bide bazterretan jartzeko jendea beldurtzeko, duela hamarkada batzuk bezala.

Oroitzeko intxaurrondoa jarri zuten plazan, Porrotx eta Marimototsek agindu zieten bezala, falta direnak oroitzeko, malko eta irribarre artean. Ondoren, basoko gozokiak, gaztainak, erre zituzten danbolinean, ume eta helduen gozamenerako. Beldurrak erre eta sutara botatzen dira, gure buruetatik desagertzeko. Kanpaiek abisua pasatzen dute, Gau Beltzaren etorrera! eta argi guztiak itzaltzen dira. Ondoren, puska biltzea egiten da, neguko jaietako ohitura berreskuratuz, etxez-etxe ibiltzea janari eske, etxe bakoitzak nahi edo ahal duena emanez, gero denen artean jateko elkartean.

Herriko guztiak batera, komunitatean: Txingili, txangili, txango. Gau Beltza; beltzago. Kalabazek argituko, jana eman arte, ez gea jungo!. Traktorean jasotzen dira, tortilla, bizkotxo, albondiga, kuskus, turroi, xolomo... Eta amaitzeko, beldur ibilbidea: garai bateko beldurrezko istorioak, Sakamantekasen bisita traktorean umeak bahituz, artzaina eta emakume baserritarrak tertulian lamien kontuekin, basoan barrena joan eta lamiak aska ondoan, basajaun eta bere istorioak, txalapartariak... eta heriotza. Hil kaxaren parean, Hileta kantu nafarra, argizaiola... eta Herioren agertzea. Heriotzak bizi garela esaten digulako, bizitza bizitzeko dei eginez.

Argazkiak: Ibon Azpilikueta, Iñigo Muxika eta Amets Arteaga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!