ERREPORTAJEA

Aralar magaletik igo diren artzainak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2023ko ira. 29a, 07:57

Dionisio Goitia Aralarren. ATARIA

Hainbat amezketarrek egin izan dute Aralar beraien bizimodu, artzain izanez. 73 urte dituen Dionisio Goitia (Amezketa, 1950) artzain izan da bertan, duela zazpi urte jubilatu zen arte. Berarekin berriketan, Txindoki aldera begiratu, eta bihotz minez bota du: «Nahiago nuke han banengo. Han, uda laster joaten zen. Hura gustatu zaigu...». Amezketa ere, artzain herria izan da, eta gaur egun ere, badira artzainak.

Ume garaitan, bederatzi urtez morroi aritu zen osaba artzainari lagunduz. Artzaintzaren arra sartu zitzaion barruan, eta ostera, ezin atera. Urte batzuk egin zituen lantokian, 35 urterekin erabateko artzaina izan behar zuela erabaki arte. Orduz geroztik, hiru hamarkadatan, maiatzetik azarora bitarte, Aralar izan du bizileku. Neguan Eguarre jaiotetxean izaten zituen ardiak, udan, berriz, minetan aurkitzen den Zotaleta bordan. «Bi urtez, sei hilabete batere jaitsi gabe igaro nituen», oroitzen du irribarre batekin. Emaztea eta seme-alabak igotzen zitzaizkion janariarekin egun batzuk igarotzera tarteka. Sei hilabete kalea zapaldu gabe, eta pozik.

Zotaleta bordan bizi zen, baina ez bakarrik: Paskual eta Xexilio artzainak zituen bizilagun, tertuliarako lagun. Bordan ere, oilo, txerri, oilasko... eta baratza. Oiloekin arrautzak biltzen zituen, oilaskoak otordu berezietarako, eta txerria, gazta egin berritako gatzura aprobetxatzeko bide. Neguan txerribodak egin, eta hurrengo denboraldirako jakiak izateko aukera. Mila metroko altuerara arrimatuta, bertako baratzea desberdina dela dio Dionisio Goitiak: «Ez zenuke sinetsiko koliflora zein gozoa ateratzen den. Porrua ere fuerteagoa, eta tomateak, aldiz, ez du zer eginik gaueko hotzarekin».



Bertako bizimodua

Eguzkia atera aurretik jaikitzen zen Dionisio Goitia. Ardiak jeztea izaten zen lehen lana, hasiera batean makurtuta. Ondoren etorri zen ardiak jezteko erabiltzen zen egurrezko kaxa, eta bere bizipenetan, artzaintzak bizitako aurrerapen handiena. Erosoagoa zen lan egitea, eta esne harekin, gatzagia nahastu eta mamitu bitartean, gatzura hura izaten zuen gosari. Gaztak egin eta prentsatzen zituen, goiko apaletan uzteko.

Arratsaldeko siestaren ondoren, prozesu bera: ardiak bildu, jetzi eta gaztak egitea. «Gazta onenak otordukoak: goizean goizekoa egin, eta gaueko jetzialdian gaueko gazta», esnea fresko mantentzearen garrantzia defendatzen du. Ardiak antzutu bitartean, bizimodu lotuagoa zen, eta ez zegoen aspertzeko denborarik. Behin ardiak antzutu ostean, sanfermin inguruan, patxada gehiagorekin begiratzen zen ingurua.

Mendizaleekin bi kontu egin, eta gazta ere saltzen omen zituen mendian. Aralarko bakardade horretan, pertsonez gain, lagun onak ere izan omen ditu: txakurrak, abereak eta irratia. Txakurrik gabe, ia ezinezkoa omen da artzaintza Aralarren. Abereak ere ezinbestekoak izan omen zaizkio. Askotan ibili omen zen «indio» moduan, abere gainean ardiak biltzen. Eta Amezketatik goranzko bidean, enkarguak eramateko, garraiobide onena izan omen zuen. Mandoaren bi albotan saskiak jarrita: butanoak, pentsua txerri eta oiloentzat, janaria, edota, egurra, hotza egiten zuen gauetan goxatzeko. Ordu eta erdi, edo bi ordu. «Mula» izan zuen, eta hiltzen ikusi eta penatu aurretik, saldu egin omen zion Ataungo artzain bati.

Anekdotez galdetzean, oroitzen da bederatzi neska katalan etorri zitzaizkiola ate joka gau batean, behe-laino itxia zen egun batean. Galduta zebiltzan, baina oilarraren kantuak, ate hartara bideratu zituen. Behin trago txarra pasata, kantaldi ederrak egin omen zituzten. Hurrengo Gabonetan, gutuna jaso zuen eskerrak eman eta gau hartako argazkiekin.



Mondejuak egiten

Ez zen aspertzen Dionisio Goitia bertan. Urrian beste egitekoa ere bazuten Txindoki azpian. Aitziuko bordak «kantina» zerbitzua ere ematen zuen, eta bertako Joxe Antoniori lagunduz elkartzen ziren artzain batzuk. Ez zegoen kartarik bertan: mondeju jana zen eskaintza. Bi ardi hil astero, eta mondeju zopak, mondejua, ardi gisatua eta gazta. Makina bat saio egindakoa da tripakiak txikitzen Dionisio Goitia, Aitziuko bordan. Artzaina zen Joxe Antonio, baina kantinak laguntzen zion ogibideari. Oraindik ere, tarteka lagunekin elkartzen da Dionisio Goitia bertan, otordu batzuk egiteko. Aitziuko tximiniatik, oraindik, mondeju usaina zabaltzen da, makina bat zaleren gozamenerako.



Oroitzen du ere amak nola egiten zituen mondejuak etxean. Lehen, ohikoa omen zen Amezketako edozein baserritan mondejuak egitea udazkenean. Berak dio aldaketa asko bizitu dituela: jada baserrietan ez omen da mondejurik egiten, artzainak ez omen dira uda igarotzera Aralarrera igotzen, astean bi buelta egin eta ardiak biltzen omen dituzte, eta inguruko inork ez omen ditu bertan gaztak egiten. Aldaketa asko ikusi ditu, nahiz eta arkumearen prezioa duela hogei urteko bera den.

Zer eman dizu Aralarrek? galderari: «Bizia! Bai, bai... ni gustura egoten nintzen han, hemen baino gusturago. Afizioa behar da, azienda gustatu behar zaizu, eta egun txar zein hobeekin bizitzen jakin», erantzun du. Eta Aralar aldera begiratu du, etxea han egongo balitz bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!