«Gure lehen umea bezala hartua dugu»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2018ko api. 4a, 08:30

Bizitza markatuko zien oporraldiaren ondorioz jaiotako familia da Jon, Iune, Oier eta Ahmedek osatzen dutena. 2011an sortutako istorioa kontatu diote 'Ataria'-ri.

Opor gosea pizten da negua gorria denean. Oporraldiaren zain bizi garenaren belaunaldia da gurea. Oporrak ihes-egite balbula, parentesi edota pilak kargatzeko modua. Ohikoak dira eguzkia eta hondartza erdigunean duten oporraldiak, Europako hiriak ezagutzeko ihesaldiak, itsas-bidaia edota motxila hartuta abenturan barneratzen direnak.

Askotan, itzuli orduko alde egiten dute oroitzapenetik eta sare sozialetan erakutsi dugun poztasuna ez dela hainbestekoa izan, ondorioztatu. Zenbaitetan argazkiek fosiltzen dituzte bizipen horiek eta esperientzia ahaztezin bilakatu. Baina, badira, bizitzak markatzen dituzten oporraldiak, bizitza aldatzen dutenak, eta handik aurrera jada ez dela ezer berdina izango jakinarazten dutenak. Azken kasu honetako adibide bat da ondorengoa. Ahmed Salek (2003), Iune Zubeldia (1987), Jon Etxeberria (1985) eta Oier Etxeberriarekin (2015) Amasan elkartu eta beren bizipena kontatu diote ATARIA-ri.

2011 urtean hasi zen istorioa, garai honetan ohikoa den lagunarteko sagardotegiko txotxaren soinuko elkarrizketan. Villabonako lagun batek esan zion Jon Etxeberriari Saharara zihoala, Aste Santuan. Irrika piztu zitzaion sagardoaren txinpartarekin batera. Parrandako elkarrizketa inozoa, istorio berezi baten hasiera zela ohartu gabe.

Nolatan animatu zinen Saharara joatea opor batzuetan?

Jon Etxeberria: Asko bidaiatu dut, ikasketak atzerrian egin ditut, baina ohikotasunetik haragoko bidaia nahi nuen. Helburua ez zen eraikin ikusgarriak eta gidetan agertzen diren tokietan argazkiak egitea. Esperientzia berri bat bizi nahi nuen, eta txotx hartako elkarrizketan hasi zen ideia elikatzen.



Zer moduzko esperientzia bizi izan zenuen?

J.E.: Oso desberdina! Han ez dago luxurik. Argeliako basamortuan egindako Saharako iheslarien herrixkak daude, haimak direlarik etxeak. Gameluak jan, tea edan, aire librean lo egin eta irteerak egin genituen. Oroitzen dut basamortura joan eta ogia egin genuela. Egurrekin hondarra berotzen da, zuloa egin, eta barruan sartzen da masa, ostera hondarrarekin estaltzeko. Hantxe egiten da ogia, hondarraren berotasun horretan. Hala ere, hori berezitasun bezala erakutsi ziguten. Zerbait sinbolikoa da, hemen taloa egin eta jatea izan daitekeen bezala.

Desberdina…

J.E.: Bai, eta gero jendearekin asko egon nintzen, batez ere haurrekin jolasean.

Ahmed Salek: Tipo majoa zirudien, eta berarengana gerturatzen nintzen. Haur guztiak bizkarrean hartzen gintuen, eta asko jolastu zuen gurekin. Goizero bera esnatzera joaten nintzen…

J.E.: Han ez daude oso ohituak kontaktu fisikora eta maitasunera, eta nik hori eskaini nahi nien.

Hara! Euskaldunon topikoak hautsi dituzu…

A.S.: Egia da! Haurtxoa zarenean agian zerbait jasotzen da, baina gero amaitu egiten da hori. Han jada ahaztuta nuen zer ziren besarkada eta muxuak, eta Jonek hori eman zidan.

Oporraldi berezi hura amaitu zen, eta berriro Euskal Herrira itzuli zen Jon, betiko errutinara. Udan, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen ingelesa ikastera, 26 urteko gazte batean nahiko ohikoa den moduan. Baina Iune Zubeldia lagunarekin batera independizatu ostean, harreman berezia sortu zuten Saharako haur berezi hura Oporrak Bakean egitasmoarekin ekartzeko ideia indarra hartuz zihoan. Iunek 25 urte zituen 2012. urtean, eta ardura hark izutu egiten zuen. Hala ere, uda hartan beraien etxean zen mutikoa.

Nola oroitzen duzue lehen egun hura?

J.E.: Segituan nire hankapean zen, beldurtuta. Lehen egunak gogorrak egin zitzaizkion…

A.S.: Lehen egunean Zarautzera joan ginela oroitzen dut. Itsasoa lehen aldiz ikusi nuen nire bizitzan. Beno, lehen aldiz atera nintzen nire herritik, eta bestelako etxe altuak, usainak, jendea… ikusi nuen.

Iune Zubeldia: Bai, eta itsasoarekin txunditurik ia malekoian behera erori zinen. Itsasoa igerilekua erraldoia zela uste zuen…

A.S.: Eta kroketarena egiten jolastu ginen. Ez dut ahaztuko egun hura nire bizitza osoan. Hala ere, hondartza baino gehiago gustatzen zait igerilekura joatea, nahiko aspertuta egoten naiz hondarrarekin egia esan, hondar gainean bizi gara eta.

Uztaila eta abuztu osoa egon zineten elkarrekin…

J.E.: Bai, eta hizkuntzarekin elkar ulertu gabe.

A.S.: Baina ulertzen ginen…

Ahmed-en oporraldiak hantxe amaitu ziren, opor berezi haiek. Bizikletan ibili, Baliarraingo jaietara joan familiarengana, egun-pasak egin… esperientziaz beteriko motxilarekin itzuli zen kanpamentura. Telefonoa izan zen beraien harremanari eusteko bide, baina negar malkoek askotan ez zioten elkarrizketari aurrera egiten uzten.

Noiz elkartu zineten berriro?

I.Z.: Urte hartako Eguberrietako oporretan joan ginen Jon eta biok hara, bizikleta batzuk eta janaria eramanez.

A.S.: Eta kriston kasu pila egin nizuen…

I.Z.: Gugandik ihesi ibiltzen zen egun guztian zehar. Oso arraroa izan zen berarentzat, eta ez zekien nola jokatu. Bi mundu desberdin dira berarentzat…

J.E.: Gauean gerturatzen zen lotarakoan guregana, eta hantxe betiko Ahmed bilakatzen zen. Besarkadak ematen genizkion elkarri, baina gogorra ere egin zitzaigun berak hartzen zuen distantzia hori egunean zehar.

A.H.: Lotsa asko pasa nuen orduan. Gogoratzen al zarete nola aurkitu zintuztedan?

I.Z.: Gau batean hango batzuen haiman geunden afaltzen, eta bere aita arduratu egin zen urte horretan bahiketak egon zirelako. Hantxe azaldu zen ate joka Ahmed, zapatilen aztarnei jarraituz.

2013, 2014 eta 2015 urteetako udak igarotzera itzuli zinen berriro Euskal Herrira, Ahmed.

A.H.: Bai, eta jada desberdina zen. Euskara ikasi nuen, jendea ezagutzen nuen eta errazagoa zen niretzat hona etortzea. Asko disfrutatzen nuen. 

J.E.: Oso jende zalea da, eta segituan lortzen du harremanak sortzea.

Baina 12 urterekin, jada ez zinen berriro itzuliko Euskal Herrira, azken oporraldia izango zen 2015. urtekoa. 

A.H.: Bai, hala da. Betiko izango balitz bezala agurtu ginen orduan.

I.Z.: Oso gogorra izan zen agur hura.

J.E.: Segituan ginen buruari bueltaka nola ekar genezakeen.

I.Z.: Hortzetako azterketa egiteko etorri zen medikuaren gomendioarekin 2016ko ekainean. Oso ahul zegoen ordea, eta ospitaleko probetan odoleko gaixotasun larria zuela esan ziguten. Ez zen uda erraza izan. Ezkondu egin ginen uztailean, Ahmed hortzetako probetarako zetorrela aprobetxatuz, berarekin ospatu nahi genuelako. Ospakizunean baino, bere osasunean genuen burua nahitaez. Abuztuko 23 egun igaro genituen ospitalean. Hala ere, buelta eman eta zezena bezala dago orain; eskerrak! Bi urteko tratamendua beharrezkoa izanik, gurekin dago orduz geroztik.

Urte eta erdi Euskal Herrian bizitzen orduan. Ba al dago aldaketarik Ahmed?

A.H.: Bai, bai. Nik uste nuen hauek ez zutela lanik egiten [Barreak]. Beti udan etortzen nintzen eta ez nuen beren egunerokotasun arrunta bizi. Eta negua ere ezagutu dut [Barreak].

Eta zurea, aldatu al da?

A. H.: Bai, ni ere eskolara joaten naiz goizero. Lagun pilo dut, eta asko gozatzen dut kuadrillarekin.

J.E.: Ikastea ez zaio asko gustatzen, baina azkar asko ikasi zuen irakurtzen eta idazten, Whatsapp eta Instagram erabiltzeko.

I.Z.: Uste genuen goizean arazoak izango genituela ohetik jaikiarazteko. Hala ere, hortxe jaikitzen da ziztu bizian, lagunengana joateko.

Eta zer egiten duzu asteburuan?

A.H.: Futbolean jolastu, goxokiak jan, Gaztelekura joan… Eta asten zehar Asteasuko bertso eskolara ere joaten naiz.

J.E.: Udan bertso udalekuetara ere joan zen, eta oso gustura itzuli zen.

Saharaz oroituko zara.

A.H.: Bai, noski. Telefonoz hitz egiten dut, baina urte eta erdi daramat joan gabe. Joaten banaiz, ezingo dut itzuli eta pasaportea lortu nahian gabiltza.

J.E.: Hori da gure helburua, pasaportea lortu eta zerbait ikastea, bizitza honetan aukera edukitzea. Gero berak erabakitzeko zer egin, non bizi…

Oporraldi hartako harremanak luze iraun du…

A.H.: Nik bi aita eta bi ama bezala ditut.

I.Z.: Amatxo asko dituzula iruditzen zait niri… Zerbait lortu nahi duenean, «Amatxo…» etortzen zait niri. Bestela, Iune eta Jon ere deitzen digu. [Barreak].

J.E.: Bere moduan bizi da hau, nahi duena eginez. 14 urte ditu eta bigarren planoan gaude jada… Hori ona da.

A.H.: Tarteka haserretzen gara, baina edozein etxetan bezala, nik uste.

A ze istorioa! Sagardotegiko elkarrizketa hartatik atera da zerbait.

J.E.: Nik askotan pentsatzen dut, egin duguna, jendeari gehiago iruditzen zaiola, nik sentitu dudana baino. «Meritoa, sekulakoa…», esanez jende asko etortzen da. Nik pertsonalki ez dut horrela sentitzen. Egin behar genuena egin dugu. Ez al zenuke zuk hori egingo zure semearengatik?

I.Z.: Ez zitzaigun burutik pasa beste aukerarik. Lehen ez genuen beste umerik, eta bera izan da gure lehen umea. Joaten zenean, etxean isiltasun handia geratzen zen; hutsunea. Isitasun gogorra.

J.E.: Nik beti esan dut nire lehen semea bezala hartua dudala.

Harreman polita sortu da…

I.Z.: Horixe da dena. Aprobetxatu nahiko genuke Tolosaldea Sahararekin elkarteari eskerrak emateko, orokorrean egiten duten lanagatik. Orain adibidez, iristear izango dira azken kanpainan bildutako elikagaiak. Eta pertsonalki, gure kasuarekiko izan duten arreta eta laguntza osoagatik. Oso eskertuta eta babestuta sentitzen gara alde horretatik. 

J.E.: Jendea animatu nahiko genuke udan Saharako haurrak hartzera. Bizi esperientzia izugarria eta polita da.

I.Z.: Geroz eta familia gutxiago dago, eta polita litzateke Tolosaldeko herritar gehiago animatzea. Azken finean, lagundu dezakezu, eta gainera, bueltan ere asko jasoko duzu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!