Berriketan, berriketan… elkarrizketa hautsi digu hainbatetan bere mugikorreko algarak, jendea deika eta deika. «Bull! Libre al hago musika jartzeko…». Ez, orain TOLOSALDEKO ATARIA-rekin dago, zuzenean.
Bull, aurtengo udan, jaietako ia kartel guztietan agertu zara…
Bai, egia esan, kartel askotan. Ez dakit modan nagoen edo… (barreak) zeren, dei pila jaso ditut. Baiezko asko eman ditut, baina baita ezezkoak ere; baiezkoak adina agian. Ezin bi tokitan egon! Halakoetan, nire lagun DJ batzuen kontaktua ematen diet, nire estiloko musika jartzen dutenena. Eta haiek ere, uda honetan lan asko egin dute.
Aurtengoa izan da arrakasta urtea orduan?
Hiru urte inguru badaramatzat topera, hala ere aurtengoak hautsi ditu markak. Esaten den bezala, badirudi maldaren puntara iritsi naizela, nire muga hemen egongo dela iruditzen zait.
Gehiago, ezinezkoa orduan.
Egunero izango litzateke, eta hori, desatsegina bilakatzen da. Ondo ibiltzeko, pittin bat gutxiago ere ibili beharko nuke, pixka bat pasa egin naizela iruditzen zait aurten.
Udan topera, baina beste urtaroetan patxadan ibiliko zara…
Negua da lasaiena, baina asteburuetan ere beti ateratzen da zerbait: larunbatetan ziur! Eta ostiral batzuetan ere bai. Gainera, hainbat herritan jaiak izaten dira: Nafarroa Oinez, Agurain, Orio… edo Orexako Aste Kulturala.
Bestetik, ostegunero Bilboko Kafe Antzokian musika jartzen aritzen naiz.
Hotz garaia izateko, nahikoa bada, nahiz eta udarekin ezin alderatu.
Uda oso gogorra da: tentsio asko, errepideko milaka kilometro, gaueko ordu amaigabeak…
Eta, «Jairik jai, hi bizi haiz hi!», entzun beharra gainera.
Jendeak uste du hau oso erraza dela eta ondo pasatzea soilik dela. Ba, ez! Beno, aitortu beharra dago: ni saiatzen naiz ahalik eta ondoen pasatzen! Baina, gogortasunak hor jarraitzen du. Edozein gonbidatuko nuke nirekin astebete probatzera. Astebete soilik. Eta gero, ea berdin pentsatzen duen.
Gainera, azken orduetan ibiliko zara, eguzkia ate joka ari den horietan.
Bai, bai, gehienetan.
Eta zer, gero errepidera?
Bai, motel. Nahiz eta, batzuetan, bertan geratzen naizen, lagunen etxeetan edota nekazalturismoren batean.
Lagunak, Euskal Herrian zehar?
Bai, bai… asko, asko. Hainbeste urte musika jartzen, kontratatzaileak azkenean, lagun bilakatzen dira. Eta honek eman didan gauzarik politenetarikoa hori da, jende oso baliotsu eta interesgarria ezagutzea. Deitu eta, 'Bull! Urtero bezala etorriko al haiz musika jartzera? Ah, eta nahi badek, nire etxean geratu lotan'. Halako egoerak ere sortzen dira lan honi esker.
Kuriositate bat. Lana bezala da zuretzat, edo, parranda egiten duzu saioetan?
Parranda beti? Ezinezkoa! Egunero eginda, gorputzak ez du ematen hainbesterako. Batzuetan ez dut ezer edaten, zenbaitetan pare bat trago, eta besteetan, bada, parrandak eramaten nau. Kontrolatu beharra dago, bestela egoera eskuetatik joateko arriskua dago, ez baita zaila ordu horietan, giro horrekin, testuinguru horretan, erortzea. Musika jartzen ari naizela, beti dago jendea edatekoa eskaintzen, eta presionatzen nahi gabe.
Denentzat egun berezia, baina zuretzat egunerokotasuna.
Hori da! Bertan zaude, parrandaren zurrunbiloan. «Ez al dek edan behar» komentarioa hor dago etengabe, eta zuk, jakin beharra daukazu muga ezartzen, bestela…
Jendeak 'txaplata' asko ematen al du?
Bai. Ikaragarri. Badaude batzuk, karneta dutenak: pelmadetan profesionalak. Nik batzuetan, pentsatzen dut: 'Hauek zer parranda klase egiten dute? DJarengana joan eta abestiak eskatzen gau guztia?' Nik behintzat, parranda egiten dudanean, ondo pasatzea dut helburu, eta ez txapa izatea.
Euliak bezala, hortxe.
Nekagarria da. Daukadan gorputzarekin, denboraldi amaiera honetan gorputza leher eginda izango nuela uste nuen, baina konturatzen naiz, neke fisikoa baino, neke psikologiko handiagoa dudala.
Hori ez da ikusten…
Eta niri gustatzen zait jendearengandik hurbil jartzea, kontaktu hori bilatzen dut. Era berean, tarteka tentsioa sortzen dit egoera horrek: azkenean, batzuetan, arreta handiagoa jarri beharra daukat ordenagailua zaindu eta jendea kontrolatzen, musika jartzen baino. Eta DJ batentzat, tristea da hori.
Euskal Herri osoa pasako zenuen…
Eskualde batzuetan oso ezaguna naiz, Oarsoaldean, esaterako, bertako herri guztiak zapalduak ditut. Bizkaian ere, dezente aritzen naiz, Bilboko Kafe Antzokian ostegunero aritzeak eragina duelako. Nafarroa eta Iparraldera ere joaten naiz; Arabara gutxien.
Txoko eta giro ugari ezagutzeko parada.
Bai, horretarako ere balio izan dit. Baina onena, jendea. Pertsona on asko ezagutu dut. Beti ere, jaiak antolatzen dutenekin dut harremana batik bat, eta halakoetan jende konprometitu eta langilea izan ohi da. Luxu bat da halako jendearekin gurutzatzea bizitza honetan.
Bilboko jaietan egon zinen musika jartzen.
Bost egun egon nintzen bertan, bost konpartsa desberdinetan. Sanferminetan ere beste bost egun, Iruñean eta Lesakan.
Eta, Euskal Herriko mugetatik haratago?
Katalunian, asko. Gainera, ez dakit badakizuen, baina Katalunian jaio nintzen. Bertan lagun asko mantentzen ditut oraindik. Musikaren bitartez, lagunak biderkatu egin dira lurralde horretan.
Erraza al da euskaldunak dantzan jartzea?
Ez! Ezezko borobila, nahiz eta badauden salbuespen batzuk. Dantzari kuadrillak agertzean sumatzen da giro aldaketa. Dantzariek dantzari ekiten diote, eta norbait hastean, animatzen dira besteak. Norbaitek piztu behar du dantzaldia.
Animatzen hasterako, amaiera hurbil.
Bai, ez gara dantzari sutsuak. Gehiago gustatzen zaigu, tragoa eskuan berriketan aritzea, eta tarteka, burua mugitzea. Hori da gure dantza nazionala, burua mugitzea.
Jaitik jaira aldea egongo da.
Noski! Herriaren arabera baino, eguna edo jaiaren arabera. Ibarrako kuadrilla egun batean errazagoa da jendea dantzan jartzea, jaietako egun arrunt batean baino. Aurretik musika talderen bat egoteak ere, eragin nabarmena du, jada jendea beroturik egoten delako. Ez da zerotik hastea bezala.
Giroa hotz, baina hortxe egon behar.
Herrietara iristen naizenean, argazkia egiten dut, hau da, termometroa ipintzen diot giroari. 'Gaurko gaua gogorra izango da' pentsatu izan ohi dut, eta askotan halaxe da. Jaiak dira, baina gau horretan jendeak pare bat trago hartzeko asmoa izan ohi du. Horietan, saiatuta ere, ezin lortu. Kontran, badira nire ustea iraultzen duten gauak ere: ezerezetik hasi eta sekulako parrandan amaitu.
Hori lortzea, DJaren arrakasta.
Polita da hori, jendea parrandan barneratzea.
Hertzainak taldeak zioen bere abesti batean: «Euskadin rock and rollak ez du dirurik ematen». DJ izateak ematen al du?
Aberasteko adina ez, baina bizitzeko bai. Nik honetatik jaten dut orain, musika jartzetik soilik. Ez nago izugarrizko suziriak botatzeko, baina ongi. Alde itsusia: Kobratzeko, tamalez, borrokan ibili beharra askotan.
Ezin kobratu?
Kobratu bai, baina jendea tratuan hasten zait askotan. Eta min ematen dit horrek. Nire aurretik jo duen talde handiari izugarrizko dirutzak eman, eta gero, niri ordaintzeko tratuan aritu. Nahiko baxutik pasatzen dut prezioa, eta gero gainera, hala ibili behar. Dirua ez dagoenean zutaz akordatzen dira, eta hurrengo urtean baldin badago, beste bati deitu.
Han ez zenuen kobratu, eta guri bai?
Hori bestea! Nik batzuetan ez dut kobratzen, baina nik hala erabakita. Tarteka-marteka gustatzen zait antolatzaileen helburuekin bat egin, eta nire gutxi hori ematea. Gainera gastuak daude: gasolina, bidesariak, otorduak, lo egitea… hori ez du kontatzen zenbaitek. Eta bestetik, kuriositate bat: Zenbat langilek ematen dute bere lan-orduetako dirua zerbaiten alde? Artisten mundua ez da lan moduan ikusten, eta hor dago koska. Eta hau, ez diot modu txarrean. Ulertzea eta ikustea bakarrik nahi dut.
Lan kontuei eutsita, DJ izan aurretik, tekniko lanetan, telebistan.
17 urte aritu nintzen teknikari lanetan. Orduan, ezagutzen dut zer den bestelako lana ere. Orain, lasaitasuna jaso dut: nik, neure bizitza kontrolatzea. Ez naiz inoren menpe bizi, eta hori ideala da. Gustuko gauza egiten dut, eta jendea gustura dago, dirudienez. Zenbat iraungo duen? Hori ezin jakin. Nire telefonoa baztertzeko arriskua ere, hor dago.
Oraingoz, ez dago horren arriskurik.
Ez da musika jartzea soilik, alde humanoa ere hor dago: harremana. Askotan joaten naiz egun guztirako musika jarri behar dudan herri horretara, giroa aurretik ezagutu eta jendearekin egotera. Musika saioa hasterako, badakit zein abestiek funtzionatuko duten. Gakoa hortxe dago: lehen lau abestiak haien gustukoak jartzea, eta poltsikoan sartzea. Futbolean bezala, hemen ere taktikak bilatu behar dira. (Barreak).
Euskal Herrian zu bezalako DJ gutxi egongo dira, ezta?
Ni bezalakoa, bakarra. (Barreak). Kristoren pila ez, baina badaude batzuk.
Eta nolatan hasi zinen?
Tolosako Rakun musika jartzeko ohitura nuen, eta ingurukoak, handik atera eta beste toki batzuetan musika jartzeko animatzen hasi ziren. Lehenik, Tolosako Kuadrilla Egunera egin nuen salto. Eta handik jada, ahoz aho, zabaltzen joan da. Pentsa! Duela 14 urteko kontuez ari naiz. Sare sozialak sortzean, zabalpena biderkatu egin da. Herri bateko jaietan musika jartzen aritu, eta jarraitzaile kopurua igo ohi da hurrengo egunetan. Seinale ona, ezta?
Promoziorako izugarrizko tresna. Zure jarraitzaile izanda, egunero dakigu nondik zabiltzan. Hor zaude presente…
Niri aukera asko ireki dizkit, eta DJ Bull aurkezteko balio dit.
Nork jarri zizun Bull izena?
Aek Egun batean, Atarrabian izan zen, duela 20 urte eta gehiago, 17 urte edo nituenean. Orduan, ile motzarekin ibiltzen nintzen, eta egun hartan gainera, zerora moztu nuen, ia burusoil. Urte haietan serie bat zegoen modan telebistan: Juzgado de guardia. Hango aguazilak, Bull izena zuen. Tipo burusoil eta kankailua, eta hala hasi zitzaidan bertako lagun bat deitzen, Bull. Bull eta bull eta bull… jada, ilobak ere Bull deitzen dit. Izena motza eta kuriosoa, gustukoa dut.
Nola deskribatuko zenuke zeure saioa? Zein estilo da?
Estilo…, orokorrean mestizo. Kultura eta herrialde desberdinetako musika nahasketa, euskal musikari indarra emanez. Dugun altxor horretan, azpimarra jarriz.
Spotify programarekin pintxatzen duzu, edo karpetak eginak dituzu?
Ez, ez… nik abestiak ditut, eta toki, giro eta orduaren arabera bata edo bestea jartzen dut. Hau da, ez ditut karpetak eginak, play eman eta kitto. Giroa aztertu, abestiek zein erreakzio lortzen duten ikusi, bertakoen profilak begiratu… horren arabera jartzen dut musika, pertsonalitate pixka batekin.
Eta musika bilatzeko?
Ordenagailuan arituz bila eta bila. Edota musika munduko nire lagunek ere, hainbat disko bidaltzen dizkidate. Musika asko daukat.
Musika aldakorra orduan, herriaren arabera.
Bai, Nafarroan adibidez, musika mexikar eta rancherak gustukoak dituzte. Beste batzuetan, punkagoa, edota saltseroagoa… bakoitza bere mundutxoa.
«… Eta bakailaoa sagardotegian» zen zure leloa. Ez al dizu elektronika erabiltzea baldintzatu?
Ez zait gustatzen oraindik, nahiz eta errespetatzen dudan. Las Tea Party bezalako DJ-ak lagunak ditut, eta hauek halako musika jartzen dute. Beste batzuei nirea ez zaie gustatuko. Onartzen dut. Nire helburua dantzan jartzea da, baina ezinezkoa da denak dantzan jartzea. Beno, nire nahien aurka, reggaetoia edo elektronika jarri izan dut.
Zenbat aldiz eskatu dizute reggaetoia aurtengo udan? Milaka?
Aurten eskaera bakarra egon da: La bicicleta. Gainera, jarri abestia, eta bost minutu beranduago berriro eskean.
'La bicicleta' jarri azkenean, eta gero beste norbait gerturatu eta: «Hi Bull! Hau zer musika dek!».
Bai, bai… horixe bera. Plaza zabala izan ohi da, denetik dagoena. Rockeroago eta kaineroagoak eskatzen dizkidate, baina nik ez dut momentu horretan musika hori jartzeko giroa ikusten. Erritmo dantzagarriagoak jartzea gustatzen zait, giroa sortzeko.
Momenturo, orduan, termometroa jartzen.
Abestiz abesti joaten naiz. Bide batekin hasten naiz eta nola funtzionatzen duen ikusita, antzeko beste abestiren bat jartzen dut. Ez badu funtzionatzen, beste bide bati ekiten diot. Hor dago trikimailua, bideak egitean.
Makina bat berbena taldek nahiko lukete zure egutegia eduki…
Eduki izan dute, baina ezer ez da betirako.
Haien konpetentzia zara?
Ez uste. Ni gehiago sentitzen naiz osagarri, zerbait esklusibo baino. Gainera, espazioek askotan ez dute topo egiten. Haiek plazan egongo dira, eta ni txosnetan. Denontzako tokia badago.
Haiek topea jo zuten, eta aldaketak etortzen dira. Musika jartzen daramatzazun urte hauetan, gauza asko aldatu al dira jaietako gau partean?
Gizartea aldatzen ari da, gaurkoa ez da 90. hamarkadako gazteria.
Baina zein aldaketa?
Irrati eta tabernarien eraginarekin, musika gustuak ere hala definitzen ari dira. Eta botiloia ere aldaketa nabarmena izan da.
Oraindik ere, botiloiak irauten du? Zein ikertzaile hobea, zu baino.
Bai, bai… herri guztietan dago. Ikaragarrizkoa da botiloiaren presentzia. Nik uste, gai hori ez dela behar bezala lantzen, ezikusiarena egiten du gizarteak. Kultura edo gizarte bezala tristea iruditzen zait, jada jaia berdin sekulako mozkorra ekuaziora igaro gara. Lehen ere, antzekoa izango zen, baina ez modu honetan. Lehen prozesua zen, pixkanaka, ondo pasatzea. Orain, ahalik eta denbora gutxienean, orduan eta mozkor handiagoa harrapatzea da helburu. Ostalaritza, eragile ere izan da, hainbatetan prezioekin marratik pasa delako. Eta hau, ez da zahartzen ari naizelako, landu beharreko gauza ikusten dudalako baizik.
Jai ereduak ere, aldatu dira.
Alde horretatik, aldaketa oso interesgarriak egon dira, batik bat hiriburuetan: Bilboko konpartsak, Gora Iruñea!, Donostiako piratak… eta hiriburuek, beti eragiten dute herrietan. Parte-hartzaile izaera handiagoa dute agian.
Zein hiru festa dira hoberenak?
Hori ezin dut erantzun. Nik jai askotan pasatzen dut ongi, eta agian ez dira onenak. Hiru ezin ditut esan, zerrenda luzeagoa izan beharko luke.
Hainbeste jai, halako orduetan, milaka anekdota.
Liburu bat egiteko adina!
Zein?
Toki batzuetan, eguerdiko ordu batean amaitu dut, goizeko ordu bietan hasita. Pentsa! Bestetik, jendea. Eszenategira igo, dantzan eta abesten hasi… Orain ez ditut gogoan, baina asko daude, pila.
Eta aurtengo kartel bat ere, Lizarran. Manu Chao eta gero, DJ Bull.
Hori izugarria izan da, nire ametsa egia bilakatuta. Gehien gustatzen zaidan taldea da Manu Chao, eta bi egunez beraiekin egotea: afaldu, soinu probak, entseguak, eszenategi atzean… sekulakoa izan da niretzat. Halako opariak ere egiten ditu musikak.
Horrek prestigioa ematen du.
Bai. Eta baita beste taldeek ere: La Gran Pegatinaren kartelean ere egon naiz. Pegatina musika taldea, baina talde zabalago batekin: ikuskizun handiagoa, musikari gehiago… Izugarrizkoa!
Zure taldea, dultzaina; zure lagun kuttuna.
Nire hirugarren besoa da. Edozein ordu eta tokitan jartzen da martxan, eta jartzen du martxa, noski.
Irailetik aurrera, lasaitasuna. Zer egingo duzu aste barruan?
Hori ere, esan egin behar dut? (Barreak). Lasai egon, deskantsatuz, bai fisikoki eta psikologikoki, buila eta festa girotik aldenduz.
Aurrera begira, zer asmo?
Gehiago sakondu nahi dut, eta mundu honetan gehiago ikasi. Munduko musika bitxi horiek aurkitzen jarraitu, kontzertuak ikusi…