Diseinu grafikoa ikasi eta lanean arituta, aitak bere enpresan betirako lana eskainita, nolatan amaitu duzu hemen?
Amaitu? Oraindik hasi egin naiz, eh? (barreak). Diseinu grafikoa gustuko dut, baina ordenagailu aurrean ordu asko ziren. Lur hauen aukera izan, eta buruan nituen ideiak praktikara eramateko bidea egiten hasi nintzen, lan-utzialdia egin eta Irlandako baratzeetara lanera joan nintzen urtebeterako, ikastera.
Lanera, baratzera?
Bai. wwofer moduan joan nintzen.
'Wwof'… zer?
Hau, mundu mailako egitasmoa da, baserri edo granja ekologiko batean lan egin dezakezu. Zure lanaren truke, ostatua eta elikadura jasoko duzu, eta ni, honelako esperientzia bizitzera joan nintzen Irlandara.
XXI. mendeko morroiak.
Bai, hori da, azken finean, nahiz eta ikuspegi eta interes desberdinak izan oraingoak. Asko, 20 urteko gazteak, alemaniar, frantziar, japoniar… jatorrikoak, honelako esperientziak bizitzera joaten dira munduan zehar. Lurrarekin harremana izan, eta munduan zeharreko jendea ezagutzeko.
Eta, zer moduzko esperientzia?
Hor ere, denetik dago: badira, egoeraz aprobetxatu eta bisitariak xurgatzera joaten direnak. Egin kontu! Baserri batean, ni neu, belar txarrak ateratzeko erabiltzen ninduten egun guztian. Alde egin nuen, noski. Baina bestetik, badira oso baserritar jatorrak, eurak ere esperientzia berri eta aberasgarri hori bizitzeko irrika dutenak. Beraiek ere, baserritik atera gabe, lanean, mundu guztiko kulturak ezagutu ditzaketelako. wwofer hasi, baina langile bukatu nuen, kobratuz.
Berezia ekimena.
Nik familia bat ezagutu nuen, bikotea eta haurrak, esperientzia hori bizitzen ari zirenak. Lana utzi eta egunerokotasunetik aterata, bestelako bizipenak bizitzeko grinak mugituriko jendea. Nahiz eta gaztetxoak izan batik bat honetara animatzen direnak, denetik dago, ingelesa edo edozein hizkuntza ikasteko beste modu bat delako, edota, bizimodu horretara hurbildu nahi dutenak dira. Ni ere, horretara joan nintzen: hemen abenturetan hasi aurretik, egunerokotasunean lan eta bizimodu hori probatzera.
Eta egunerokotasunean probatuta, animatu.
Bai. Urrian itzuli eta ilusioz hasi ginen lurra prestatzen, itxiturak egiten, erremintentzako txabola.... Auzolanean, familia, lagun, bizilagun eta Orendaingo herritarrekin, negutegia jarri, eta, udaberrian lehen landareak sartu genituen. Poz galanta hartu nuen lehen letxuga haiek lurrean landatzean.
Eta zertan aldatu da zure bizimodua?
Orain aire librean nabil egunero, lurra zapaltzen eta proiektua aurrera ateratzeko ardurak hartzen, ikasten oraindik. Eta harreman horretatik, natura gertuago sentitzen dut. Zerura begira gabiltza, eguraldiari inoiz baino arreta gehiago jarriz.
Ordenagailuetara itzultzeko tentaldirik?
Oraindik ez, motel. Orain, ilusioz ikasten eta pausoak ematen ari gara. Diseinuko sorkuntza ere gustukoa dut, eta, oraingo lanarekin elkarlotzen saiatzen naiz: gauzak txukun eduki, barazkien landatzea diseinatu, proiektuari irudia jarri ordenagailu bidezko diseinuaren ezagutzak aprobetxatuz… hemen ere irudimena erabili behar da, eta pozik.
Uste baino lan desberdin gehiago, agian?
Egia esan, bai. Baratzezaintzaz gain, bazterrak txukun eduki behar dira, eraikuntza pixka bat, komertzial lanak egin, sare sozialekin jendearengana gerturatu… barazkiak biltzeaz gain, gero saldu egin behar.
Eta gero saldu egin behar, diozu.
Bai… horretan ez naiz oso iaioa. Oraindik orain lotsa sentitzen dut. Hasiberriak garenez, kosta egiten zait gure barazkiei prezioa jartzea ere. Kontuan izan barazkigintza ekologikoa egiten dugula eta jendeak konbentzionaleko prezioak dituela erreferente gehienetan, eta kosta egiten da hau gainditzea. Hala ere, egin dugu saretxoa: Orendainen 15 saski banatzen ditugu 15 etxetan, astero. Eta Ikaztegieta, Alegia eta Tolosako Larramendi auzoan lagun batzuk animatu dira: guztira, 25 saski. Ikaztegieta, Alegia, eta Larraitzen hainbat taberna eta dendek ere erosten digute. Atea ere irekita dugu gehiagorentzat, noski.
Orendainen 15 saski saltzea ez da makala.
Bai, gustura gaude, eta haiek gustura egoteko lan egiten dugu. Batzuk kalitatezko eta gertuko produktuen kontzientzia dutelako, eta besteek, herriraino barazkiak eramaten dizkiegulako. Azken finean, zerbitzua ere bada, beren bizi kalitatea hobetzeko, dendarik ez dagoenez. Alegian ere saiatu gara, baina oraindik ez dugu lortu taldea osatzea. Jendeak, baratzeak dituela esaten digu, eta egia esan, paraje hauetan etxe bakoitzeko baratze bat dago, ia. Badakigu ez dela erraza inguru honetan sare hori handitzea, baina herri txiki hauek ere, gero eta kaletarragoak ari dira bihurtzen. Pisuetan bizi, edo lurrik ez dutenek, gertuko produktuak kontsumitzea baloratzen dute; geroz eta gehiago.
Zeure burutik hitz egin beharrean, gutik hitz egiten duzu. Zein aritzen zarete bada?
Bretainiar bikotea dut, eta biona da proiektua. Biok aritzen gara lanean. Eta, tarteka lagun edo familiakoak ere etortzen zaizkigu esku bat botatzera. Etorkizunean ere, munduan zeharreko wwofer-en bat egotea espero dut.
Soldata osatzea ez da erraza izango.
Ez, pixkanaka, baina lehen urteetarako aurreikusten genuen zerbait da hori. Pausoka joan beharra dago.
Eta zein emozio sentitu dituzu hilabete hauetan?
Oraindik hasi besterik ez gara egin, baina lasaitasuna sentitzen dut, nire denboraren jabe naizela sentitzea neurri handi batean. Naturarekin lana egiteak asebete egiten nau.
Nolakoa da egun arrunt bat?
Goizean goiz jaikitzen saiatzen gara, batez ere udako egun beroetan. Ia egun osoa egon ohi gara, baina ez momenturo. Lotua da, baina zure erara moldagarria. Orain, goizean eta iluntzean aritzen gara, beroaren arabera antolatuz.
Zer esan dizute ingurukoek baratzearen ideia kontatzean?
Amak eta aitak, eskuak burura eraman zituzten. Ahizpak aldiz hasieratik animatu nau eta proiektua martxan jartzeko eragile izan da. Amak hasieran, ez zuen ezer jakin nahi, orain aldiz, gustura etortzen da baratzea gainbegiratu eta gomendioak ematera (barreak). Baina ulertzen dut jarrera. Etxeko baratzean ez baitiot ia inoiz lagundu, eta beldur ere badira, etorkizunik ez duelakoan.
Orduan, ez da izan betiko ametsa?
Ez. Baratzeko mundu honetara pixkanaka gerturatu naiz. Eta azken urteotan bestelako xarma aurkitu diot, asebete egiten nau harreman honek. Baratzeak zirikatu egin nau, erakargarria da baratzean dagoen bizitasun hori. Ingurukoek gu gustura ikusten gaituztenez, babesa eta animoak ematen dizkigute.
Harritzekoa bada gazteak baratzera gerturatzea. Etorkizuna ikusten diozu?
Batzuetan ezezkoa dirudi, baina badaudela aukerak iruditzen zait. Baina lanketak egin beharra daude…
Lanketa?
Bai. Iruditzen zait jendeak berdura gutxi jaten duela. Bestetik, nik uste, honetan gabiltzanak elkartu eta talde lanean herritarrengana gerturatzeko kanpaina eta lanketa gehiago egin beharko genituzkeela. Tolosaldean, izango dira etxe batzuk otarren sistema honetara gerturatzeko prest daudenak, baina bideak miatu beharra daude. Basherri sarea deitzen den taldea aritzen da lan honetan, eta lan txukuna egin dute. Elkarlan horretan ikusten dut gakoa.
Euskal Herriko iparraldean elkartzeko joera gehiago dute produktoreek, hemen ez bezala.
Bai, eta hori da bidea: elkartzea. Baserritarra, orokorrean, beti izan da nahiko xorroa. Xorroa diot, maitasunez. Bakoitzak berea egiten du askotan, baina elkarrekin gehiago aritu beharko genuke. Adibidez, nik soberan badut, beste batekin trukatu, haziak elkarri eman, kontzientziazio kanpainak… dena dago egiteko zentzu honetan.
Eta lehengo galderara itzuliz, beste profil bateko gazteak ari dira baserrira gerturatzen. Hots, profil kaletarragoa. Nahiz eta baserria ez izan arrotz zuretzat.
Jende dezente ezagutu dut lur eta baserri bila dabilena, baina oso zaila dago, ezinezko ez esateagatik. Baserriak erori eta hiltzen ari diren bitartean, bada hauetan lan egiteko prest dagoen jendea. Hausnartu beharko genuke gizarte bezala…
Hori bai. Baina non da soluzioa?
Hausnarketan. Orendainen, udalak, egin ditu saiakerak baserri hutsak dituztenekin. Denentzako formula ona dena aurkitzean dago gakoa. Obra egiteagatik, baserriaren zatia eman… ez dakit, baina hutsa egonda baserria erortzea baino… Euskal Herriko hainbat tokitan, zenbaitzuk baserriak erortzen ikusten ari dira begien aurrean, eta hala ere, ez dute beste norbaiten esku utzi nahi. Baserriak bizirik ikusi nahi baditugu, buruko eskemak aldatu behar ditugu, nahitaez.
Eta ideia berriekin jarraituz, barazkiekin egiteko baduzu buruan zerbait?
Bai, egia esan. Zerbait desberdina eskaintzeagatik, entsalada nahastua saltzen dugu, eta tabernek eskertzen dute. Letxuga desberdinak nahastu, eta poltsetan ematen dizkiegu. Hau, Irlandatik ekarritako ideia da. Gauza berriak eskaini behar dira, gaurko ohituretara egokitzeko.
Ez da txarra.
Bai. Eta Zaldibian Goizane erakin bat egina du Foru Aldundiak, non elikagaiak prozesatzeko aukera izan dezakegun produktoreek. Horrela, bakoitzak bere instalakuntza garestiak izan beharrean, bertan egiteko aukera izan dezakegu. Baina gobernu aldaketarekin geldirik dago proiektua. Honek, asko lagunduko ligukeela iruditzen zait. Sinadura bilketa ari da burutzen, proiektua martxan jarri dezaten.
Eta zer prozesatu?
Orain adibidez, piper txiki eta leka pila dugu, eta saldu egin behar. Zerbitzu horren bitartez, potoetan sartzeko aukera izango genuke esate baterako, eta neguan eskaintzeko aukera izan. Zahartzen ari den sektore honetan, proiektu berritzaileak eta ideia berriak behar direla uste dut. Eta instalakuntza hauek norberak egiteak suposatzen duen gastu handiarekin zaila da hau guk aurrera eramatea.
Berria zara honetan. Non ikasi duzu?
Ez dut ikastarorik egin, nahiz eta etorkizunean egingo ditudan. Irlandan, urtebetean, asko ikasi nuen. Baratzea unibertsitate bat da, inoiz amaitzen ez dena. Jendearen gomendioak entzuten ditugu, esperimentatu…
Zein aldaketa suposatu du bizimodu honek?
Egiari zor, lehen ez nuen gehiegi baloratzen supermerkatuko barazkia edo etxekoa. Orain, erabatekoa. Eta bizimoduari dagokionez, naturan sentitzen naiz, eguraldia eta abarri lotuagoa.
Eta lotura, benetako lotura.
Bai, hori ere nabaritu dut. Hemen ez dago oporrik, baina saiatuko gara horretan ere bestelako formulak bilatzen.
Teorian bai, baina nola egiten da praktikan?
Etorkizunean wwofer mugimenduan sartu nahiko genuke, eta munduko jendeari gure baratzea eta lurraldea ireki. Hori bai, hona alperrik etorriko dira gazteleraz ikastera, hona kultura ezagutzera etorri beharko lukete.
Zein da zure barazki kuttuna?
Mahaian, ilarra. Baratzean, oso dotorea da alberjinia edo berenjena.
Baratzean gauza desberdinak ikusi ditut, ez da ohiko baratzea.
Beno, gustatzen zaigu dibertsitate hori, gauza desberdinak jartzea, lurra osasuntsu mantentzeko ezinbestekoa delako biodibertsitatea. Gainera barazki berezi horiek kolorea eta bizitasuna ematen diote otarrari, eta bezeroei arreta pizten diete. Letxuga desberdinak, baita hori-moreak, albahaka, kale izeneko azak…
Nola nahiko zenuke egon hemendik 10 urtera?
Oreka batekin, honetaz bizitzen. Ideiak ez zaizkigu falta buruan: animalia batzuk, lurreko goldatze lanak animaliekin egin, elkarlan gehiago baserritarren artean, ekoturismoaren txori batzuk ere baditugu. Ez dut baztertzen azokan ere postua izatea.