«Lagun asko ditut azokan, ia anai-arreba bezala sentitzen ditudanak»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2016ko ira. 18a, 21:00

Argazkia: Tere Madinabeitia

Edurne Jauregi baliarraindarra umetatik joaten zen Ordiziako azokara, eta oraindik, ez du utzi. Ezta utziko ere, bi letxugarekin joan behar badu ere. Azokak bizia ematen dio, harreman eta lagun askorekin elkartzeko plaza, bezero izatetik, jendearekin bestelako harreman baterako bidea sortu diolarik azokak. Gogorra dela onartu arren baratzeko lana, oso polita ere badela dio, entretenigarria. Gustatzean dago gakoa, 'gustuko tokian aldaparik ez' dio esaerak, eta hala bizi du Jauregik baratzea. Ikasten, beti ikasten, ikastea ez baita amaitzen baratzean.

Udazkena badator. Tomaterik atera al da aurten?

Bai! Urte ona izan da! Aurrenetik gaizki hasi ziren, uztailean, arrekin eta. Gero ostera, oso bikainak atera dira. Abuztuko eguraldiei esker, tomate asko jaso dugu aurten.

Non dago trukoa?

Ez dakit, auskalo. Nik, urik ez diet botatzen, eta gozoago ateratzen dira. Ez dut uste tomateak urik behar duenik. Hala ere, tomatea eguraldiaren menpe dago. Nik berandu landatu nituen, lurra berotu arte itxaron bainuen. 'Nekazaria beti aprendiz' esaten zen, eta halaxe da hori. Beti desberdin ateratzen da, eta beti ikasiz.

Oraingo baratzeko erregina da tomatea. Baina lehen, ez zen asko estimatzen, ezta? Andaluziarrek ekarritakoa omen da…

Bai, hori egia da. Tomatearen inguruan zera esaten zen: «Tomatea? Zutik egoteko ere ez da gauza eta». Barazki eskas bezala ikusia zen orduan, eta begira orain. Aurten 8 tomate klase jarri ditut, eta iaz, 11 jarrita izango nituen.

Ibarrako piperra ere, modan jarri da. Zartaginean frijituta arrakasta du, eta hori nabari da postuetako bere presentzian, eta, prezioan. Oraindik ere, 6-7 eurotan dago. Eta esan didate, bezero batzuk, 25 eurotan ere ikusita dutela. Langostinoen prezioan…

Orain maisu handia dugu, Jakoba Errekondo. 10.000 liburutik gora salduaz baratzegintzaren inguruan, eta euskaraz. Marka handi xamarra…

Begira, hor atzean duzu bere liburua. Hainbeste liburu saltzea, interesa dagoenaren seinale da. Jan behar dugun zerbait da, eta jakin-mina sortzen du. Gastronomia asko maite dugunez euskaldunok, normala da baratzean ere arreta jartzea.

Eta liburuak egiak esaten al ditu?

Asko ikasi dut, eta pentsa, hainbeste urteren ondoren, oraindik ikasten. Berak ere, gugandik ikasten ari dela esaten du; orduan, guztiok elkarri erakutsi eta elkarrengandik ikasten. Denak kontentu!

Baratzean lanean, aspalditik.

Nire aitona inguruko baserrikoa zen, eta nire gurasoek orain bizi naizen etxe hau erosi eta konpondu zuten. Orduz geroztik, baratzeak presentzia handia izan du hemen. Nire ama Ordiziako feriara joaten zen, eta ni, bere bidetik. Jada izango dira 34 urte astero-astero han naizela. Eta lehenagotik ere bai, tarteka, amari laguntzera.

Bertatik biziz?

Bai… baratzetik bizi gara, orduan, ezinezkoa ez da behintzat. Eskualdean, uste baino jende gehiago bizi da baratzetik.

Baratzetik jasotzen duzu ogia. Nolakoa da egun arrunt bat?

Etxeko lanak egin eta baratzera, nahikoa egun osorako. Garaiak asko markatzen du gure egutegia, eta baita eguraldiak ere. Beroarekin lehen orduetan baratzean, eta besteetan, euria etorri aurretik presaka ibili behar.

Eta lehengo asteko Ordiziako Euskal Festan ere, jaso zenuen saria.

Bai, astero joaten garen postuen artean sari batzuk ematen dituzte, eta bat Baliarrainera ekarri genuen, kontentu asko.

Zer ematen dizu azokak zuri: lan-karga edo saltsa?

Niretzat asteroko bizigarria da. Egunerokoa balitz, agian aspertuko nintzateke, baina astero izate horrekin asteazkenaren zain egoten naiz. Lagun asko ditut han, bezeroak, ia anai-arreba bezala sentitzen ditudanak. Egia esango dizut: bi letxugarekin bakarrik ere, joango nintzateke azokara. Ez naiz erretiratuko, azoka ez dut utzi nahi eta. Harremana behar dugu pertsonok, jendearekin egon.

Hainbeste urtean, harreman gertukoa.

Bai, badakizkit bezero guztien behar eta maniak. Batzuk burua duten letxugak nahi, besteek azenario txikiak… ia ondo ezagutzen gara guztiok.

Eta etorkizunik ba al du?

Hortxe doa, martxan. Bezeroak diren heinean, azoka izango da. Nik baditut bezero batzuk aste guztirako berdura erosten didatenak. Horrelakoekin iraungo luke azokak. 18 letxuga erosten dizkit batek, hori bai, zera esaten dit, ez garbitzeko, hobeto mantentzen direlako.

Aldaketak ere ikusiko zenituen?

Lehen lurrean jartzen ziren gauza guztiak, ez zen mahairik. Hasieran arraro egiten zen, baina orain esaidazu zer den hobea… Duela urte batzuk emakumeak etxeko lanetan aritzen ziren, eta azokara joatea ohikoa zen. Gaur, gazteek lana egiten dute, eta bezero nahiko helduak ditugula esan genezake. Hala ere, amaren bideari jarraiki, neska-mutil gazteak etortzen dira erostera hartarako aukera dutenean, udako oporretan eta. Azoka zaharkitzen ari dela esaten da, baina egin dira saiakerak ere…

Zein? Kuriositatez…

Egon zen garai bat, ostiral arratsaldetan ere azoka izaten zela, egungo ohiturei erantzuteko. Baina ez ziren asteazkenetako salmenten pareko, eta egun, 2-3 baserritar joaten dira. Bestetik, D'elikatuz-en bidez, bazen aukera internet bidez azokako eskaerak egiteko, gero guk poltsetan eskaera prestatu, eta D'elikatuzera eramaten genituen erostunek bertan jasotzeko, gazteei begira egindako ekimena izan zen. Baina hori ere, apaldu zen. Ez dira ideia txarrak baina…

Askotan, agian, soberakinekin etxera…

Sobratu? Euskal Festak ere, oso fama txarra du salmentetarako, baino inoizko urterik hoberena izan da aurtengoa. Horrelako egunetan jendea ikusmiran joaten baita, festara. Eta soberakinekin, ba, azokan saltzen dut gehien, baina baditut bezero partikularrak eta baita denda eta taberna batzuk ere. Batzuetan, etxeraino etortzen zaizkit erostera zenbait…

Ordiziara joateko neguan genero gutxi…

Bai, baina izaten da orduan ere. Azak, eskarolak, romanesku, lonbarda… garaian garaikoa. Fruitu lehorrak eta egindako menbrilloak ere bai. Horiek ere, eramaten ditut, eta arrakasta izan ohi dute.

Urtaroka antolatuko da zure urtea.

Bai, bakoitzak du berea. Negua lasaia da, atsedenerako aldia neurri batean. Udaberrian dena landatu behar, udan jaso, eta udazkenean dena bildu eta txukundu behar. Nik negua gustura hartzen dut…

Supermerkatuetako azoka irabazten ari zaizue…

Bai, baina kalitatez okerrago, eta prezioz ere, altuago ibiltzen direla esango nuke. Gazte askok, eta ez hain gazteek, asteko erosketa egiten dute supermerkatuan: guztia han dutelako. Eta bestetik, sukaldeko ohiturak ere aldatzen ari dira: orain ez da lehen bezala aritzen sukaldean, berdura txikituz. Orain, jaki prestatuek arrakasta gehiago dute. Egiari zor, beste alde batetik, badira gazteak bertako produktu hori baloratzen dutenak. Orain, asteazkenetan, gazteek eskuetatik kentzen dizkidate tomateak, sekulakoak daudela esanda.

Kanpoan zerura begira, eta etxean notizietan eguraldiaren atalaren zain?

Ez pentsa! Nik Txindokira begiratzen dut. Nire amak esaten zuen: «Txindokin barra jartzen denean, hurrengo egunean, ziur, euria». Eta asmatu egiten du!

Barra?

Txindokiren erditik beheraxeago lainozko barra bat sortzen da, eta, orduan. Telebistara baino gehiago begiratzen dut hara.

Gazte batzuk baratzera hurbiltzen ari dira.

Nik poza hartzen dut halakoetan, baina amor propioa ere izan behar da honetarako. Askok proba egin, eta gero utzi egiten dute. Baina badira aurrera ateratzen direnak ere, orain, Azkoitiko 33 urteko gazte bat jarri da Ordiziako nire aldameneko postuan.

Erretiratutakoan, batzuk baratzean hasten dira. Ez da hainbesteko lana izango…

Bai, baina hor egon behar beti. Baratzean, bildutakoaren araberakoa da soldata. Erretiratuak ere hor hasten dira, orduak entretenigarriago egiteko. Estresatu ere egiten dira… nik, ez dudala erretiratu behar esaten diet, lan gehiago izatekotan (barreak). Bromak aparte, niri oso entretenigarria egiten zait baratzea. Beti lanean ari zara, baina lan desberdinak dira. Aitzurra, landaketak… eta, gainera, landarea hazten ikusten duzu. Baratzekoa baino lan gogorragoak badira… hala ere, batzuetan estualdiak izaten ditut: duela bi aste presaka aritu nintzen tipulak ateratzen, ilbehera tokatzen zelako, eta horrela, tipulak hobeto kontserbatzen dira.


Lorategia dirudite baratze askok…

Bai, orain dagoen landare aukera ez zen lehen. Orain gauza asko daude, eta jendeak eskatu ere egiten ditu. Lehen, anaiak Frantziatik ekartzen zizkidan letxuga mota diferenteak eta.

Zein da zure barazki kuttuna…

Nirea letxuga; ez da falta nire platerean. Izugarri gustatzen zait. Orokorrean, barazki zalea naiz ni.

Belaunaldi berriak bestelako sistemak ere jarri dituzte martxan, otarrena kasu.

Niri oso ondo iruditzen zait. Azoketara joan ezin direnentzat, aukera izan daiteke. Ideiak berriak dira, eta bestelako profileko bezeroentzako da eskaintza. Nola edo hala, aurrera egiteko bidea, beti da ona.

Baserri asko erortzen ari dira. Balio sentimental handiarekin, herentzian jaso dutenek prezio altua jartzen diete. Eta inor prest ez, halakoetan sartzeko (obra egin behar…), baina bada jendea agian bizia emango liokeena. Proposamenik?

Ez dakit. Alokairua edo… Baserriak hutsik edo erortzen ikustea tristeagoa da. Lanean ikustea da polita. Hala ere, lanean segitzea zaila da, idealizaturik dago, eta gero gustatu egin behar da. Paradoxa gertatzen ari da hor ere: baserriko seme-alabek ez dute ezer jakin nahi baserriko lanez, eta kaleko jendea ari da gerturatzen baserrira.

Orendainen bada neska bat, Garbiñe Arregi, orain baratzezaintzan hasi dena. Zer mezu emango zenioke?

Gogorra dela, baina baita oso polita ere. Lantokiak ere gogorrak dira… Hemen, gustatzean eta ilusioa izatean dago gakoa. Animoak bidaltzen dizkiot Baliarraindik. Begira, balkoitik ikusten dira haren lurrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!