«Bizitza ezegonkorra da, baina irrika handiz bizi dudana»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2016ko eka. 13a, 20:37

Amaia Elizaran artista tolosarrak pasioz bizi du dantza; hiru urterekin hasi zen dantza ikasten, eta Donostiatik Madrilerako jauzia egin zuen 16 urterekin. RAW ikuskizuna sortzen ari da buru-belarri.

Bizitza dantzan igaro duela esan daiteke. Hiru urterekin, ia hitz egiten ikastearekin batera, hasi zen gorputzarekin berriketan. Dantzaren bitartez komunikatzea du maite, ahoarekin baino nahiago. Tolosan, hirutik hamaika urte bitarte dantzan aritu ostean, hasi zen egunero trenez Donostiara joaten. Goizean eskola, arratsaldean dantza, etxera, ikasi eta lotara. Hala, lau urtez. Donostiatik Madrilerako trena hartu zuen bertako kontserbatorioan dantza ikasten jarraitzeko. Hamasei urte zituen. Goizean batxilergoa ikasi, metroa hartu, lau orduz dantza, eta etxera. Hurrengo egunean berdin, bost urtez.

Tolosara itzuli eta krisia. «Eta orain, zer?». Curriculumak hara eta hona. Baina pasioz bizi izan du dantza, eta ez esfortzu moduan. Hor dago halako ibilaldi baterako indarrak ateratzeko gakoa. Halako egun batean, Londrestik deia: «Rugby League World Cup-eko aurkezpen ekitaldian dantza egiteko hautatua izan zara». Hiru hilabetez munduan zeharreko dantzariekin ikuskizuna prestatu zuen, ostera, 74.500 pertsonen aurrean dantza egiteko Galesko Millenium estadioan.

Tolosara itzuli eta krisia. «Nora jo?». Kataluniako institutuetan dantza ikastaroak eman, Dublinen beste ikuskizun bat, ikastaroak, Madrilen beste proiektu bat…

Tolosara itzuli eta krisia. «Nire ikuskizuna sortuko dut!». Hala ari da sortzen RAW (gordina) ikuskizuna John Kendall-ekin batera.

Tabakaleran egin dio elkarrizketa TOLOSALDEKO ATARIA-k 24 urteko tolosarrari, eta bere hitzekin, zoriontasuna adierazi du. Bere dantza ezagutu nahi baduzue, Donostiako batzuentzako Gladisenea, eta beste batzuentzako Kristinaenea lorategian izango duzue aukera: Uda-gau bateko ametsa ikuskizunean, ekainaren 21etik uztailaren 24era bitarte.

Ezegonkortasuna du bidaide, eta hori sentitu dugu elkarrizketan. Saioaren erdian, deia izan du mugikorrera Errenteriako Dantzagunetik. RAW ikuskizunarekin jarraitzeko, diru laguntza eta erresidentzia artistikorako laguntza emango diete. Asko poztu da; pila. Bizitza ezegonkor bateko irrika uneak, gora eta behera, dantza sortzeko.

GAUR DANTZAN

Laster izango da zu dantzan ikusteko aukera, Donostia 2016 ekitaldien barnean. Zer moduz doaz prestakizunak?
Oso ondo! Hemen gabiltza egunero prestaketa lanetan Kukai dantza taldearen barnean. Bi orduko ikuskizuna da, eta ikusleek esperientzia berezi bat biziko dutelakoan nago. Probatu eta gozatu.

Baina Topic-en ere, zuk sorturiko ikuskizuna eskaini zenuen martxoan?
Bai, hala da. John Kendall lagunarekin batera Eusko Jaurlaritzaren sortzaile laguntza bati esker aritu gara. Topic-ek sortzaileentzako erresidentzia artistikoa eskaintzen du, eta hortxe egon zen John bizitzen, Euskal Herria plazan. Baina oraindik ez dugu amaitu, horri ekingo diogu buru-belarri uda ostean. Beka hau laguntza izan da, animo moduko bat.

'RAW' izena du zuen ikuskizunak. Azaldu sakonago, ezagutzen ez dugunontzat.
Zerotik hasita gure sorkuntza da. Mundu guztiak ulertu dezan saiatuko naiz azaltzen: RAW du izena, gordina. Jendeen kritiketatik eman diogu izenburu hori, gordintasun hori ikusten omen dute.

Ideia batetik abiatu ginen: gu zer gara? Bi gorputz, bi gorputz neutro. Eta helburua oreka bilatzen aritzea eta mantentzea da. Batak besteari eusten dio, eta bat erortzen bada, bestea atzetik lurrera. Orduan, helburua hori da: oreka aurkitzea.

Eta abiapuntu sinple horretatik, bestelako gauzak aurkitu dituzu?
Nik, saio desberdinetan gauza diferenteak sentitzen ditut, eta jendeak ere, elkarrekin zerikusirik ez duten gauzak bizitzen ditu RAW ikustean.

Eta hobeto ulertzen saiatzeko, azaldu ikusleek egin dizkizuten kritikak.
Egungo gizon eta emakumeei ezarririko rolak ez direla agertzen jende askok esan digu. Biak berdintasunean gaude, marra berdinean. Dantzan asko ikusten baita generoa ere: mutilak neska eusten du eta abar. Guk, hori, ez genuen egin nahi; bien arteko oreka eta balantzako berdintasun hori bilatzen genuen etengabe.

Genero ikuspegitik, berdintasuna bilatzen da dantzaren bitartez.
Bai, bai. Hori lortu nahi genuen, eta uste dut iritsi garela horretara.

Nola da ikuskizuna egiteko prozesua?
Topic-en geundenean, goiz eta arratsalde egiten genuen lana. Lehenik eta behin, beroketa egiten dugu, ordubetez. Bestela, egunaren arabera. Batzuetan, dena fisikoa: dantza eta dantza. Eta besteetan, egindako saioen bideoak ikusi eta sortze prozesuan aritu: zer gustatu zaigun, zer aldatu behar dugun…

Eta bilatze horretan, zalantza sortzen zait: ikuskizuneko mugimenduak inprobisatuak dira, ala, milimetrikoki neurtuak eta prestatuak?
Koreografia prestatzen hastean, bat-batekotasunarekin jolasten dugu, baina gero, borobilduz doa saioa. Entseguak bideoz grabatzen ditugu, eta gero, bideo horiek ikusita erabakiak hartzen joaten gara.



Azken produktuko mugimenduak milimetroka neurtuak daude?
Ez, ez da hala ere. Marrazkia oso finkatua dago, baina ñabardurak ere badaude. Egun batean energiaz lepo egon zaitezke, eta horrek ere eragina du ukituetan. Hala ere, oinarria hala da eta kito. Baina bakarlari lanetan, bat-bateko saioak egin izan ditut.

Inprobisazio saioak, jazz edo bertsogintzan bezala?
Hori da. Topic-en egin genuen saioan, gure RAW ikuskizuna egin ostean bakarlari lana egin nuen; erabateko inprobisazioan oinarrituta. RAW-ek 20 minutu ditu, eta ikusleei beste zerbait ere eskaini nahi genienez, bakarlari lan batekin osatu genuen.

Eta zer esan zizun ikuslegoak?
Etxean dantza egin nuen, Tolosan, eta asko gozatu. Jendea aldez aurreko jarrera onarekin etorri, eta gustura geratu zen. Niregatik Topic-era hurbildu, eta dantza mundura gerturatu ziren tolosarrak. Gurasoak dira termometro: oso kritikoak dira nirekin, eta gustatu zitzaien. Orduan, positiboki baloratzen dut.

DANTZAREN BIZITZA

Dantzak hitz egiten du?
Noski! Hitzek baino gehiago hitz egiten du, komunikazio mota bat da. Komunikazioa, hizki larriz.

Esplikatu sakonago, hitzez. Zer da dantza garaikidea, zure iritziz?
Dantza adierazteko modua da, ni-az hitz egiten duena. Dantza norbera aurkezteko modua izan daiteke. Itxurakeriarik gabeko pertsona agertzen du dantzak, pertsona gordintasunean. Dantza bizia da, etengabe aldatzen doana, norberaren bizipenek eta eguneroko gauzek eragiten diotelarik.

Dantzak gizarte horretaz informazioa eman diezaguke?
Jendearen nortasuna eta izaera agertzen dira. Mezu batzuk ematen ditu dantzak.

Eta zuk egiten duzun dantza nola deskribatuko zenuke?
Nire dantza, nire bizipenen bilduma da, biografia modukoa. Atzera begira nire dantza aldatu den moduan, hemendik 10 urterako tartean, bestelako bizipenak izan eta eragina izango du dantzan. Hala ere, sinpletasunetik egiten dut dantza. Ez zait gustatzen emozioak adierazteko dantza puzte hori. Nire oinarria zera da: gutxi asko da. Gehiegikeri horrek betekada ematen du.

Dantzan, gorputzeko atal guztiak erabiltzen dira?
Bai, gorputz oso-osoa. Behatz puntetatik hasi eta begiradaraino. Denaren jabedun izan behar duzu.

Mugimendu batek zerbait esan dezake?
Ez da mugimendu bakoitzak hitz egiten duela, baizik eta egoera emozional batetik abiatuta, zein mugimendu ateratzen diren.

Katalunian hezkuntzan ikastaroak ematen ibili zinen ikasleei. Hezkuntzak bestelako garrantzia eman beharko lioke?
Nik uste dut baietz. Dantzak beste sentsibilitate bat ematen dizu. Azken finean, gorputzaren kontzientzia hartzeko balio du. Badirudi, askotan ahaztu egiten dugula hau.

Dantza eta antzerkia, zer dira, lehengusuak? Antzerkilari batek halako ideiak erantzungo lituzke.
Bai, nik uste lotura handia dutela. Guk ere, dantzako ikastaroetan antzerkia landu izan dugu.

Baina nolakoa da dantzaren egoera. Tolosako egitaraua hartzen baduzu adibidez, musika ikusiko duzu batik bat. Antzerki ere bai. Baina dantza gutxi.
Ez da ezer handirik egiten. Dantzari dagokionez, lau gauza izaten dira; laurak berdinak urtero. Ni ere, ez naiz joaten askotan, urtero berdina delako.

Hori zergatik da? Antolatzaileen ezjakintasunagatik ala publikoak ez duelako erantzuten?
Programatzaileen ausardia faltarengatik, nik uste. Ez dute arriskatzen, eta betikora mugatzen dira. Baina egia da, ikusleak erakartzea ere lan zaila dela.

BIZITZAREN DANTZA

Nolakoa izan da zure bizitza, labur-laburrean?
Oso ezegonkorra, baina irrika handiz bizi izan dudana. Irrika gabe ezinezkoa izango litzateke ibilbide hau egitea.

Nola erabaki zenuen dantzaren bidea egitea?
Ez dut inoiz erabaki, bidea egin dut. Bidea, lan asko egin eta gozatuz.

Freelance zara, eta belarritik goxo sartzen da. Baina nola da freelance bizitza?
Oso gogorra da. Baina ez dago beste aukerarik: freelance zara ala freelance zara. Eta honek, krisiak eta poz handiak izatea dakar berarekin. Ezer gabe egotetik proiektu bat izatera igarotzen zara egun batetik bestera. Eta hau amaitzean, berriro egoera berdinera. Oso gorabeheratsua da.

Dantza ametsa, eta ametsa errealitate. Baina ez zen erraza izango…
Hori oraindik ez da egia bihurtu, ezta? Nik ez dut hala sentitzen; oraindik borrokan ari naiz.

BIZITZA DANTZAN

«Madrilera noa dantza ikastera». Eta zer entzun behar izan zenituen?
Ez zen harridura handiegirik egon. Nire ibilbidea bizitu dutenek bazekiten halako pausuak egongo zirela.

Nolakoa da zure egun bat?
Orain nahiko berdintsuak dira, Tabakaleran nagoelako. Baina hortik aurrera, berriro aldatuko da egunerokotasuna. Orain, goizean hemen aritzen naiz 10:00etatik 15:00etara.

Horrenbeste dantza eginda, azken finean kirola eginez. Zer egiten duzu aisialdian? Kirola ez, ezta?
Uzturrera joatea maite dut. Beltzaran jartzeko, eta paisaia zabaletan begirada galtzeko.

Dantzatik bizitzeko, elikadura zaindu behar?
Pixka bat, bai. Baina ezta gehiegi ere.

Dantzan erretiratu arte aritu daiteke?
Eszenatokia utzi beharreko eguna iritsi daiteke, baina nahiko bizi luzea du. Ostera, badaude bestelako aukerak ere: koreografo laguntzaile, irakasle…

MUNDUA DANTZAN

Bloga ingelesez duzu. Euskal Herrian dantzatik bizitzeko esperantzarik ez?
Egia esan, sorpresa hartu dut azkenaldian hemen lan eginda. Beti uste izan dut kanpoan aritu beharko nuela…

DantzErti Goi Mailako eskola ireki berri dute Bilbon. Nola baloratzen duzu?
Pixkanaka hasi da, baina denbora utzi behar zaio. Lehen urtea du, eta hobekuntzarako aukera izango du. Urte batzuk bizitu beharko ditu sendotasunera iristeko. Lehenagokoa balitz, agian Madrilera joan ordez, bertara joango nintzatekeen ikastera.

Donostia 2016an zabiltza. Zein balorazio egiten duzu?
Ez dut halako aldaketarik sentitu. Hemengo artista askok kanpoan jarraitzen dute, eta ez zaie aukerarik eskaini. Nik orain izan dut, baina azken momentuko gauza izan da. Eta aukera hau nire azaletik eskertzekoa da, baina, orain ez badago aukerarik, noiz egongo dira?

Gizartean dantza gehiago eginda hobeto biziko ginateke? Zer emango liguke?
Eta futbolak zer ematen dio gizarteari? (barreak). Gorputzeko muskulu gehienak mugitzeaz gain, emozioak lantzen dira.

Dantzaren bitartez, mundua pixka bat ezagutu duzu: Madril, Londres, Irlanda, Kopenhage, Herrialde Katalanak… zer ikasi duzu?
Hoberena, jendea ezagutzea da, ikuspegi eta bizipen desberdinak jasotzea. Gainera, dantzaren mundua txikia denez, elkar ezagutzen gara: oso konektatuta gaude. Beti topatzen duzu, ezagunen baten ezaguna.

Dantza mota asko daude munduan. Punk, flamenkoa… dena da dantza?
Bai, noski. Nik dantza gorputzaren mugimenduarekin lotzen dut, eta hauek denak dantza dira. Flamenkoa asko gustatzen zait, ikaragarrizko energia duelako.

DANTZA HERRIAN

Tolosako larunbat gauetan, zer moduz egiten da dantza?
Tolosan neure buruari eutsi egiten diot, larunbat gaueko parrandetan. Ezagun gehiegi eta begirada gehiegi (barreak). Madrilen, adibidez, dantza asko egiten genuen, anonimotasunean. Tolosan, dantza gustuen San Joanetako kuadrilla egunean egiten dut, Mulanborekin.

Belakoren musika eta zure dantzaren fusioa bideoklipean.
Oso gustura geratu ginen emaitzarekin. Niretzat plazera izan da heurekin lan hau egitea, musikalki ere, beraien jarraitzailea bainaiz.

Etapa batzuk egin dituzu, zein da zure dantza ametsa?
Orain ez dut oso argi. Orain arte, konpainia batean sartu eta bertan dantza egin nahi nuen. Baina gure proiektuak sortzen hasi garenean, RAW kasu, arra piztu dit barnean. Hau, nahiz eta gogorragoa izan, oso polita da. Oraindik ez naiz sortzaile sentitzen, baina horren bila nabil. Nik uste, bien arteko uztarketa litzatekeela nire etorkizuneko ametsa: konpainia batean aritu, eta tarteka proiektu pertsonalak sortzea.

MOTZEAN

Tolosaldeko paisaia: Uzturreko gurutze aldemeneko ttonttorretik ikusten dena.

Pelikula: La habitación.

Tolosaldeko jai hoberena: San Joanak.

Pertsonaia: Pina Bausch koreografoa.

Musika taldea: Belako, nola ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!