«Eraldaketa nahia dago gizartean, eta energia horretarako bide bat da»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2016ko mai. 23a, 10:00

Jada desagerturik zegoela zirudienean, etxez etxeko, atez ateko salmenta etorri zen berriro duela urte gutxi. Maiz ziren ate joka. Eta ia denak, argindar konpainietakoak. Dirua jokoan zegoenaren seinale. Garai haien inguru marian jaio zen argindarraren ekoizle eta kontsumitzaileen kooperatiba den Goiener. Goierritik Euskal Herrira zabaldu zen, Hego Euskal Herrira argiago. Eta argi hitz egin dio TOLOSALDEKO ATARIA-ri bertako boluntario den Asier Arsuaga tolosarrak, ezin argiago.

Zein helburu du Goiener kooperatibak?

Kooperatiba jaio zeneko helburua zera da, argindar berdea ekoiztu eta bazkideen artean saltzea, nahiz eta oraingoz komertzializazioan gabiltzan. Gu, bertako kooperatiba gara, bertako ekonomia bultzatu nahi duguna. Gu ez gara hemendik kanpoko lurretan sartzen, nahiz eta horretarako baimena badaukagun. Eta helburua ez da ahalik eta diru gehien egitea, nahiz eta argi enpresa izan.

Zenbat langile zaudete bertan?

8 langile eta 80 kolaboratzaile, baina ni ez naiz langilea, kolaboratzailea baizik.

Kolaboratzailea?

Kolaboratzaileak boluntario moduan aritzen gara, gure lan partikularretatik aparte, proiektua zabaltzen lagunduaz. Zonaldeka eta lan-arloka banatzen gara boluntarioak. Oraintxe bertan, Goierri eta Tolosaldean taldea osatzea gustatuko litzaiguke. Inor animatzen?

Nondik sortu zen ideia hau?

Europan halako kooperatiba asko daude, eta hauek erreferentziatzat hartuta elkartu ziren hainbat (32) lagun. 2012an martxan jarri zuten Goierriko Goiekiren laguntzaz, hemengo Tolosaldea Garatzen litzatekeena, eta 2014an jada komertzializatzen ari zen enpresa.

4178 kontratu dituzue egun. Zenbat denboran? Eta non?

Bi urteotan gabiltza komertzializazioan, baina azkenaldian lortu ditugu bazkide gehienak batez ere. Goranzko joeran goaz etengabe. Hego Euskal Herriko etxe eta enpresetara eramaten dugu argindarra.

Bazkide? Edo bezero esan nahi zenuen?

Goiener-en ez dago bezerorik, bazkideak baizik. Lehendabizi kooperatibako bazkide egin behar da, 100 euro ordainduaz. Bazkide izanda, kontratua egin dezakezu etxerako. Eta ez da hain proiektu eskasa izango, orain arte inork ez baitu bajarik eman.

Tolosaldean zenbat kide dituzue?

Tolosaldean 150 eta 200 bazkide artean ditugu, herri guztietan zabalduta. Kopuru handia da, baina ez Euskal Herriko beste zenbait zonaldetan bezainbeste. Hemen, Tolosaldean, udaletxe bazkide kopuru handiena dugu, izan ere, Tolosa, Orendain, Berastegi, Alegia eta Elduain bazkide dira.

Nola burutzen duzue zabalpena?

Gu ez gara etxez etxe komertzial lanetan ibiltzen. Hau beste istorio bat da. Proiektu herrikoi eta soziala denez, boluntarioak aritzen gara hitzaldiak ematen. Azkenaldian adibidez, Berastegin burutu dugu hitzaldia, eta baita Irura eta Tolosako erretirodunen biltokietan ere Tolosaldea Garatzenek antolatuta.

Zein dira etorkizuneko proiektuak?

Helburua Nafarroa eta hartarako aproposenak diren tokietan energia sorkuntza lantzea da, duela gutxi egokitutako legediari zirrikituak ikusi baitizkiogu. Guk sortu, eta guk saldu. Ahalik eta modu jasangarrienean lanketa burutzea, lanpostu duinak sortuz.

Zein da zuen bezeroen profila? Zein motibazio dute?

Nire iritziz, ekologiarekin konpromisoa duen jendea. Hauek ez datoz ahalik eta prezio merkeenaren bila, nahiz eta halakoak ere baditugun. Adibidez, hainbat taberna eta komertzio gure kooperatibara igaro dira eta haien kasuan prezioa nabarmen jaisten zaie. Eta guk, garbi jokatzen dugu: guk ez dugu nahi ahalik eta bezero gehien izan eta dirua erruz irabazi. Gure helburua da gure energia guk sortzea, modu jasangarrian eta bertako herritarrek modu kontzientean kontsumitzea. Guk gure bazkideei, potentzia jaisteko ere gomendatzen diegu bere kontsumoaren azterketa egin ostean. Ez baitu logikarik behar baino potentzia kontratu handiagoa izateak. Edo gerta daiteke, boluntarioen talde batek (Metering taldea) bazkideari gomendatzea gaueko tarifa hartzeko. Enpresa handiek aldiz, ez dizute hori esango. Hauek, geroz eta gehiago kontsumitu, orduan eta kontentuago. Konturatu gara, esaterako, parrokia txiki askok izugarrizko potentzia kontratatua dutela, eta zer gertatu da? bada, obra egiterakoan kontratu hori hartu zutela, eta orduz geroztik horrekin daudela. Pentsa, zenbat kontsumituko duen parrokia batek; ezerezaren pareko. Goiener-ek segituan esango lioke kontratua aldatzeko, beste enpresa askok, ez.

Norbaitek esango du: «Enpresa berri hauekin, auskalo! Edozein egunetan argia moztuta…». Zer esango zenioke?

Hori ezinezkoa da! Bi urte baino gehiago daramagu argindarra jasotzen Goiener-en eskutik. Mozketa gertatzeko, kooperatiba hondamendi egoeran egon beharko luke, eta logikaz, hori gertatu aurretik bazkideei esango litzaieke. Jendea ez da argindarrik gabe geratuko, betiko garraiobidea erabiltzen dugulako, Iberdrolarena. Orain arte bezala jarraituko luke zentzu horretan. Lasai egon beharko luke jendeak, enpresa oso ondo baitoa, jende gehiago kontratatu behar baitugu.

Zaila izango da betiko konpainietatik jendea ateratzea…

Hitzaldiekin, notiziekin… edota bazkide egin diren ahozkoaren bitartez zabaltzen goaz. Hala ere, jendeari kosta egiten zaio betiko konpainietatik ateratzea. Komeni da baloratzea hala ere, enpresa bakoitzaren jokatzeko modua, energiaren jatorria edota izaera nolakoa izaten den. Horietan jarraitzen duenak, haien baloreak bultzatzen ditu zeharka.

Zergatik egin Goiener-en bazkide?

Gehienbat egungo oligopolio sistema aldatzeko; bost enpresek kontrolatzen baitute merkatua. Goiener eta Estatuko antzeko kooperatiben bazkide eginez, mezua igortzen diogu gure kontsumoaren bitartez gobernuari: «Aldatu energia berdearen sorkuntza eragozten duten legeak eta ez babestu Garoña eta antzekoak berriro irekitzea». Bestetik, lanpostu duinak sortzen ditugu bertan, eta orain, energia alternatiboen sorkuntza bultzatu nahi dugu.

Goiener-ek subironatasun energetikoa berreskuratu nahi du. Zer da hori?

Autokontsumoa bultzatzea eta guk gure energia kontrolatzea, kanpoko aldagaien menpekotasunetik at. Espainiak Alemaniak baino eguzki ordu gehiago ditu, baina gutxiago sortzen du; horra paradoxa. Gure helburua dependentzia energetikoa txikitzea da. Nafarroako Erriberako lautada zabalak aproposak dira horretarako, Gipuzkoako orografia aldiz, ez da oso egokia haizea aprobetxatzeko. Horregatik ez zuten hainbeste zentzu Hernio inguruko haize errotek.

Nongo energia erabiltzen duzue?

Ahalik eta gertueneko diren argi-indar sortzaile berdeei erosten diegu beti: Nafarroako eguzki plaka edota Elgeako haize errotakoa, adibidez. Zeren eta, zenbat eta urrutiagokoa izan, okerrago da, galdu egiten baita. Hau ura bezala da: hobe gertukoa ekartzea, hemendik 500 kilometrora dagoena baino. Ez du zentzurik. Hoberena herri bakoitzak berea sortzea, KM 0 logika beharko litzateke arlo honetan ere.

Baina zein energia erabiltzen duzue?

Energia alternatiboak bultzatzea da gure helburua: eguzki plaka eta haize-errotak batik bat. Baina baita bestelako aukeratakoak ere: biomasa esaten zaiona, animalia eta basoko hondakinek sorturiko gasekin energia sortzen duena, ur-salto txikien indarra erabiltzea… olatuekin ere energia sortzea aztertzen ari dira, baina oraingoz gure helburuetatik kanpo dago. Helburu nagusia, ikatza, gasa eta nuklear bidez sortutako argindarra desagerrarazi eta bestelako aukera jasangarriak bultzatzea da.

Hala ere, zenbait energia enpresa handitan energia berdea erosi daiteke. Zein ezberdintasun dago zuenetik?

Batzuk honetarako aukera ematen dute, baina ez da berdina. Hauek etekin bila doaz: dirua egiteko enpresak direnez, bigarren mailan geratzen dira beste kontuak. Gu kooperatiba txiki bat gara gure energia erabiltzeko helburu duena.

Energia alternatiboak, baina asko kontsumitzen da etxeetan…

Metering taldea Lan-talde baten lanketa da, gure bazkideak kontzientziatzea energia gutxiago kontsumitzeko. Helburua ez da kandelekin ibiltzea etxean, baina bai informazioa eman eta jendeari aholkuak ematea, adibidez bonbillak aldatzeko aukera ezberdinak erakutsiz, stand-by aparailuak...

Ekonomia honen alternatibak ikusten ari gara: baserritarren otarren kontsumo taldeak esaterako. Zuek hor kokatzen zarete, zerbait alternatiboan?

Eraldaketa nahi bat dago gizartean. Kapitalismo sistema honen aurrean alternatibak sortzen ari dira han hemenka, eta hau, horietako bat da. Natura eta jasangarritasunari kalte egiten dioten proiektuen alternatiba asko sortzen ari dira azkenaldian.

Baina askotan esloganetan geratzen da. Praktikara salto egiten du jendeak?

Niri askok esaten didate izugarrizko ideia dela, baina hilabeteak igarota ere, ez dute pausua ematen. Esanetik praktikarako esfortzu txiki hori falta zaio askori. Ikusi duguna da baita ere, ingurukoek egiten dutenean, jendea errazago animatzen dela. Batzuk, izugarrizko diskurtsoak dituzte sistema eta politikarien inguruan, baina praktikan, betiko konpainia horretan jarraitzen dute alternatibak egonda. Alperrik da mezu kritikoak bidaltzen egotea sare sozialetan, eta gero, gure egunerokotasunean burutu ditzakegun aldaketak ez burutzea.

Geure buruari galdetu behar diogu: «Nik, zer egin dezaket?».

Txikitasunetik aldaketa egitea posible da?

Txikitasunetik hasi beharra dago! Hori garbi dago! Inor ez da hasten sekulako indarrarekin. Norbaitek izan behar du Rosa Parks hori, krakatekoa sortuko duena, eta haren atzetik besteak; pixkanaka.

 

MOTZEAN:

Tolosaldeako paisaia politena: Artubiko mendi puntatik ikusten dena

Musika talde bat: Niko Etxart eta Hapa-Hapa

Kirol bat: Erremontea.

Festa kuttunak: Arribeko puska biltzea.

Oporretara joango nintzateke...: Alaskara.

Amets bat: Kapitalismoaren amaiera.

 

HERRITARRAK ENERGIAREN INGURUAN AHALDUNTZEKO HAINBAT WEB ORRI:

Konpainia ezberdinen prezio konparatzailea:

http://comparadorofertasenergia.cnmc.es/comparador/index.cfm?js=1&e=N

Norberaren kontsumo altuenak edota bataz bestekoak ikusteko:

https://www.iberdroladistribucionelectrica.com/01disd/wtgapp/www/inicio.html

Aurreko Foru Aldundiak argindar kontsumo arduratsua egiteko martxan jarritako ekimena. Kataluniako Vic herrian egindako ekimenean oinarritua.

www.argitu.eus

Goiener: Euskal Herriko energia sortzaile eta kontsumitzaileen kooperatiba.

www.goiener.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!