«Topikoa irauli dugu: jendeak izugarri egiten du dantza»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2016ko mai. 11a, 11:25

Ostiralean joko du La Jodedera taldeak Ibarrako gaztetxean Sarek antolatutako Hartu Trena ekimenaren barruan. Jon Kasares taldeko kidea da.

Aldarrikapen dantzagarria da La Jodedera. Kuba eta Euskal Herriko doinuak uztartu eta adin desberdinetako publikoa gerria mugituz jartzen dute segituan. Entzuleak sorgindu eta Kubara eramaten ditu momentu batez La Jodederak, hemengo xirimiriak ahaztu eta dantza beroetan barneratuz. Elkarrizketa irakurri eta entzuteko gogoa sartu zaizula? Ostiralean joko dute Hartu trenaren barruan, Ibarrako gaztetxean, Sarek antolatuta.

Eguerdion.
Egunon!

«Kaixo, egunon gizon, Oinatzek esaten do…», dio zuen abesti batek. Eta zuek abesti bat egin agurrari.
Oinatz Bengoetxea pilotariari buruz egin nuen abestia da, ni ere leitzarra izaki. Kalean topatzean, hori da bere agurtzeko modua. Kristoren plaza-gizona da, eta, estilo handiko bere izaera berezi horri omenaldi txikia egin nahi nion.

Nondik dator La Jodedera izena?
Irekita utzi nahi dut, jendeak asmatzeko. Definizio itxietatik haratago eta urrutiago joaten da jendearen irudimena; horrek indar gehiago du. Hik pentsa…

Nola ezagutu zineten elkar?
Leitzan ezagutu ginen: Mandi herriko taberna batean ogitarteko batzuk eskatzen ari zen, eta zorionez, ez zuten ogirik tabernan. Zorion horretatik ezagutu ginen. Nik hura entzun eta nire etxera gonbidatu nituen afaltzera, izan ere, alabaren urtebetetze ospakizuneko bazkariko sobera mordoa genuen etxean. Afalostean, etxean nituen musika tresnak hartu eta kantari ibili ginen goizeko ordu txikiak arte. Ez al da talde bat sortzeko modu polita?

Bai, bai… taldearen izaera agertzen du. Aurkeztu zure taldekideak:
Jomes Bap: Andoaingoa: Bap! ohia. Baxua jotzen du. Ganberro samarra. Bere esaldia hauxe da: «Ez noa proba-saioa egitera, hori beldurtiena da». Mandi Cienfuegos: Tolosako kubatarra. Perkusioa eta kantaria. Saltsa haragiztatua du: Kuba, ahotsean darama. Oscar La Habana: Kubako tolosarra. Tres kubatarra magiaz jotzen du. Musikalki munstroa, bere kabuz ikasi duena. Jon Txomorro: guitarra eta abeslaria. Oraindik letrak egiteko askatasuna uzten didatenez, nire harrikadak jendeari bota nahi dizkiot, punky garaiko gure talde Txomorrorekin egiten genuen tankeran.

Ezagutzen ez zaituztenei, nola azalduko zenieke egiten duzuena?
Erabat domatu gabeko euskal sona. Hasieran bagenuen asmoa euskal abestiak eta doinu kubatarrak nahasteko. Baina plazaz plaza ibili ostean, Kubako doinu dantzagarri horiek arrakasta gehien dutela konturatu gara. La Jodedera zera da, doinu kubatarra euskarazko hitzekin, zerbait esan eta jendea dantzan jarri nahi duen gertuko taldea.

Zertaz hitz egiten dute zuen abestiek?
Barrenera iristen diren eguneroko gauzetaz. Orain egin ditugun abestietan, esaterako: El son de Monsanto transgenikoei buruz, Don Meliton Manzanas imajinatu zertaz, La Mirentxin presoen bisitetara joateko elkartasun ekimenari keinu eginez, Caballo vamos pal monte, Estoy como nunca… denetik pixka bat. Ah! eta beste bat ere, doinu karibearrez zipriztinduriko abesti polita bikoteei buruz. Katxondoa da honen letra, ironia askokoa: bikoteak nola banatu eta elkarri kristorenak esaten hasten diren, erabat ahazturik gaizkien pasatzen duten inguruko txikietaz. Quiero que te vaya mal izena du abestiak.

Nola da zuen taldearen dinamika?
Entseguak egitea ikaratiena dela esaten du gure baxu jotzaileak. Bera orduan, ez da etortzen. Baina onartzen diogu hori, musika-eskola batean aritzen da irakasle lanetan eta. Besteok berriz, astean behin aritzen gara. Baina benetako entseguak kontzertuak eta kontzertu aurreko probak izan ohi dira. Bestetik, saiatzen gara kontzertuak arratsalderako lotzen, bestela asko berandutzen zaigulako. Gu jada, ez gaude ordu txikietan jotzeko.

Taldearekin zure bizimodua aldatuko zen, ezta?
Bai, egia esan. Baratzean aritzea gustatzen zait eta kontzertuak tarteko, lana pilatzen zait. Semearekin ere, partiduetara joan behar izaten dut. Gainera, kontzertu bat jo eta gero, gorputza leher eginda geratzen da.

Zuek motibaturik izugarrizko erritmoak sortzen eszenatoki gainean, eta beheran, jendea motel, lepoa mugituz oilo moduan. Topikoa ala tipikoa?
Sekulakoa da jendearen dantza egin beharra! Topiko hori irauli dugu guk behintzat: jendeak izugarri egiten du dantza. Eta gainera arratsaldeko orduetan… Ea nork lortzen duen hori! Euskal Herrian sekulako erritmoa dago eta jendea ongi mugitzen da..

Euskal Herriko plaza asko igaro dituzue. Plaza guztiak berdinak al dira?
Guztiak ez dira berdinak, baina denetan helburu berdina dugu: jendea dantzan jartzea. Iaz, 50 kontzertu egin genituen.

Zein anekdota oroitzen duzu?
Denetarik! Lehen esan dizut La Jodedera domaturik gabe dagoela, orduan ezin kontatu dena. (Barreak). Grabagailua itzaltzean kontatuko dizut…

Euskal Herritik kanpora jo al duzue?
Ez. Bartzelonara joateko asmoa badugu, eta baita Kubara egunen batean...

Kubako bira noizko?
Dirua aurreztu eta Kuban bira egin nahi dugu. Izan genuen joateko asmoa, baina galdara izorratu eta 1.800 euro ordaindu behar! Ni lorezaina naiz, ez musikari profesionala. Jende asko joango litzateke Kubara, baina horrela da bizia…

Ostiralean Ibarrako gaztetxean da zuekin hitzordua, eta bertan ez daude musika mota honetara ohitura. Nola limurtuko dituzue?
Seguru nago han ere dantzan amaituko dutela. Neska gehienek ziur egingo dutela: hauek lotsa gutxiago eta dantzako joera landuagoa dutelako. Mutil asko aldiz, Playmobil jostailuen tankeran, tragoa esku batean, eta zigarroa bestean. Baina garrantzitsuena hori da, dantza egitea.

Beste kontzertu bat presoen egoera aldatu nahian, oraingoan Ibarrako Sarek antolatuta. Nola ikusten duzu egoera?
Estatuaren gatibu dira, eta batzuei ez zaie komeni egoera hau amaitzea. Ni ez naiz aditua, baina ez da analista politikoa izan behar, hau lehertu nahi dutela ikusteko. Gure abesti bat, Mirentxin, presoen senideekin elkartasunean astero furgonetak gidatuz aritzen direnei buruzkoa da. Besteentzako borondatez lan egiten duten pertsona horiekin bat egiten dut nik: hori da nire filosofia. Benetan borondatez lan egiten duten horiekin nago ni: berdin zait, Caritas, presoekin edota herriko taldea entrenatzen aritu. Hori da bidea, eta ez, boterea, fama edo dirua bilatzea.

Talde moduan, nola ikusten duzue etorkizuna?
Berdin jarraitu. Zerbait esateko gogoa baldin badut eta jendeak deitzen badigu, segiko dugu. Espero dugu jendeak telefonoa astintzen segitzea: toki askotatik urtero deitzen digute, oraingoz. Ez naiz harritzen, gure musika desberdina baita. Baina gogorra ere bada hau, gaur ere txikituta nago atzo (igandean) kontzertua Pasaian jota.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!