Uzturre inguruetako mendi itzulietan, askotan topatuko zituen irakurleak bertako belazeetan txerri ezberdin batzuk: isatsa luzea, azalez pintoak, belarri handiak… Izatez, besteak bezain txerriak. Euskal txerriak direla diote. Txerri hauen atzean, Aitor Otaegi ibartarra dago. Ordura arteko lan ziurra alboratu eta betiko ametsaren bueltan hasi zen txerriak hazten, birraitona eta amonaren zaletasunari jarraiki. Hor dabiltza, Nekane eta biak, malkar handiak zertxobait lautu nahian, «alper-alperrik ari haiz txerri horiekin!» animoei, lana eta ilusioz erantzuteko gogotsu.
CAF enpresan lanean ibilita, nolatan sartu zinen abentura honetan?
Umetatik, lurrari loturiko bizimoduak erakartzen ninduen; ez naiz baserrian jaioa, baina Izaskunen bizi izanda, beti izan dut gertukoa. Eta bueltan-bueltan, hemen gabiltza. Enpresatik eszedentzia hartu eta martxan jarri genuen txerritegia, egun, lanaldi erdiarekin nago enpresan, eta ordutegi finkorik gabe ukuiluan.
Zenbat txerri dituzue?
Hori ez da esaten! Galdetu bai, baino… (barreak).
Eta zergatik txerriak, eta ez, esaterako, ardiak?
Nik, bere garaian, ez nuen lurrik; ez nuen ezer ere ez. Beti gustatu izan zaidanez mundu hau, pentsatzen nuen: «Nondik hasiko nauk?, Zer gabezi dago?, Zer falta da?». Oroitzen dut, umea nintzen garaian nola zeuden txerri ugari bailara honetako etxe askotan, eta oroitzapen hartatik abiatuta hasi ginen: «Txerriekin igual saiatuko nauk! Ez zeok eta!», pentsatuta.
Zu ekintzailea zara. Politikariek diote gazteek ekintzailetasunari eutsi behar diotela. Nola bizi izan duzu honako prozesua?
Hori kontu hutsa da! Politikariek beste gauza batean hausnartu beharko lukete: nolako burokrazia eta zailtasunak dituen bere enpresa sortzeko gogoa eta ilusioa duen gazteak. Honekin ez dut esan nahi denak libre beharko lukeenik, baina bai, ezerezetik hasi nahi duen horri, bidea erraztu eta laguntza eskaini behar zaiola. Handiek errazagoa dute kudeaketa hori guztia egitea, horretarako baliabideak dituztelako, baina zerotik hasi nahi duenak? Bestetik, ekintzailea propietate pribatuko inbertsio izugarrietara bultzatzen dute, eta gaizki ateraz gero, norbanako horrek ordaindu beharko du bizi osoan zehar bere ekintzailetasuna.
Nolakoa da zure eguneroko bizimodua?
Lehendabizi umeak jantzi eta ikastolara eraman. Ondoren hasten da trakamila, hasi eta buka inoiz egiten ez diren lanak: simaurra atera, eskaerak bideratu, posta elektronikoa begiratu, luzatzen ari den belaze hartara txerriak eraman, iparraldeko kooperatibara joan produktuak egitera... Aurreko batean baserritar batek telebistan esan zuen moduan: “Baserriko lanak amaitu? Norberak uzten dionean, bestela inoiz ez da lana amaitzen». Eta hala da!
Eta txerrien bizimodua nolakoa da?
Txerriak bezala bizi! Egon eta jan. Bromak aparte, neguan ukuiluan egoten dira gehienbat, eta udan Izaskungo belazeetan. Izan ere, txerri mota honi asko gustatzen zaio belarra jatea. Ia ardiek bezainbeste jaten dute.
Zer gustatzen zaizu gehien bizimodu honetatik?
Ingurunearekin sortzen den harremana. Bertan bizi eta lan egiteak naturak eskaintzen dituen sekretuez gozatzeko aukera ematen dizu. Adibidez, batetik, paraje hauetako bistak. Bestetik, eguraldiaren gorabeherak: eguzkia sartzen ikusi, hotza dagoenean barnean sentitu, euria datorrela antzeman… Naturako beste kide bat sentitzen naiz lanbide honetan hasi nintzenetik.
Eta gutxiena?
Lan asko eginda, sosa gutxi.
Ze desberdintasun dago txerri-zuri eta euskal txerrien artean?
Fisikoki bistakoak diren ezberdintasunez gain, hau da, isipua, muturra, pintoa dela… Euskal txerriek besteak baino hazkuntza motelagoa dute: hauek 5-6 kume izaten badituzte, besteek 10-12. Gainera, denbora gehiago behar dute kiloak hartzeko, eta honek zera esan nahi du, kostu gehiago duela. Azkenik, produktuak desberdinak dira: hauek grasa asko dute eta zaporea bestelakoa da.
Eta nolatan bihurtu dira txerri hauek «euskal»?
Baxenafartar lagunek kontatu didatenez, Parisko artxibategian 1700 eta ez dakit zenbagarren urteko dokumentu bat dago, non azaltzen den txerri hauei buruzko aipua: Euskal Herriko txerri pintoa (frantses hizkuntzan). Bestetik, sukaldaritzan, «euskal» honek saltzen du komertzialki.
Zein produktu egiten dituzue?
Hiru pate mota, saltxitxoia, txorixoa, solomoa, hirugihar, odolkia… eta etorkizunean urdaiazpikoak ere egiten hasi nahiko genuke. Baina hau inbertsio handia denez, izan ere, urdaiazpikoak ontzeko hiru urte behar baitira, aurreragorako utziko dugu.
Non saltzen dituzue produktuak?
Larunbatero Tolosako azokan, eta tarteka, Euskal Herri guztiko azoka berezietan. Baita ere, hiru hilabetez behin edo, haragi paketeak saltzen ditugu jendearentzat: haragi freskoa, elaboratua… facebook eta whatsapp bidez zabaldu eta eskaeraren arabera.
Azoketan gustura ariko zara saltsan?
Egia esan, hasieran sekulako fobia nuen, beldurra nion jendearen aurrean niri produktuekin agertzeari. Eta gero, egia esan, pixkanaka gozatzera iritsi naiz. Polita da bezeroekin harremana sortu, tertulian aritu, broma batzuk egin…
Hestebeteak gutxietsi egin dira duten eraldaketa prozesu eta gehigarriengatik.
Guk, hasiera-hasieratik garbi genuen elikagai sanoak eta benetan naturalak egingo genituela. Ez dugu inongo gehigarri eta kontserbatzailerik erabiltzen: «E-» horietakoak, zero; gatza eta piper beltza erabiltzen dugu soilik.
Jendeak ba al du kontzientziarik bertako kalitatezko produktuen inguruan?
Denetarik dago, baina orokorrean baietz uste dut. Industriako prezioekin alderatzen aritzen direnak badaude, baina baita bestelako irizpideak oso kontuan izaten dituztenak ere, kalitatea eta produktuaren berezitasuna esaterako. Inoiz erosten ez dutenak 50 urtetik gorako gizonezkoak dira (barreak).
«Hi haiz txerrie!» iseka egiteko erabiltzen da. Zergatik?
Txerria da animalia bat fina bezain zakarra, eta zakarra bezain nazkagarria. Txerria fina ere bada, kontzeptu askotara iristen den animalia baita. Txerria oso animalia librea da, eta gaitasun asko ditu. Agian, hotzarekin da ahulagoa. Pertsona ere, txerria dela dakienarekin, kontuz! Pertsona hori gauza askotara iristen da eta bere burua oso ondo ezagutzen du.
Anekdotarik izango zenuten urte hauetan guztietan?
Txerriek itxituratik bost mila aldiz alde egin eta bizilagunak aspertu ditugula. Hortik aparte, izan genuen gertaera berezia ehiztariekin: ehiza txakurrak gure lurretan sartu eta apotea hil zuten potroetatik arrastaka, basurdea zelakoan.
Etorkizunari begira zein ideia dituzue?
Badaude ideia politak. Iparraldean jatorri-izendapena egin dute «Kintoa» deitzen dena, eta hegoaldean ere jatorri-izendapena hori bera bultzatu nahiko genuke. Hau da, Pirinioen ipar eta hego isurialdeko euskal txerri produktuak. Honela, irizpide batzuk ezarri eta produktuari bultzada emango genioke. Bestetik, etxean, bertatik produktuak ere saldu nahiko nituzke etorkizunean.
MOTZEAN
Tolosaldeko paisaiarik politena: Larraitz eta Izaskun.
Musika talde bat: Police.
Bertsolari bat: Amets Arzallus.
Festa kuttunak: Ibarrako festak.
Plater bat: Amak jarritako txekor isatsa saltsan.
Amets bat: Pobreziarik gabeko mundu hobe bat.