Kafea garrantzitsua izango da taberna batean...
Ardoa eta garagardoaren ondoren, kafea kontsumitzen da gehien. Baina nahiz eta ez izan salduena, garrantzitsuena da nire ustez, kafe ona ematen den tokia erreferente bilakatzen delako.
Zein ohitura du jendeak?
Emakumeak oso kafezaleak dira, eta kafea egun guztiko edaria da, nahiz eta gauean bere kontsumoa jaisten den loa lapurtu dezakeelako ziurrenik.
Hutsa, ebakia edo kafesnea?
Ebakia da erregina, alde handiarekin.
Eta nola ateratzen da ebaki on bat?
Betiko irizpideez gain: kafearen kalitatea, makina, neurria… esneak paper garrantzitsua jokatzen du. Esnea berotzeko moduak asko eragiten dio kafeari, ez baita gehiegi berotu behar, bestela garraztu egin daitekeelako esnea. Eta hor ere badago truku txiki bat: haize gabeko aparra osatu behar da, homogeneoa eta pisutsua.
Makina bat aldiz entzun beharko zenuten: kafea kostu gutxi eta zuek garesti kobratu.
Bai, hori ukaezina da, baina kontuan izan behar dira langilearen lan orduak, lokala, argia… eta gastu gehiago. Gainera, euro eta gutxirekin tabernariarekin kontu batzuk egin ditzakezu, egunkaria irakurri edota musikaz gozatu. Horrela begiratuta, ez al da merkea kafea?