Kafea hazi xume arrunta da, beste edozein haziren tankerakoa, gerezi itxura duen fruitu baten barneko alea. Hala ere, munduan esportatzen den oinarrizko bigarren produktua da. Bai, bigarrena petrolioaren atzetik. Bestetik, dauden droga guztietatik estimulatzaileena da, eta ekonomia aldetik, 20 milioi pertsonari ematen dio jaten mundu guztian zehar. Hortik abiatzen da Mark Pendergrast kazetariaren El café. Historia de la semilla que cambió el mundo. Jende askoren egunerokotasuneko parte da, baina gutxitan pentsatzen dugu bere nondik norakoetan.
*Artikulu hau kafetxo baten laguntzaz irakurtzea gomendatzen da.
Kafearen istorioak: Kaldi ahuntzaina
Etiopian omen du jatorria kafeak, honela dio behintzat istorio honek:
Bertako ahuntzain baten ahuntzek aurkitu omen zuten munduaren norabidea aldatu zuen hazia. Egunero bezala, Kaldi ahuntzainak bere lagun saltariak hartu eta mendira igo zen. Ahuntzak basoan barrena ibiltzen ziren bitartean, Kaldi gaztea poesia sortu eta abestiak abesten egoten omen zen, gustura, bere egunerokotasunaren patxadarekin. Ahuntzei deitu eta etxera, eta hurrengo egunean bizimodu berbera. Poesia, musika, patxada… ahuntzei deitu eta etxera.
Iluntze batean ordea, bere oihuek ez zuten ahuntz taldea erakartzen. Deitu eta ezer ez. Harrituta, eta baita kezkatuta ere, basoan barrena ibili zen ahuntzen bila. Azkenik topatu zituen, dantzan, ero moduan saltoka eta elkarri adarrekin zirikatuz. «Sorginduta daude!», pentsatu zuen. Jaramonik egin gabeko denbora tartea igarota, azkenean abiatu ziren etxe aldera. Baina hurrengo egunetan ere, katramila berbera: ahuntzei deitu eta arrastorik ez.
Han zeuden berriro ere, zuhaitz arraro haren magalean saltoka, dantzan eta jolasean. Zuhaitz haren aletxoak probatzeari ekin zion orduan Kaldik, «ea ale hauek zer dioten misterio honi buruz», pentsatu zuen. Kafea ale garratz haiek ahora eta di-da batean pentsamenduak etengabeko abiaduran hasi zitzaizkion: poesia eta abestiak borborka zituen buruan.
«Zuhaitz magiko» haien berri eman zion aitari herrira iritsi pronto, eta berebiziko abiaduran bilakatu zen Etiopiako kulturaren parte.
Kafea munduan barrena
Maitatua eta gorrotatua izan da handik aurrera munduan barrena. Gaueko errezoetan esna egoteko balio zuen tresna zela esatetik, deabruak ekarritako edabea zela esateraino. Izan ere, kafeak ez du inor otzan uzten: kulturako parte garrantzitsu bilakatu edo debekatua izaten zen (gaur egun ere debekatua dago hainbat tokitan). XV. mendekoak ditugu lehen idatziak Arabian, eta jada 1511. urtean Egipton debekatua izan zen Khair-Beg gobernatzailearen eskutik. Debekatua, bere erabaki politikoen kritika zorrotzenak kafetegietan beratzen zirelako. Beste herrialde batzuetan ere debekatu zuten, eta jipoi galanta jasotzen zuen kafea edaten harrapatua zenak. Azkenik, modu klandestinoan edaten zen edaria legeztatu egin behar izan zuten.
Arabiatik Europara. 1652an ireki zen lehen kafetegia Londresen, eta hemen ere debekuak burutu ziren kafetegiei dagokionez: kafearen bueltan ideia liberal eta panfletoak sortzen ziren agintarien iritziz. Baina kafea laster zen eguneroko bizitzaren elementu, eta azkar zabaldu zen lurralde guztietan.
Euskal Herrira iritsi zenekoa
Euskal Herrira XIX. mende amaieran etorri zen kafea, pentsa, garai hartako da (1888 urtea) oraindik bizirik dagoen Iruñeako kafetegi ospetsua.
Modernitatearen sinbolo bilakatu zen kafea, eta segituan zabaldu zen aberatsen ohitura herri xehera. Kafesnea egunero hartzea orduantxe bilakatu zen errutina, eta datuak harrigarriak dira oso: 1924. urtean litro erdi esne edaten zen pertsonako Gipuzkoan. Kafea modan jartzea baserritarrentzat mauka izan zen honela, eguneroko behar berri hori, behien ustiapenerako akuilu izan zelako.
Orduko baserriak autarkia zuten: beraiek sorturikoaz bizi zitezkeen. Bai, behar zuten guztia beraiek sortzen zuten: baserriak burujabetza zuen oinarri eta nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ustiatzen zituen, baita burdinola ere zenbaitetan. Belazeetatik, animalien elikagaia eta iratzerako osagaia lortzen ziren: belarra eta lastoa. Bestetik, barazkiak, egoskariak (babarrunak…), fruitu gozoak (sagarrak…), neguko fruituak (gaztainak, intxaurrak…) baratze eta menditik atera eta biltegia betetzen zuten. Eta animaliei esker, urte guztirako jaki zein hestebeteak egin eta zama lanerako laguntza zuten.
Dirurik ez zuten ia gastatzen, eta urteko baserriaren alokairua urtean zehar salduriko ganaduaren bidez lortzen zuten. Baina ba al dakizu zein produktu izan zen baserriko sukaldean kanpotik sartzen lehena?
Bai, kafea. Kafea eta azukrea. Hiriko modernitatearen sinbolo zenak, laster zabaldu ziren mendi puntako baserrietaraino ere.
Kafea gaurdaino
Kafea ez da edari arrunta, eta hori bere historiak erakutsi digu. Honaino iritsi eta honela zabalduta egoteko zerbait berezia duenaren seinale baita.
Kafeak irudimena olioztatzen du, elkarrizketa eta eztabaida bizitu, eta bizitasun horrek sorgintzen du eta bereganatu kontsumitzailea. Kafeak hainbat herritarren egunerokotasunaren parte garrantzitsua betetzen du. Langile lokartuak kafearekin batera hartuko du lehen susperraldia, korrika dabiltzan eta egun betelan duten emakumeek kafearen bueltan aurkituko dute beren eguneroko parentesia, lagunarteko tertuliak kafeak bizkortuko, ikaslearen ikasi beharrak kafeak asebeteko, enpresa arteko negozio garrantzitsuak kafeak sinatuko, giro atsegineko familia bazkari edo afari goxo hura kafeak borobilduko, aldaketa politikoaren mapa hura kafearen zaporearekin diseinatuko edota errepidean egin beharreko bidaia hori kafeak aseguratuko du. Jokin Bildarratz EAJ-ko kideak ere, hala esan zion TOLOSALDEKO ATARIA-ri 2015/12/11ko elkarrizketan: «Norekin hartuko nukeen kafea Senatuan? Hartu nahi duen harekin. Elementu formalez gain, gainera, aukera asko ematen du kafeak». Eta hala da, kafe batek herri baten norabidea erabaki dezake.
Kafera ohitzeak, kafea behar izatera dakar, eta hemen, garrantzitsua da norberak neurria bilatzea, ez baduzu Kaldiren ahuntzak kontatzen ibili nahi gau lokartu ezin horietan.
Kafearen ibilbidea
Jakin badakigu Hego Amerika, Vietnam, Kenya edota Etiopian daudela kafe landare gehienak. Langile ugari dabiltza munduko leku politenetan lanean, beti 21 eta 27 gradu artean. Baina baldintzak ez dira guztientzat berdinak: gehienak enpresa multinazionalen baldintza eskasetan aritzen dira, eta gutxi batzuk aldiz, familiaren lurretatik kafea lortu eta baldintza duinetan kafea modu justuago batean saldu nahian. Toki hauetatik iristen da gure eskualdera ere:
HIZTEGIA
BARISTA
Kafean aditua den profesionala, zeinak nahasketa berriak eta bera osagai duten edari ezberdinak asmatzen dituen, honetarako esne diferente, likore edo esentziak erabiliz. Bestetik, «esne artea» erabiltzen du.
ESNE ARTEA
Kafeetan esnearen laguntzaz marrazkitxoak egitea.