Badatoz Inauteriak 2016!

Maria Bonilla: "Heldutasunera igarotzeko erritu dira inauteriak"

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2016ko urt. 31a, 21:00

‘Gazteen transgresioa igarotze erritu bihurtuta Tolosako iñauterietan’. Inauterietako azken urteetako aldaketek atentzioa emanda, eta tolosar inauterizale porrokatua izaki, Giza Antropologia ikasketetako Gradu Amaierako Lana gai horren inguruan burutu du Maria Bonilla Aguinagak (Tolosa, 1990).

16-24 urte bitarteko gazteek karrozetan parte hartzeko zein erakargarritasun bilatzen duten jakin nahi izan du ikerketa honen bitartez Maria Bonillak. «Esperientzia honek estatus aldaketa bat eskaintzen die gazte tolosarrei», azpimarratu du bere lanean. Egilearen iritziz, beste gazte helduagoekiko imitazio jarrerak bultzatuta hasten dira batxilergo ikasketak burutzen dituzten gazteak inauterietan parte hartzen. Baina besteen bidea jarraitzeaz gain, badira pausoa ematera laguntzen duten beste hainbat faktore: karroza egiteko gai direla erakustea, festaren erdian lagunak biltzeko espazio konkretua izatea edo goizetik gauera plana izatea.

Gainera, prozesu honek igarotze erritu baten faseak betetzen ditu: batetik preliminala, prestaketa fasea deritzona, Ferialekuan eta inauterien aurretik ematen dena. Ondoren, liminala, inauterietako zaldunita egunean, non parte hartzaile guztiak maila berean dauden, plataformetan dantzatzen, jan eta edaten, nolabait ere ohiko gizarte egituratutik at. Azkenik, fase postliminala, berriro ere egunerokotasunera eta gizarte arauturako agregazioa, baina beste estatus batekin, inauterietan konpartsa konkretu batean parte hartu izanak nerabeari ematen dion heldutasun mailarekin.

Beraz, tolosar nerabe eta gazteentzat, konpartsa eta karrozekin parte hartzea igarotze erritu bat dela esan daiteke. «Igarotze erritu hori transgresioarekin lotua dago askotan, ezarritakoaren kontra mugitzen den gazteria identifikatzen duen hausturari», aipatu du Maria Bonillak. Lehiaketan parte hartzen dute, baina ia beti arauen mugan. Transgresioaren adibide garbiena bolumenaren erabilpena litzateke bere ustez, bolumenarekin espazioa okupatzea. «Urte guztian lokaletan egiten dutena erreproduzitzen dute, baina esanahi berri bat emanez», lokal mugikorrak ere badirela esan omen zuten ikerketarako eztabaida taldeetan parte hartu zuten gazteek.

Parte hartzearen motibazioak, bolumenaren gudaren nondik norakoak, arauen geroz eta zehaztapen handiagoak… gai hauen guztien inguruan aritu da Maria Bonilla, inauterietan ematen diren etengabeko aldaketez azken finean, bizia baita inauteria bera ere.

Desordena ordenatua al dira inauteriak?

Bai, bai… dirudiena baino ordena handiagoa dago. Kanpotik kaotikoa edo erokeria dirudi, nahasmen modukoa, baina dena nahiko arautua dago.

Eta zein zentzutan dago arautua, bada?

Aurten karroza bakoitzak bere toki propioa izango du, zozketa bidez erabakiko dena. Honela, sortzen ziren atasko edo tapoiak ekidin nahi dira. Karrozak mugitu ordez, jendeak mugitu beharko du. Beste urteetan karrozak mugitzen baziren ere, aldez aurretik ezarritako ordena bat errespetatu behar zuten. Ikus daitekeen bezala, desordenaren itxuratik haratago, arauak nabarmen agertzen dira. Arauak ere pixkanaka aldatuz eta zehaztapen handiagoa izatera iristen ari dira: karrozen neurriak, bolumena…. Beharrezkoak ote diren? Nire ustez bai, gatazkak sortzen zirelako, eta neurri batean arauek elkarbizitzan lagundu dute.

Tolosarren ‘metamorfosia’ al dira inauteriak?

Posible da. Urte guztiko egunerokotasunetik ateratzeko bidea izan daitezke inauteriak. Egun horietan betiko bizimodutik atera eta burbuila modukoa eratzen dugu, segur aski, egunkaria irakurri eta munduko berriez tolosar gutxi ohartuko da. Festan erabat murgildu eta norberaren ezkutuko aurpegia ateratzen da.

Inauteriek tolosarren izaeraren berri ematen digute?

Izan daiteke. Baina urte guztian zehar serioa dirudienak beste aldea erakutsi dezake.

Zein motibazio du jendeak inauterietan parte hartzeko?

Nahiz eta batzuk oporretara joateko aprobetxatzen dituzten, tolosarrek oso barnean eramaten dituzte inauteriak, asko maite dituzte. Barruan daramagun zerbait da, ez da erraza azaltzen.

Baina zer xarma edo berezitasun dute beste jaiekin alderatuz?

Izugarrizko askatasuna daukazu, mozorrotzeko aukera, kalean burutzen da dena, festa oso parte hartzailea da, denontzat egina… Ezaugarri erakargarriak ditu oso, beste festetatik bereizten dutena eta hor norberak bere lekua bilatzen du.

Baina noiz sortzen da karrozak egiteko grina?

Iaz burutu nuen ikerketaren arabera, batxilergoan dabiltzan nerabeak orduan hasten dira karrozetan lehen aldiz ateratzen. 16tik 18ra bitarteko adinean egin ohi da lagunartean ateratzeko saltoa. Gurasoekin karrozan ibili edo zezenak eta barraketan ibiltzetik, kalera modu autonomoan ateratzeko pausoa ematen da.

Eta zein motibaziok bultzatuta ematen dute saltoa?

Burutu nituen eztabaida taldeetatik abiatuta, ondorioztatu dudana zera da: tolosarren igarotze erritoa dela. Erakustea lagunartean inauterietan modu aktiboan parte hartu dezaketela, karroza bat eta espektakulua egin ditzaketela, edota inauterietako erdigunean beren espazioa dutela. Inauterien barnean ere, kalean espazioa izatea dakar.

Plataforma edo karroza hauen fenomenoa berria al da?

Bai, azken urteotan zabalduriko fenomenoa da, «betiko» karrozetatik haratago doana. Hain modu masiboan ateratzea nahiko berria dela uste dut. Plataformarekin ateratzean belaunaldi berdineko jendea bilatzen da, jende asko izatea interesatzen zaielako. Gazte lokalen funtzioa betetzen dute plataformek, azken finean: lagunartean egon, nahi duten musika jarri eta elkartzeko leku komuna izatea.

16 urte ingururekin igarotze errito hori egiten da. Eta ondoren ba al dago salto gehiago?

Bai, adin horretan gazteago direnekiko desberdintzea burutu nahi da. Ondoren, karrozaren diseinua, tamaina eta espektakuluari garrantzi gehiago ematen hasten dira…

Baina zein da ordena, plataformatik ikuskizunera eta ikuskizunetik karrozara?

Bai eta ez. Batzuetan prozesu hori burutzen da, baina bestetan, ez. Plataformetan parte-hartzea ia denek burutzen dute, eta ondorengoa jada aldakorragoa da. Inauteriak aldakorrak dira, pertsonen tankeran. Batzuk urtero eta bizi guztian jarraituko dute, baina beste batzuek bestelako parte-hartzea burutu dezakete, karrozatik kalera igaroaz.

Interesgarria benetan…

Momentuka doa. Nerabezaroan ia behartuta zaude ateratzera ingurukoek horrela egiten dutelako, inertziaz neurri batean; heldutasunera salto egiteko... Baina hortik aurrera, lana, familia edo bizimoduaren arabera, parte-hartzea moldatu egiten da. Aurten, energiaz lepo karroza egitera iritsi zaitezke, baina datorren urtean, bestelako faktore batzuk eraginda, nahiago duzu mozorrotu eta kalean beste era batera gozatu.

Plataformen kontua goranzko joeran doa?

Bai, baliteke, baina nik uste boom hori egon dela, eta oraingoa asentatze garai bat dela.

Parte hartzea gorantz doa, inauteriak gero eta herrikoiagoak dira?

Ikuspegiaren arabera, inauteriak festa parte hartzaileak beti izan direlako. Karrozen eremua zabalduta, agian bai lortu dutela herrikoiagoak izatea.

Nahiz eta nerabe horrek karroza txiki horiekin estatusa lortu, karroza handiagoek bestelako estatusa izango dute, ezta?

Beraien adinekoen ingurumarian, bai lortu dutela bestelako estatusa: «Guk jada karrozetan parte hartu dugu». Baina karrozen munduan, beheko mailan jokatzen dute. Hala ere, goragokoetara iristeko aukerak dituzte, batzuk helburutzat ere hartzen dute.

Karroza txiki hauek egiteko ere, dirua behar da. Ikusi al duzu, egoera ekonomikoaren araberako mailaketarik? Denek al dute igarotze erritu hori egiteko ahalmena?

Ia denek dute aukera, beren estrategiak bilatuz: ahalik eta merkeen egitea, dekorazio xumea erabiliaz, edo ahalik eta jende kopuru handiena biltzea karroza horren baitan.

Zergatik bilatzen dute diskoteka txiki hori bolumen altuaren bitartez? Bolumen gerra al dago? 

Kalea edo espazioa okupatzeko modua izan daiteke. Gero eta bolumen altuagoa jarriz, beraiena besteena baino gehiago entzutea lor dezakete. Zenbaitetan egoera honek inguruko karroza-plataformak lekuz mugiarazten ditu, guda moduko bat sortuz, bolumen altua duenak ingurukoa ahul uzten duelako.

Eta txarangei eragiten al die guda honek?

Bai, nabarmen gainera. Txarangak zezen plazara doazenean, musika kendu egin behar da. Orokorrean gehienek errespetatzen dute, baina segur aski kexak izango dituzte txarangakoek, batzuetan errespetatzen ez duenik ere badelako.

Fenomeno berri honekin, ez al da handitu alkoholaren presentzia konpartsen baitan?

Bai, baino ez dago hain gaizki ikusia; gustatu edo ez, alkohola gure gizartean festaren parte baita. Gazteek testuinguru horretan edaten dute, eta gurasoek bestelako begiekin ikusten dutela esango nuke, agian, ez horren gaizki.

Bai, baina, duela urte batzuekin alderatuta, ez al da igo alkoholaren kontsumoa karrozen baitan?

Bai, nire ustez orain ikaragarrizko presentzia du. Lehen agian ez zuen orain beste. Orain, alkohola nabarmenago ikusten da karrozen baitan.

Eta puritanoek onartzen al dituzte «taberna mugikor» hauek? Zein ikuspegi dago formatu honen inguruan?

Denetik dago. Batzuentzat inauterien harrobia dira, etorkizuneko inauterien osasunaren bermea. Eta beste batzuentzat aldiz, estetikoki eskasak eta «gazte lokal mugikorren» irudia izango dute. Gainera, enbarazu egiten dietela esango dute, traba egiten dutela espazioan, musika altu izaten dutela… Hemen ere, denetarik dago.

Inauterietan parte-hartzeko ezinbestekoa da mozorrotzea?

Tolosako inauteriak bereziak badira, mozorrotzen den jende kopuruagatik da, batez ere. Badaude mozorrotzen ez direnak ere, baina inauteriak bizitzeko beren modu partikularra aurkituko dute.

Tolosarrak parte hartuz gozatzen dute. Bereizten al da inauterietan barnea/kanpoa? Hau da, karrozetan parte hartu edo kalean aparte, ibiltzea?

Karrozetan edo emanaldietan parte hartzeak beste nolabaiteko protagonismoa ematen dizu, hori ziur. Aktiboki ari zara parte hartzen eta inauteriei indarra ematen. Beste eran «ikusle» papera duzu.

Eta noraino arautu behar dira desfileak eta inauteriak?

Liskarrak eragozteraino. Lehiaketa udalak antolatzen duen zerbait da, instalazioak jartzen ditu, diru laguntzak eta sariak daude… eta honen arabera, arau batzuk behar dira inauteriak ahalik eta ondoen joan daitezen.

Eta konpetentzia al dago?

Bai, inauterietan konpetentzia txiki moduko bat sortu ohi da, ahalik eta karroza edo emanaldi ikusgarriena egite aldera. Hala ere, elkartasun handia dago; aurretik Ferialekuan egoten den giroa oso lagunartekoa da, eta harreman sanoak izaten dira.

Azken urteotan koloretako buzoek txilabak ordezkatu dituzte. Zein iritzi duzu honen inguruan?

Txilaba, orain, berriro gero eta gehiago erabiltzen dela esango nuke. Nerabeek buzoa erabiltzetik geroago txilabara saltoa egiten dute berriro. Beraz, buzoa nerabezaroari bakarrik loturiko jantzi bat dela esan daiteke.

Zer gehituko zenuke…

Tolosako inauteriak oso aldakorrak direla azpimarratuko nuke. Orain karrozen boom-a egon da, eta hemendik aurrera auskalo zer gertatuko den. Nik jada, izugarrizko gogoa dut inauterietarako…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!