Joxean Orbegozo: "Zirujauak zehaztasuna behar duen bezala, nik bihotza"

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2016ko urt. 22a, 11:56

Tolosarra da Joxean Orbegozo Sainz, 1980.eko uzta. Madrilen du bizimodua, agertokien gainean eta zoriontasuna du aldarririk handiena: «Triste egotea hobeki ikusia dago irribarretsu egotea baino, erokeria galanta da hau».

IKUSKIZUNAREN INGURUAN

Ezustekoak maite ditugu, baina arrastoren bat emango al diguzu zure ikuskizunaren inguruan?

Istorio ondradua, barreak, abestiak eta emozio ugari.

Nondik sortu zen ikuskizun hau?

Istorioak kontatzea dut gogokoen, nire ofizioa baita. Nora iritsi nahi nuen garbi neukan hau idazten hasi nintzenean, eta orduantxe, asko irakatsi eta lagundu didan pertsonaia bat agertu zen nire bizitzan. Kasualitateak ez dira kasualitate.

Ikuskizunaren izen horrekin, ‘Grandes éxitos’, hasi aurretik jada arrakastatsua da. Nondik dator?

Hitz jokoa da, eta nire musika zaletasunari keinua, arrakastatsuak izan diren abesti horiekin jolastea du oinarri. Beti gure bertsio hoberena kontatzen saiatzen gara, baina hori, pertzepzio oso pertsonala da. Izan ere, niretzako arrakasta izan dena, beste harentzat pasadizo arrunta izan daiteke.

Zein osagai barnebiltzen ditu?

Maitasuna eta errespetua.

Barre edo negar egingo dugu?

Zirrara sentituko dugu gorputzean barrena.

Zein dira bidaia lagunak ikuskizun honetan?

Lagunak, oroitzapenak, abestiak, pertsonaiak, ikuslegoa, ni, ametsak…

«Espero ez duzun antzezlana da. Giro atsegina transmititzen du eszenatokian, eseri bezain pronto gozatzen hasten zaren horietakoa. Ez da betiko istorioa, zerbait ezberdina baizik…». Sarean irakurri dugun kritika. Zertan da ezberdina ikuskizuna?

Kritikoak oso ondo portatu dira ikuskizunarekin, eta baita ikuslegoa ere. Egia esan, espero ez duten lana izan da, antzerki bakarlaria. Eta honekin batera zuzeneko abestiak daude, umorea dago, eta ikuslearekin harreman zuzena: antzerkia sentitu eta ikusteko beste modu bat da. Ezustekoarekin jolasten dut, jendeak hasieran espero duen hori hausten, eta honela, bestelako bizipen berezi batekin aterako dira.

Erakargarria oso…

Momentu horretarako soilik egindako zerbait izango da, ikuslearekin batera sortuko duguna, eta gero, beraiekin eramango dutena.

Nolatan erabaki zenuen lana utzi eta bizimodu segurua uztea?

Ez zen batere erreza izan, baina prozesua izan zen. Aurreko urtean aldaketarako prestatzen hasi nintzen: non ikasi, non bizi… Baina aldaketa asko erraztu dutenak, bertan topatu ditudan lagun eta lankideak izan dira. Haiek gabe zailagoa izango zen dena, ziurrenik.

Honetatik bizitzeko Madrilera joan beharra dagoela diote.

Bertako eskaintza kristorena da, eta Madrilen bertan aurkitzen dira ekoizle eta antzoki gehienak. Honekin batera konpetentzia gehiago egotea ere esan nahi du, baina pilak jarri eta lanean finagoa izatea ere badakar berarekin. Orokorrean izugarrizko kultur menua dago: liburutegiak, museoak, zineak, sekulako musika jartzen duten taberna xelebreak… eta gero, harremanen aniztasuna dago.

Ikuskizuna amaitu eta jende berria ezagutzean, beraien bizitza konpartitzean, mundu berri asko irekitzen dira. Askotan, gure zilborrera begira egoten gara, eta hortik begirada altxatzean, altxor asko topatzen dira. Ariketa oso interesgarria da hau, oso.

Herri eta hiri ezberdinetan ikuskizunarekin aritu ostean, orain etxean. Besteekiko ezberdina izango da?

Ezinbestean. Prestaketa berezia burutzen ari gara Tolosarako, guretzat oso garrantzitsua izango delako. Egia esan, baina ez dakit zergatik, bestelako gauzak prestatu ditugu. Eta honetarako energia eta ilusio bereziarekin aritu gara.

Nerbioak desberdinak izango dira, edo etxean jokatzen duzu?

Gau bakoitzeko ilusio berezia izan ohi da, eta hemengo energia hori emozioan bilakatuko da, hor egongo baitira lagunak, familiartekoak, herrikideak. Etxean jokatzen dut, baina ilusio hori ondo neurtu beharra dut onerako edo txarrerako.

Familiarteko, lagun eta ezagunak oso metro gutxira izango dituzu.

Noski, beraiek gabe ezinezkoa litzateke ikuskizuna aurrera ateratzea. Nire emazte eta lehengusuekin (Sara, Marta eta Izaskun) osatu dut konpainia, hauen laguntza ezinbestekoa izan delarik. Bestetik, bestelako familia-kide batzuek ere (Edu, Mikel eta Nerea), asko lagundu didate. Gertutasun honek asko laguntzen du.

Non ibili zara ikuskizun honekin?

2014ko azaroan burutu genuen estreinaldia Madrilgo El Montacargas antzokian. Bertan, lau hilabetez egon ginen ikuskizunen sailean. Handik birari ekin genion Toro, Zamora, Barakaldo, Iruñea, Logroño, Santander… eta hainbat hiritan errepikapenak egin genituen. Bira amaitu eta Madrilgo Sala TÚ-n bi hilabete aritu gara. Eta orain Tolosara. Espero dugu Tolosakoarekin beste espazio batzuetako ateak irekitzea.

Zein bizipen izan dituzu?

Momentu onak egongo ziren, baina baita gogorrak ere… Momenturik zailena iltzaturik dut: ikuskizunaren lehen emanaldia baino bi aste lehenagokoa izan zen. Oroitzen ditut garai haietako zalantza eta beldurrak. Eta hau bideratzea oso zaila izan zen, baina horri ere aurre egin genion. Bestetik, hoberenak, ikuskizuna amaitu eta jendearekin biltzean esker ona erakusten dizutenean. Bitxikeriak ere baditut [Barreak], antzoki baten kanpoan esku-orriak banatzen ari nintzela, neska bati eman nion, eta nire antzerkian izan zuen bere lehen zita oraingo bere bikotearekin. Urtebetera beren istorio bitxi hori kontatu zidaten.

Tokitik tokira publikoaren profila aldatzen al da?

Dezente, oinarrizko egitura du ikuskizunak, baina baditu gauzak batzuetan sartu eta besteetan ez ditudanak erabiltzen, publikoaren arabera mugitzen ditudanak. Hori bai, neuk ere sorpresak hartzen ditut. Nire usteak ustel ere bilakatzen dira, izan ere, funtzionatuko ez zutela usten nuen gauzak funtzionatzen dute zenbait tokitan, edo alderantziz.

Tolosa. Bere falta sumatzen duzu?

Bai, are eta gehiago egun hauetan, jasotzen ari naizen animo eta maitasun keinu pilarekin. Sarean sartu eta egunero begiratzen dut Tolosaldeko informazioa Ataria eta beste egunkarietako orrien bitartez.

Zenbat egunez egongo zara?

Tamalez asteburua bakarrik. Beste proiektu batzuetan era ari gara, eta zaila izan dut egun gehiagorako etortzea.

Eta zer egingo duzu egonaldi labur honetan?

Erlaxatu eta energiaz bete, familia eta lagunekin egon eta herrian barrena paseoan ibili.

Zenbatero etortzen zara Tolosara?

Inauterietako igandea egun ukiezina da, nahiz eta geroz eta traba gehiago izaten ditudan. Gero, tarteka bilatzen dut parentesia etortzeko.

 

HAUSNARKETAK

Zoriontsu izan eta zoriontasuna zabaltzea duzu helburu. Hori irakurri dugu zure orrian, baina, nola egiten da hori?

Beharrezkoa da, eguneroko informazio tristeekin inbaditzen baikaituzte. Triste egotea hobeki ikusia dago irribarretsu egotea baino, eta hau, erokeria galanta da. Bien arteko oreka da ezinbestekoa, izan ere, beti zoriontsu egon nahi izatea tranpa ere baita. Triste egonda zoriontsu izanda ikasi ezin ditzakezun gauzak ikasten dira. Hala ere, zoriontasuna iparrorratz hartzea, bizitzari aurre egiteko jarrera da.

Baina zer da zoriontasuna?

Besarkatzea, irribarre hori, begiradatxoa, abestia, esaldia, gauza asko, eta ezeren beharrik ez izatea.

Zer eman dizu zure antzerkiak?

Nire burua ezagutu eta aurrean dudan hura ezagutzeko balio izan dit.

Zertarako balio du antzerkiak?

Ametsak egi bilakatzeko.

Eta gero BEZa gehitzen zaio edozein produktu bailitzan.

Kulturak norbera eta alboan duzuna ezagutzeko balio du, gainera, amets egiteko bide izan daiteke errealitate bilakatzeko helburuz. Honek, pertsona askean bilakatzen zaitu dudarik gabe. Aukera honen aurrean, badago jendea hau eragotzi nahi duena, honetarako makinaria guztia martxan jarriaz. Ez dute gizarte ameslari eta askea nahi. Tristea da, lehen esan bezala, informazio tristea eman nahiago dute.

Agintariekin kafetxoa hartzeko aukera izanda, zer esango zenieke?

Alde egiteko eta ez izateko beldurrik.

Artistak artista izateko ikasi egin behar al du?

Batez ere irekia izan behar du. Ikasteko gogoa izatea etengabe, berak egokien ikusten dituen iturri eta bideetatik, baina inongo biderik gutxietsi gabe.

Guztia izan daiteke ikasgai. Adi! Nik Antonio Vegaren disko batekin gehiago ikasi dut, nerabe garaiko urtebeteko eskola hezkuntzan baino.

Zer esango zenioke musika edo antzerkiaren bidea egin nahi duen gazteari?

Besarkada bat eman eta animo ugari emango nizkioke. Edozein bide egiteko ausardia handia behar da, eta nik, honetarako indarrak emango nizkioke, ausarta izateko.

Baina gurasoek fundamentuzko zerbait eta irteera duen zerbait ikasteko diote.

Hobe irakasle onak bilatzen saiatzea, irteeretan pentsatzea baino. Etorkizuna egunero egiten da. Askotan formetan erratzen gara, baita ni ere, askotan.

Eta honetatik bizi daiteke?

Honetatik bizitzean oso zoriontsu izan zaitezke. Eta posible da, nahiz eta lan asko egin beharra dagoen, denbora asko eskaini behar zaio. Ni ere, kaletik paseoan noanean, pentsatzen noa, probatzen, berrikusten… nire lana da eta nik hautatua.

Nolakoa izan zen salto hori, zure kasuan?

Ausarta izan eta nire buruari entzunez. Eta baita, lagun eta familiari laguntza eskatzen ere. Egia esango dizut: ez da erraza baina merezi du.

Ea egia den artista askok esaten dutena: «Nerbioak dantzan ibiltzen ditut ikuskizun bakoitzaren aurretik».

Sekulako egia! Ez zaizkit topikoak gustatzen, baina arnasa hartzea baino benetakogoa da hau. Ikuskizunaren aurreko bost minutuetan dena borborka izaten dut, ez dut atzera itzultzeko aukerarik, eta hori, lanbidearen parte da. Ni arnasa sakon hartu eta kontzentratzen saiatzen naiz, eta ahal bada, ingurukoren bat besarkatu.

Eta inoiz nerbio horiek sentitzeari utziko bazenio?

Agur! Egingo nukeen horrek jada ez luke baliorik izango, nire burua ez nuke baloratuko, eta ezta, ni ikustera etorri den pertsona hori ere. Bere denbora zu ikusteko baliatuko duenak errespetua merezi du nire ustez.

Eta eszenatokitik jaistean zer egiten duzu?

Indargearen eta izugarrizko pozaren arteko nahasketa da, zerua ukitzera iristen egongo banintz bezala. Nire hoberena eman dudanaren seinale izan ohi da sentsazio hori.

Lanpostu seguruago batek erakarri izan zaitu?

Madrilera joan aurretik hala aritzen nintzen, eta noski, honek ere bere alde on nabarmenak ditu, soldata ziurra izatea hilero kasu. Egunerokoa errepikatzeaz soilik arduratu behar nintzen, eta ez dago gaizki. Madrilen ere, okindegian aritzen nintzen. Oraingo lanpostua aldiz, ez da hain ziurra, baina asko betetzen nau.

«Antzerkia beti krisian dago», diote.

Badakit krisia etortzeak otsoa etortzearen zentzua izan dezakeela. Ados. Baina krisiak aldaketarako aukera garbiak dira, ordurarte funtzionatu duenak jada ez duela balio esaten digutenak. Antzerkigintza beti krisian dagoela esateak zentzu erromantikoa ere badu, baina nik nahiago dut sorkuntza eraginkorrago bezala ikusi.

Hala ere, antzerkigintza artea da eta ez da hala ikusten. Prestigio gabeko zerbait izatea da batzuen helburua. Kubara joan izan naiz, eta hura beste mundu bat da.

Hezkuntzak antzerkigintzara gerturatzen du jendea, errespetu izugarria dago artista munduari. Jendea prest dago sarrera ordaindu eta antzerkian barneratzeko, hitz egiteko etabar. Eta horretarako ere, prest egon beharko genuke.

«Ez dago egia baino gauza iraultzailegorik», diozu.

Bai, duela denbora bat entzun nuen, eta benetan eragin zidan. Errespetu gabeko garaian bizi gara, beldurra, mina, ilusio eza… eta honen inguruan zaila da egia aurkitzea. Orain egin dezakezun gauzarik hoberena zure buruarekin leiala izatea da, eta honela, zure ingurunearekin ere hala izango zara.

Nola egiten da hau?

Oso zaila da, eta niri ere zail egiten zait. Baina momentu eta une zailetan nire inguruneari entzuten saiatzen naiz, ezinezkoa dena da eserita geratu eta besteek eramaten uztea.

Pasioa borborka duzu…

Bihotza da nire iparrorratza, nahiz eta honek ere bere arriskuak dituen, baina bestela, nire lanak zaborra balioko luke. Zirujauak zehaztasuna izan behar duen bezala, nik bihotza izan behar dut.

Gozatu Tolosako ikuskizunaz! Eta zorte on!

Mila esker zuei, bihar arratsaldeko zortzietan elkar ikusiko dugu. Emozio handikoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!