Carmen Ferro: "Amatasuna asko aldatu da, baina batez ere, aitatasunaren eredua eta praktika"

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2016ko urt. 10a, 12:00

Amatasuna eta aitatasuna oso gertuko ditu Carmen Ferro Montiuk (Bartzelona, 1958). Zortzi anai-arrebetako parte, lau seme-alaben ama. Emagin ikasketekin barneratu zen Villabonako anbulategian 80. hamarkadan.

Ordutik, ehunka gurasoen ezinbesteko laguntzaile eta babes bilakatu da. Denbora librean, ikastaroak ematen dizkie bikoteei Tolosako lokal batean, eta 24 orduz sakelako telefonoa pizturik du urduri dauden etorkizuneko gurasoak lasaitu eta sorosteko. Eta hala ere, bere bizitzaren oinarri izan den gaiaren inguruan hitz egitean, ilusiozko dir-dir berezia darie bere begiei. Tolosaldeko gurasoen gurua da Carmen.

BIKOTEENTZAKO IKASTAROAK


Zertan oinarritzen dira Tolosako ikastaroak? Zeintzu dira helburuak?

Guraso izateko prestakuntza bat dela esan daiteke, bikotean burutzen dena. 3-5 bikote artean egoten gara, bi orduko 12 saioetan. Helburu garrantzitsuena etortzen direnen beharrak asetzea da, bila etorri diren hori, bueltan eramatea. Lau zutabe ditu ikastaroak: lehenik, informazioa lantzen dugu, bigarrenik gorputz lanketa, arnasketa, ariketak... Hirugarren zutabean, beldurrak lantzen ditugu, hauek deseraiki eta hobeto ezagutzeko. Azkenik, nahiz eta azken postuan egon, garrantzitsua dena, bikotea lantzea da. Zerbait indibiduala izatea baino, talde sentimendua eratzea bikotearengan.

Ardura eta maitasuna elkarbanatzea da helburua?

Gizonezkoa prozesu honetan gehiago barneratzea lortzen da. Gizona ere, erditzearen parte bilakatuz. Gizona % 50era gerturatzea da garrantzitsuena. Haurdunaldi, erditze eta haserako harremanean gizonezkoek ez duzue % 50eko partea, nahiz eta aurrerago, hori lortuko duzuen, eta hainbat kasutan baita gailendu ere. Hala ere, haserako fase horretan ez duzue erdi banako lotura hori.

Mutil asko ikastaroan hasten dira kontziente izaten aita izango direla. Imajinatu! Neskarentzat zerbait abstraktua da haur bat barnean duela pentsatzea, gorputzean aldaketak sentitzen baditu ere. Bada, pentsatu mutila noiz hasten den ideia egiten. Zenbait kasutan erditze arte ez da bere egoeraren jabe egiten.

Geroz eta gehiago jakin, gehiago interesatzen eta arduratzen gara gauzei buruz. Mutilei hori gertatzen zaie…


Ikastaroetara neskek animatuta joaten dira mutilak?

Ez beti, eta datu hau pozgarria da. Neskak guraso izateko prestatuago daude. Ez soilik haurdunaldia bizi dutelako, baizik eta txikitatik hartarako prestatzen dituelako kulturak. Neskek gertuago bizi dute guraso izatearena, elkarrizketa edo gaia gertuago jartzen zaielako bizitza guztian zehar, eta mutilak aldiz aparteago utzi izan dira. Ikastaro hauekin, mutila ere barneratu egiten dugu.

Obligaziozkoa al da mutilak ikastaroetara joatea?

Zer dira obligazioak? Gu saiatzen gara bikotearena izatea. Mutil batek ezin badu ikastaro batera etorri, saiatzen gara ordutegia edo eguna moldatzen. Nire ikuspegitik hemen dago gakoa, bien artean egiteko prozesua da.

Urak hautsi eta 180 km orduko abiaduran joan da bikotea autoz ospitalera. Baina etxera bidali dituzte, arinegi joan direlako eta prozesua oraindik luze joango delako. Ez al dago informazio gutxiegi?

Ikastaroek erditzearen esperientzia beste modu batera bizitzen laguntzen dute, informazioa gehiagorekin patxada handiagoarekin jokatzeko aukera. Mutilak egoera ezagutu eta momentua kontrolatzea garrantzitsua da, bikoteak bizitako esperientzia positiboagoa izateko aukerak dituelako.

Kalean ere guraso izateko eredu aniztasuna topa dezakegu: ama/ama, aita/aita, guraso bakarra… zure ikastaroetan ere islatzen al da aniztasun hau?

Bai, noski. Gizarteko ispilu baitira ikastaroak ere. Neska bikoteak etorri izan dira, haur bat adoptatu duten mutilei gomendioak eta laguntza eman dizkiet… Maitasuna eskainiz gero, eredu guztiak dira onak. Aniztasun hau oso aberasgarria da.


AMATASUNA ETA AITATASUNA


Aitatasuna eta amatasunaren aldaketa bizi izan dituzu hamarkada luze hauetan…

Duela hamarkada batzuk, aitek erditzean zuten papera zera zen: itxaron gelan zigarroak erretzea. Izugarrizko behe-lainoa egoten zen bertan. Ostera, erizainak ematen zion berria, eta, ospatzera!

Amek ere beste modu batean bizi zuten: erditu ostean haurra ohean sartuz gero, ia konfesatzea joan behar zuten. Gaur egun, osasungintza bertatik bultzatzen da. Izugarrizko aldaketak eman dira.

Duela 30 urte ezinezkoa izango zen aita bat honelako ikastaro batera joatea…

Pentsa! Emakumeak ere, orduantxe hasi ziren honelako ikastaroetara etortzen. Aitatasunak beste zentzu bat zuen, orduan aita izatea dirua etxera eraman eta autoritatea ezartzea zen. Horiek ziren balore tradizionalak.

Eta zertan hobetu daiteke egoera?

Garrantzitsuena, egoera hau normalizatzea da. Oraindik badaude mutil gazteak ikastaroetara etortzeagatik lotsatzen direnak, lagunartean duten presioagatik. «Baina zer egiten duzu hor? Arnasa hartzen ikasi?», jendearen ezjakintasunak mina egin dezake. Bestetik gauza askotan hobetu daiteke, noski. Norvegian adibidez, hiru hilabeteko aitatasun baimenak jarri dituzte, eta hemen, hiru aste jarri berriak ditugu. Hemen asko dago hobetzeko.



EDOSKITZEA EDO TITIA EMATEA


Espainian oporretan izan eta lagunak haurrari titia ematean espazio publikoan, jendea marmarrean aritu edo begiradekin arbuiatzen zuten. Hemen, aldiz, jendeak irribarre goxo batekin animatzen zaitu. Nolatan halako ezberdintasun kulturala hain kilometro gutxitan?

Gure amonek, ia guztiek, edoskitzea burutu dute, eta hori zen arruntena. Ostera, industrializazio garaiarekin batera, biberoia jarri zen modan. Enpresa komertzialek kanpaina bortitzak egin zituzten, chic bilakatu zen… orain naturala modan dagoen bezala, orduan artifiziala zegoen. Jende ospetsu eta boteretsuak ere, klase altuek, ez zuen edoskitzen eta biberoia erabiltzen zuten. Hori jarri zen eredu bezala. Gaur egun, ikasketa eta maila kulturalari esker, titia ematera igaro gara. Eta, ez dute lortuko berriro jendea engainatzea.

Eta Tolosaldean zehazki, zein egoeratan aurkitzen gara?

Titia gehien ematen den toki bat izango da segur aski. Bataz bestekotik oso gora aurkitzen gara eskualdean.

Zure lanak eragina izango du horretan? Non dago arrakastaren gakoa?

Pediatrak etorri izan dira gure dinamikak ezagutzera. Mutilen babes eta laguntzak asko laguntzen dute honetan ere. Inguruaren animoak ezinbestekoa dira oztopoak gainditzeko.

Haurren hortzeria garatu ahala, jada ez da hain aparta titia ematea…

Hortzak ez dira arazoa… adinaren presioa egon ohi da: «Biziatzen ari zara, oso handia da, gaizki hezten ari zara…» bezalako iruzkinak oso ohikoak dira. Hiru urte arte esnekiak ezinbestekoak dira, eta amarena bada, hobe. Umearentzat hori da hoberena, hau da, berak erabaki arte edoskitzea. Ez dute kanpokoek erabaki behar haurrek noiz utzi behar dion titia hartzeari. Kritikan aritzen direnen arazoa da, gizarteak ezarri dietelako haurrarentzat noiz arte den ona titia hartzea; izan ere, gai kulturala da.

Noiz arte?

Osasunaren Mundu Erakundeak sei hilabeteraino titiaren esklusibotasuna gomendatzen du. Hortik aurrera elikagaiak sartzea komeni da haurraren probatzeko grinaren arabera. Honenbestez, noiz arte? Biek nahi duten arte.

'Edoskitze taldea' ere biltzen da hilero Villabonan. Zein helburu du?

Galdu dugun titia ematearen kultura berreskuratzea du helburu. Ingurune zehatzetan bakardadea sentitu dezakegu edoskitzearen gai honekin. Taldean elkartuta, elkarren artean kezka eta zalantzei irtenbidea aurkitu eta uxatzen saiatzen gara.

Hala ere, amarentzat dependentzia bilakatzen da…

Bai, hori hala da. Gaixo, triste… bazaude, egin beharra duzu. Ospakizun bat izanda ere, ardura hori duzu. Hala ere, oso sentsazio betegarria da maila pertsonalean, lortzen den harreman berezi horrengatik. Guraso izanda, haurrarekin lortzen duzun harreman horrek «jainkotu» egiten zaitu, maila gorenera eraman. Honekin ez dut esan nahi pertsona bezala gauzatuta sentitzeko haurrak izan behar direnik, ezta gutxiago ere, bestelako bideak badaudelako pertsona bezala mamitzeko. Baina ildo honetatik, haurrak izatea bide bat da. Guraso izanda, bizitzako egunik hoberenak etorriko dira, baita, gogorrenak ere agian. Baina oso polita da…

Lehen medikuntzak, zientziak, biberoia hoberena zela zioen.

Biberoiaren kultura egotean, ikasketak horretan oinarritu dira. Honetarako prestatuak izan dira sendagileak. Hala ere, aldaketak ere etorri dira, eta hau zabaltzeko aukera ere eskaini du medikuntzak.

HAUSNARKETAK

Gu hiru urterekin hasi ginen eskolan, orain lau hilabeterekin haurra haurtzaindegira bidaltzen duen gizartean bizi gara. Ez da atzerapausoa?

Sistema honek asko du hobetzeko. Finlandian bi urteko amatasun bajak daude. Beste herri batzuetan, zaintza konpartitua burutzen dute: amek, txandaka, elkarren haurrak zaintzea etxean, eta Eusko Jaurlaritza ere hasi da hemen eredu hau bultzatzen. Gurasoengan behintzat ez dira errudun-konplexurik sortu behar, beraiek ahal dutena egiten baitute.

Ekonomia eta lana oso gaizki daude, eta zaila izango da egoera hau aldatzea. Hala ere, inbertsio bat dela uste dut, haurtzaroko lehen urteak oso garrantzitsuak baitira haurraren garapen eta orekarako.

Amatasuna/aitatasuna barnean eraman edo landu egiten da?

Biak nire ustez. Senaren kontua saldu zaigu orain arte, baina guraso izatea landu egiten da. Haurtzaroko esperientziak eragingo du gurasotasunean adibidez, jokatzeko moduan. Eta kultura edo gizarteak ere asko eragiten du: panpinekin, jolasekin, «bete beharreko» rolarekin…

Sehaskan edo gurasoen ohean lo egitea; bi teoria oso desberdin…

Nik ez dakidanean, edo zalantzak ditudanean, naturari erreparatzen diot beti. Eta han ez daude sehaskak. Titia da bururdia, eta elkarri itsatsita lo egiten dute animaliek. Sehaska horren imitazioa da, eta bertan gustura badaude haurrak, ederki. Gauzak probatu egin behar dira, guretzako ere erosoagoa delako haurrak gurekin ohean lo ez egitea. Baina amaren alboan lo egitea oso naturala da, eta aukera onartu egin behar da. Haur askorentzat sehaskak iltze modukoak ditu, haur bakoitza ere mundu bat delako. Norberaren esperientziatik abiatu, eta bihotzari jarraituz jokatzea gomendatzen dut.

«Alboko gelan negar egiten utzi, eta lo egiten ikasten dute», diote batzuek.

Ufa! Hori oso gogorra da niretzat. Lehen esaten zen haurrari negar egiten utzi behar zitzaiola, ez zela gaizki ohitu behar; ona zela hori. Baina esperientziatik ikasi dut hori ez dela ona. Gurasoek beren buruari jarraitu behar diote, izan ere, teoriak nahiz eta oso berri, moderno edo zientifiko izan, zuen bihotzaren iragazkia igarotzen ez badute, ez jarraitu. Inongo teoria ez segi, ez baduzue konbentzituta egiten. Urteak igaro ostean, damutu egin zaitezke eta. Bata txuri eta internet baino, naturak gehiago daki; hobe berari jarraitzea.

Belaunaldien arteko tentsioa ere badago.

Bai, bai… ama eta amaginarreba askok esaten didate: «Dena aldatu da!». Eta, bai, nik kontsultetara beraiek etortzera ere gonbidatzen ditut, etxeko eztabaidak ekiditeko. Alabak babes hori eskertuko du erabakiak hartzeko orduan. Haientzako soluzio izan zirenak, gaur egun ez dira hala agian.

Gaur egun informazio iturri ezberdinak daude: teoriak, norberaren ikuspegia, beste esperientziak… eta hautatzeko aukera gehiago dago.

Bai, hala da. Eta norberak sentitzen duena egitea da hoberena.

Zesarea izan behar dutela eta, jendea tristatu egiten da. Epiduralik erabili gabeko erditze «naturala» bilatzen da?

Zesareak beharrezkoak dira. Nik ere, lau zesarea ez hain polit izan ditut, baina lau seme-alaba zoragarri ditut; eskertuta nago zesareari. Erditze naturalak modan daude biologikoa, ekologikoa… modan dagoelako, eta agian, bai badagoela «idealizazio» bat. Dena ondo joanez gero, bikain; baina, bestelako laguntzak ere ez dira baztertu behar. «Ideal» hori ez badugu lortzen, lasai!, badaude beste modu batera konpentsatzeko bideak ere.

Etxeetako erditzeak ere egoten dira etxeetan. Tolosaldean ere bai?

Bai, noski. Badaude emagin batzuk honetan lan egiten dutenak. Ni ez naiz aritzen, ezin dudalako horretarako konprometitu. Azken finean, familia dut, bidaiatzea gustatzen zait… 24 orduko horretarako prest dagoen jendeak aritu behar du horretan. Hala ere, zenbaitetan etxeetako jaiotzetan egoteko zortea izan ohi dugu nire senarra, Juanra (Izagirre, ginekologoa), eta biok. Eta zin egiten dizut, momentu horretan, bertan egotea zoragarria dela. Izan ere, bizitza honetako mirari handi bateko testigu izaten gara, momentu oso berezia, eta bizi guztirako izan ohi da guraso horiekin sortzen den harremana.

Aukera hau hobea al da?

Hobea baino, ilusioa egiten du. Intimitatea, pribatutasuna, maitasuna, sexualitatea… eskaintzen ditu. Ospitalean hau zailagoa da, ez dagoelako honetarako aukera handirik.

Eta etxean haurra izatea Estatuak ordainduta egon beharko luke?

Hori, bai! Ingalaterran honetarako aukera dago, Estatuak ordaintzen duelarik. Azken finean, ospitaleak goxotasun gabeko lekuak dira. Eta etxeak, momentu garrantzitsu honetarako babesa eskaini dezake.

Munduan zehar erditzeko modu ezberdinak egongo dira…

Bai, bai. Indonesian, Afrikan… emaginen laguntzaz etxeetan izaten dituzte haurrak. Bestelako postura batzuetan ere izatea ohikoa da: eskuekin soka batzuez eutsirik, lau hanketan, makurtuta…

Eta hemengo eredua hobetu al daiteke?

Bai. Jendearen erosotasuna bilatu behar da. Ospitaleak gizatiartu beharra daude. Hasteko, gela guztietan beharko lukete uzkurduretarako bainuontziak. Bestetik, gertutasuna eta goxotasuna landu beharko lirateke toki hauetan.

Zerbait gehituko zenioke elkarrizketari?

Asko inplikatzen diren gurasoen haur jaio berriei zera esan ohi diet: «zer nolako zortea izan duzun bizitzan!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!