«Administrazioak sartu beharko luke eskua hemengoa kontsumitzeko lana eginez»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2015eko abenduaren 30a

Xabier Zubeldiak, Asteasuko Ondartza-bitarteko baserriko negozioa aurrera darama aita eta anai-arrebekin batera

Zaila da zure adineko jendea baserrian topatzea…
Betidanik aritu naiz aitari laguntzen, eta lanean serio hasteko garaia iritsi zitzaigunean, etxean geratzea erabaki nuen lanean. Izan nituen nire zalantzak eta loturarekiko beldurrak, baina tailer batean ez nuen nire burua ikusten. Baserrian gaude baino ez zerotik hasita, baizik eta bide bat segitzen.

Kuoten libratzetik denbora igarota, nola dago esnegintzako panorama?
Guk ere ez dakigu ziur nola eragingo digun, baina produkziorako aukera handiagoak dituztenak izango dira araudi hau aprobetxatuko dutenak, eta Euskal Herriko lurralde izaeragatik guk zaila daukagu.

Zein estrategia duzue egoera berri honetan? Nondik hobetu daiteke?
Guk gurean segi behar dugu, lanak ondo egiten eta kalitatezko esnea produzitzen. Gure egoera hobetzeko bidean, administrazioak sartu beharko luke eskua, kanpotik datorrena neurtuz edo hemengoa kontsumitzeko lana eginez.

Kaikuk KM 0 dio bere publizitatean. Baina hemendik esnea hartu, Urnietara Kaikura eraman, handik bestelako banatzaileetara, eta azkenik, Asteasuko dendara. Ez al dago beste biderik?
Kaikuren esnea da gertukoena, hortik publizitatearen mezua. Merkatuan dagoen beste esne gehiena, kanpokoa da, hemendik milaka kilometrotara dauden behiena.

Energiarekin ikusten zaizu. Esperantzarekin bizi duzu?
Instalakuntza aldetik eta, nahiko prestatuta gaude, inbertsio handienak eginda. Lotura eta gorabeherak direla eta, izaten ditut bolada txarragoak, baina gustatzen zaigun ofizioa da. Esaerak dioen bezala 'gustuko lekuan aldaparik ez', edo aldapa xamurragoak behintzat. Honetan hasi nahi duenarentzat ezinezkoa da, baina guk lehenagoko lanari ematen diogu jarraipena, aita eta hiru anai-arrebak aritzen baikara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!