Azaroaren 23an jantzi nuen txapa. Egun horretan bertan hasi zen Eskuz Binakako Txapelketa Nagusia. Euskaraldia eta pilota (hein batean behintzat) joan daitezke noranzko berean, baina horiek beste kontu batzuk dira; ez bainaiz ariko Arretxetarren eta Retegitarren hizkuntza ohiturez, pilota partidetako narratzaileen erdarakadez edo pilotari erdaldunek euskaraz aritzeko egindako esfortzuez. Ezta hizkuntzarekin zerikusirik ez badu ere, aurreko igandean Bizkaia pilotalekuan enpresa bereko bikoteak aldageletan bereizteko hartutako erabakiari buruz. Ez gara lokatzetan sartuko.
Kontuak kontu, Amezketan genuen lehen hitzordua. Hantxe etorri zitzaidan agurtzera Jokin, aspaldiko laguna, Ahobizi txapa jertsean zeramala. Gero, bera aritu zen bizi, partida ederra jokatuz eta lehen puntua lortuz. Lehen puntua ere astelehenean eskuratu zuten Artolak eta Mariezkurrenak. Inkognita moduan izendatu genuen konbinaketa hau, baina bikaina izan zen egin zuten lana, erakustaldi ederra.
Bigarren asteburuan, are zailagoak ziren bikote hauen partidak. Baina, bai Altunak gaur zortzi, baita Artolak igandean ere, sasoi betean daudela erakutsi zuten. Bitik bina puntu bientzat. Zorionak! Baita euren bikoteei ere. Gutxik espero zuten alegiarra lehen postuan; ni behintzat pozten naiz. Amezketarrarena ez da nobedade handia ere. Apustu egingo dut, bien arteko finalaren alde. Ea bada lau hilabeteetan pilotak orain artean bezain bizi mugitzeko aukera izaten duten biek, baina benetan diot, aurkariak prest egon daitezela.